Chillida Lekuk 'Kokoro no michi. El sueño de Inari Küko' erakusketea hartuko dau
2026-09-16 10:49 KultureaEspainiaren eta Japoniaren arteko proiektu artistikoa.
Chillida Lekuk irailaren 18tik 28ra erakusketa-proiektua hartuko du, Carla Cañellasek eta Eugenio Tardónek zuzendutako Kotodama, el camino del espejo filmaren estreinaldia dala eta. Filma irailaren 20an, domekan, estreinauko da Donostia Zinemaldiaren 74. edizinoan.
Marrazki, argazki, bideo, animazino eta japoniar kaligrafiaren bidez, Kokoro no michik Espainiaren eta Japoniaren arteko alkarrizketa berezia ezartzen dau, herrialde bietako erromesbide nagusietatik abiatuta: Donejakue Bidea eta Shikoku Henro.
Susana Sanz Giménezek komisariauta eta Japoniak Espainian dauen Enbaxadearen, Japoniako Fundazinoaren, Xacobeo 2027ren, Galiziako Xuntaren eta Lumixen babesari esker, erakusketeak ibilteari buruzko gogoetea proponiduten dau, ezagutza, meditazino eta barruaren bilaketa modu bezela.
Ibilbideak Inari Küko filmeko protagonistearen bidaian doa. Bide biak zeharkatzen ditu berbearen esangurearenahiaren, jatorriaren eta espirituaren bila. Bidean, bere esperientziaren eta ikaskuntzearen parte bihurtzen diran erromesak, monjeak, artisauak eta kaligrafoak topetan ditu. Hasieran, Carla Cañellas eta Eugenio Tardón artista eta zuzendariek euren praktika artistikoari beste modu batean heltzeko sortutako alter ego lez pentsau baeben be, Inarik pixkanaka nortasun propioa hartzen dau bidaian zehar izandako topaketa, esperientzia eta ikaskuntzen bidez.
Bidea da, beraz, erakusketearen ardatza, ez bakarrik irudikatutako gai bezela, baita sormen-prozesuaren beraren jatorri bezela be. Ibilteak behatzea, ikastea, errepetidutea eta huts egitea dakar: Asiako zenbait tradizino artistiko eta pentsamendu-tradizinogaz lotzen da ezagutza-modu bat. Testuinguru horretan, shodō edo japoniar kaligrafiaren ikaskuntzak leku nagusia hartzen dau. Tintea prestetea, pintzela erabiltea, arnasa hartzea eta trazua egitea prozesu beraren parte dira, eta bertan pentsamenduak eta ekintzak bat egiten dabe. Holan, akatsa eta ezustekoa sorkuntzan txertatu eta ez dira obreari arrotz jakozan elementutzat hartzen. Erakusketako obrak bizipenen, gomuten, keinuen eta akatsen palinpsesto moduan eregiten dira; esperientzia berri bakotxa aurrekoen gainean metatzen da, baina hareek erabat ezabatu barik, azaldu dau Susana Sanz Giménezek.
Prozesu artistikoa ulertzeko modu hori erakusketako hainbat piezatan agiri da. Cristales sailean, Donejakue Bideko eta Shikoku Henroko irudiak bata bestearen gainean jarten dira, paisaje bat bestetik bereiztea sano gatxa dn lurralde hibrido bat osotu arte. Holan, Galiziak eta Japoniak hirugarren espazio bat sortzen dabe: Inariren ametsa.
Planteamendu hori Eduardo Chillidaren obran be agiri da, zehatz Grabitazioak sailean. Bertan, materiaren sedimentuek aurretik izan danaren aztarnakaz dabiz. Papela euskarri neutro izateari itxi eta metaketa-lurralde bihurtzen da, denporearen eta egitearen arrastoak gordeten dituan espazio bat. Barriak ez dau aurrekoa erabat ezabatzen, gorde eta indar barriz ikusgarri bihurtzen dau. Obrea ez da bidearen emoitzea bakarrik: materia bihurtutako bidea bera da: Kokoro no michi. Inari Kükoren Amesa artearen eta zinemearen, Espainiaren eta Japoniaren, tradizinoaren eta sorkuntza garaikidearen arteko topaketea proponiduten dau, konpartidutako esperientzia batetik abiatuta: bidea, lekualdatze bezela ez eze, ezagutza-modu bezela be ulertuta.
Erakusketeagaz batera landutako programearen barruan, Chillida Lekuk hainbat bisita gidatu eskainiko ditu Kokoro no michi. Inari Kükoren ametsa erakusketara, Carla Cañellas eta Eugenio Tardón artistakaz eta Susana Sanz Giménez komisarioagaz. Holan, publikoak erakusketearen kontzeptuan sakondu, bertako piezak gertutik ezagutu eta sormen-prozesura hurbiltzeko aukerea izango dau.
Bisita gidatuak 12:00etan egingo dira irailaren 18tik irailaren 21era; domekan, irailaren 20an, barriz, 16:00etatik aurrera izango da bisitea. Ibilbideetan erakusketearen eta Kotodama, ispiluaren bidea filmaren arteko hartu-emonak be landuko dira, baita proiektu biak bidaia beretik eta Donejakue Bidean eta Shikoku Henron sortutako topaketa eta ikaskuntzetatik zelan eregiten diran be ikusiko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
