Harritxu Getek jasoko dau 6. Gladys Saria
2026-09-16 12:12 KultureaIrailaren 24an hartuko dau Donostiako Santa Teresa komentuan, 18:00etan.
Epaimahaiak aurreratu dauenez, Harritxu Getek, Vicomtech zentro teknologikoko ikertzaile eta ahots eta hizkuntza teknologietan dabilenak, Gladys Sariaren helburuakaz konpromiso sendoa erakutsi dau bere ibilbide profesionalean. Haren lana oinarrizkoa izan da gaur egunean euskerarako erabilten diran itzultzaile neuronalen garapenean, eta genero-ikuspegia txertatu dau egindako lanean.
Epaimahaiak, Harritxuk teknologia arlora bardintasuna ekarteko eta euskerearen presentzia digitala indartzeko egindako lana nabarmendu ditu, izan be, azken urteetan ahalegin berezia egin dau neska gazteentzat inspirazino-iturri izateko, komunikabideetan zein jardunaldi askotan dibulgazino lanetan. Horrezaz gan, etorkizunerako proiekzinoa be nabarmendu da; alde batetik, hainbat proiektutan lidergoa hartzen hasia dala eta bere lana aplikatua izanik gizartean inpaktu zuzena izango dauela eta, bestetik, dibulgazinoagaz erakutsitako inplikazinoak bere lanaren zabalkundea zein gazteentzako erreferentzia izatea bermatzen dituala.
Harritxu Gete Ugarte (Donostia, 1991).
Matematikan graduatua da (EHU) eta Hizkuntzearen Azterketa eta Prozesamenduko masterra egin ondoren (espediente onenaren saria lortuz), Hizkuntzearen Azterketea eta Prozesamenduko doktorego-tesia defendidu eban 2025ean Cum Laude aitamenagaz.
Ugarteren ibilbide profesional osoa Vicomtech Fundazinoari lotuta egon da. Bertan praktiketan hasi, ikerlari laguntzaile moduan jarraitu eta, gaur egun, ikerlari dabil itzulpen automatikoaren zein hizkuntza-eredu handien (LLM) eremuan. Hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu du, tartean TANDO proiektuaren lider tekniko bezela.
Geteren lanaren ardatz nagusietako bat euskerearen eta hizkuntza gitxituen garapen digitala sustatzea izan da. Eusko Jaurlaritzako Itzuli eta Vicomtech-en Batua itzultzaile automatikoen garapen eta entrenamenduan parte hartu dau; egunero 300.000 itzulpen-eskaera baino gehiago erantzuten dituan tresna estrategikoak, hain zuzen be. Horregaz batera, teknologiaren erabilera etikoa eta inklusiboa landu ditu bere ikerketetan, itzulpen automatikoko genero-alborapenak aztertuz eta nazinoarteko biltzar zientifiko zein aldizkari nagusietan zabalduz.
Epaimahaiak nabarmendu dauenez, gizarte-sensibilizazinoan eta genero-bardintasunean konpromiso luzekoa da Gete. Inspira STEAM programako mentorea da, Emakumeak Zientzian ekimenean boluntario ibilten da eta hainbat hitzaldi zein mahai-ingurutan parte hartu dau emakumeen eta neska gazteen artean erreferenteak sortzeko asmoz.
Bideopodcast barriaren aurkezpena
Aurtengo sari-banaketa ekitaldian nobedadeak be iragarri ditue, izan be, bideopodcast barri bat aurkeztuko da, EITBk, Puntueusek, eta EHUko Informatika Fakultadeak lankidetzan sustatutakoa. Saio barri honek emakumeek ingurune digitalean eta teknologiaren arloan daben oinarrizko zeregina erakutsiko dau, protagonisten ahotsean. Protagonistak, teknologiaren arloko profesional moduan bakarrik ez, persona interesgarri eta poliedriko lez aurkeztuko ditu.
Gladys Saria
PUNTUEUS Fundazinoak eta EHUko Informatika Fakultadeak sustatzen daben ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesari esker egiten da eta lagun ditu Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazinoa, EITB eta EHUko bardintasun-zuzendaritzea.
Gladys Sariak ingurune digitalean dabizen emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten daben lana jentarteratzea dabe helburu, Gladys del Estal informatikaria gogoratzeagaz batera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
