Durangoko Euskal Jaiotan 30 ekitaldi izango dira

Bizkaie! 2026-05-28 08:00   Kulturea

Bagilaren 2tik 19ra.

Durango euskal kulturaz, musikaz, kirolaz, tradizinoz eta herri jarduerez beteko da. Programazinoaren azken eguna sano berezia izango da bagilaren 19an, peloteari eskainia. Danetara, hogeita hamar jarduera inguru atondu ditue.

Aurkezpenean, Udalak eta parte hartu daben alkarteek Euskal Jaien balioa azpimarratu dabe, alkarlaneean eta herritarren parte-hartzean oinarritutakoak baitira. Mireia Elkoroiribe alkateak eta Paule Sanchez Kultura eta Euskara zinegotziak adierazo dabenez, aurten be programazino anitza eta herritar guztientzat edegia egingo da, kulturea, tradizinoa, musikea, kirola eta bizikidetza buztartzen dituten jarduerakaz. Era berean, aurten be Euskal Jaiei bizirik eusten jake, Durangon daben izaera kultural eta soziala indartzen laguntzen daben kolektibo, ikastetxe eta tokiko erakundeen inplikazinoa eskertu nahi izan dabe.

Jaien atariko moduan, bagilaren 7ra arte, Ezkurdi Aretoak Durangaldeko Artisten Alkarteak atondutako Umeeen Eskolarteko XVII. Marrazki, Pintura eta Eskulan Lehiaketearen erakusketa hartuko dau.

Programazinoa bagilaren 2an, martitzenean, hasiko da San Agustin Kultur Gunean Loraldia Eskola ekitaldiagaz. San Antonio Ikastetxeko ikasleek Bidelagunak – 7 Kantu eta Xabier Amuriza Pastorala antzeztuko ditue. Bagilaren 3an, Zugaza Zine Aretoak Superheroien Familia umeeentzako filma proiektauko dau Kurutziaga Ikastolako ikasleentzat.

Bagilaren 5ean, barikuan, Kurutzesantu Museoan Auzoko Elkarrizketak: Elkarbizitza Euskaratik jarduerea izango da, Taupa Euskaltzaleen Mobimentuak atonduta; aldi berean, Ezkurdi Jai Alaik Peter Memorial XV. Txapelketako finalerdiak hartuko ditu.

Hilaren 6an, zapatuan, buztinezko plater apaingarrien tailer bat egingo da Otamotzenan, Jolas Egunaren barruan, XXII. Zesta Punta Txapelketako finalerdiakaz batera.

Horrezaz gan, Muskildi eta Tronperri jantza taldeen erakustaldia izango da Andra Marin, eta Durango Hiria txistu kontzertua eskainiko da Silboberri Txistu Alkarteak atonduta, Vanesa Aibar eta Canitoren partaidetzeagaz.

Bagilaren 7an, domekan, Jolas Egunak Irulegiren Eskuaren Bila jarduerea izango da, San Fausto auzoan egingo dan euskal mitologian oinarritutako ekimenagaz. Arratsaldean, Plateruenak Luhartz taldearen Sam Gandarias, migrazioaren ahotsa narrazino-kontzertua hartuko dau.

Peter Memorial XV. Txapelketako finalerdiak bagilaren 10ean, martitzenean, jokatuko dira barriro Ezkurdi Jai Alain.

Bagilaren 11n, eskola eta dibulgazino arloko jarduerak izango dira; herri kirolen erakustaldiak Ezkurdi plazan, olgeta tradizionalen topaketak Landako Polikiroldegian eta euskal musikako jaia Oihan Vegagaz Ezkurdiko kioskoan. Egun horretan bertan, Zugaza Zine Aretoak Euskal Herritik Himalaiara, nola eta norekin dokumentala proiektauko dau, Tasio Martin Elorrietak aurkeztuta eta Alpino Tabira Mendizale Alkarteak atonduta.

Bagilaren 12an, barikuan, Tabirak batukada tailerra hartuko dau Olgeta Egunaren barruan, eta Sugarri fanfarreak bere 50. urteurrena ospatuko dau Alde Zaharrean kalejira bategaz. Gainera, Ezkurdi Jai Alaik Bizkaiko Herriarteko Esku Pelota Txapelketearen azken fasea hartuko dau.

Bagilaren 13an, zapatuan, artisautzeak, kirolak eta jai giroak bat egingo dabe: Andra Marik artisautza azokea eta makrame artisautza erakustaldia hartuko ditu, EIXU Artisauen Alkarteak atonduta; Muruetatorren, barriz, egurrezko umeentzako olgetak izango dira Olgetas Egunaren barruan, auzoko jaien testuinguruan.

Alde Zaharrean Kuadrila Eguna izango da, kazolen prestaketeagaz, herri bazkariagaz, Kantariren emonaldiagaz eta Sakatu Elektrotxarangearen musika giroaagaz. Gainera, Ezkurdi Jai Alain XXII. Zesta Punta Txapelketako finalak eta Euskal Pelota Maratoia izango dira eta amaitzeko, Bogoroditsie Abesbatzaren 30. urteurreneko kontzertu berezia izango da Uribarriko Basilikan.

Euskal Jaiak bagilaren 14an, domekan, amaituko dira Sagardo Egunagaz Merkatu Plaza barrian. Bertan euskal sagardao postuak, gastronomia, Mikel Garaizabalek gidatutako probetako saioak eta FUZANK taldearen zuzeneko musikea izango dira. Arte eta Historia Museoan, barriz, Julene Azpeitia literatura lehiaketako sari banaketea izango da, ipuin, poesia eta bertsoak-koplak modalidadeetan.

Kalejira eta jantza tradizionalaren erakustaldiak be ez dira faltauko, Jaizale Durangaldeko Txistulari Alkartea, Bartolome Ertzila Musika Eskolako Txistulariak, Txoritxu Alai, Tronperri eta Kriskitin Dantza Taldeen parte-hartuko dabelarik; azken buruan, Tabira Musika Bandearen kontzertu berezia izango da da Andra Mari eleizpean.

Kontuak kontu, bagilaren 19an, pelotari eskainitako jardunaldi berezia egingo da, Pelota Eskolearen ikasturte amaierako jaialdia izango baita eta Peter Memorial XV. Txapelketako finalakaz, emakumezkoen pala-goma nagusien mailan, gizonezkoen eskupelotea kadete mailan eta gizonezkoen eskupelotea be nagusien mailan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu