Sormenaldia 2026

Bizkaie! 2026-06-02 09:24   Kulturea

Lekeition eta Markina-Xemeinen euskal kulturearen adierazpideak protagonista.

Lekeition, bagilaren 24tik 28ra eta Markina-Xemeinen, garagarrilaren 1etik 3ra.

Lau urtez Lekeition egindako euskal kulturearen emonaldien zikloa, aurten Sormenaldia bilakatu da eta Markina-Xemein batu da ekimenera.

Herri bi, aste bi, olatu bera: Lekeition bagilaren 24tik 26ra eta Markina-Xemeinen garagarrilaren 1etik 3ra, musikea, literaturea, bertsolaritzea, zinea eta performance bereziak buztartuz, programazino anitza eskainiko da.

Markina-Xemeinen hiru eguneko programazio propioa izango da Ipar haizea/Zuberoa ardatz, Mixel Etxekopar eta Maddi Oihenart lako proposamenakaz.

Loraldia Plaza lerroaren apustua: sorkuntza garaikidea arnasguneetan errotu, transmisinoa eta komunidadea indartu, eta olatu barri bat kultur eremuan suspertu.

Sormenaldia 2026

Loraldia Plazaren barruan kokatutako proposamena da eta aurten salto kualitatiboa emongo dau: Lekeition errotutako ibilbideari Markina-Xemein gehituta, herri bietan sei eguneko kultur-programazino ederra eskainiko da.

Lekeitio

Bagilaren 24an, 20:00etan, Ikusgarri Zineman, ekingo jako programazinoari Hezur berriak ikusizunagaz. Ez dira gitxi izan bertsoa beste sormen diziplina batzuekaz buztartzeko egin izan diran saiakerak. Azken urteetan, ugaritu egin dira zenbait bertsolari eta idazlek gidatutako bertso-saio literarioak; Uxue Alberdiren Dendaostekoak liburuan ardaztutakoa edo Miren Amurizaren Pleibak-en ingurukoa.

Saio honetan Ane Labakaren lehen poema liburuaren testu hautatuen irakurketa musikatuak eta bat-bateko bertsoaldiak tartekatuko dira. Hezur berriak poema liburua umealdian zehar eta umea izan ondorengo lehen hilebeteetan idatzitako testu txatalakaz osotuta dago eta amatasunaren ertz, anbibalentzia, karga eta esanezinak jorratuko ditue. Bertso saio literario hau aukera aparta izango da ama diran bertsolariakaz batera hori dana oholtzaratzen saiatzeko.

Esan bezela, poemak Ane Labakak idatzi ditu, musikea Ines Osinagak jarriko dau eta bertso inprobisatuak ontzen bertsolari bi: Uxue Alberdi eta Onintza Enbeita.

Erosi sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu