Gaur, hilak 2, hasiko dira Unibersidadera Sartzeko Probearen azterketak EHUn

Bizkaie! 2026-06-02 07:42   Kulturea

Batxilergoko eta LHko 13.066 ikaslek egingo ditue azterketak.

Batxilergoko 12.114 ikaslek eta Lanbide Heziketako goi mailako heziketa ziklo bat egin daben beste 952k hasiko ditue martitzenean Unibersidadera Sartzeko Probako (USaP) azterketak Euskal Herriko Unibersidadean. Kontuak kontu, 13.066 persona horreei aurreko ikasturteetako 522 ikasle gehitu behar jakez, notea igoteko irakasgai espezifikoetara aurkezten diranak.

USaP hiru egunetan zehar egingo da, eguenera arte, hilaren 4ra arte, hiru campusetan banatutako 41 epaimahaitan.

USaP egingo daben Batxilergoko eta LHko ikasleei jagokenez, 1.821ek egingo dabe Arabako Campusean, 6.505ek Bizkaikoan eta 4.740k Gipuzkoakoan.

Unibersidadera Sartzeko Probeak fase bi ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide fasearen helburua da ikasleek graduko unibersidade-ikasketa ofizialak egiteko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak neurtzea. Honako bost azterketa dira: Gaztelania eta literaturea; Euskerea eta literaturea (martitzenean 2026eko USaP edegiko dauen azterketea); Espainiako historia edo Filosofiaren historia; Lehenengo atzerriko hizkuntzea; eta Batxilergoko 2. mailako modalidadeko derrigorrezko gaia. Gai bakotxak 0 eta 10 bitarteko notea jasoko dau, eta fase honetan gehienez 10 atara daiteke.

Batxilergoko notearen eta fase orokorreko kalifikazinoaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari edo Heziketa Zikloari jagoko eta % 40 sarbide faseari) 5 puntu edo gehiago lortuta probea gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak sarbide fasean gitxienez 4 puntu lortu baditu.

Onarpen fasea borondatezkoa da eta ikasleak beste 4 puntu lortu ahal ditu. Fase honetan ikasleak gehienez lau ikasgaitara aurkeztu daitekez eta bakarrik hartzen dira kontuan baldin eta 5 baino gehiagoko notea atara badau. Ikasleak egin nahi dauen gradurako onuragarrienak diran kalifikazino bi hartzen dira kontuan.

Kontuak kontu, proben emoitzak bagilaren 10ean argitaratuko dira.

USaPi buruzko informazino guztia: 2026ko USaParen ohiko deialdia - Unibersidaderako sarbidea - EHU.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu