BilbaoArtek eta Hangar-ek artegintzako ikerketa egoitza bat egiteko deialdia zabaldu dabe
2026-06-04 10:56 KultureaBekearen zenbatekoa 4.500 eurotik gorakoa izan daiteke.
BilbaoArte eta produkzino eta ikerketa artistikoko zentroa dan Hangar erakundeek bat egin dabe Estaduan bizi diran komisarioei eta nazionalidade espainiarra edo atzerritarra daben ikertzaileei beka deialdia egiteko, hiru hilabete baino gehiagoko iraupena izango dauen ikerketa kuratorialeko egoitza bat egiteko, 2026ko zemenditik 2027ko zezeilera bitartean, Bilbo eta Bartzelona artean.
Honako deialdiak, lehenengo aldiz, produkzino artistikoko zentro bien artean sustatu da, eta AC/Eren laguntzea eta Azkuna Zentroaren eta Leire Vergararen parte-hartzea be baditu.
Beka hau aurten 9. edizinoa izango dauen Encura programan sartzen da. Ikerketa-egoitzen programa horren bidez, artegintzako ikerketa-prozesuak sustatu eta zabaldu nahi dira, testuinguru artistikoak eta lurraldekoak buztartuz; horretarako, erakusketa-proiektu konbentzionalen emoitzarik ez daben praktikak sustatzen dira. Bere lehen edizinoetan, Encura La Casa Encendida eta CA2M Museoa, Casa Velázquez, hablarenarte eta Curators network lako erakundeakaz lankidetzan jorratu da.
Orain, BilbaoArteren eskutik, programeak Bilborantz zabaldu dau ardatza eta, horrezaz gan, Azkuna Zentroaren eta Leire Vergararen (komisario independentea eta Bulegoa z/b erakundeko kidea) lankidetzea batu eta, ondorioz, testuinguruen arteko dimensinoa, bitartekaritzea eta artikulazinoa indartu ditu.
Egoitza-programearen helburuen artean dago artegintzako ikerketak babestea eta lurraldearen arteko lankidetzea sustatzea artearen bidez ezagutzak eta egiteko moduak sortzeko eta transferiduteko. Encura Bilbo eta Bartzelona guneen arteko bizikidetzan, lankidetzan, alkarrizketan eta interdependentzian oinarritzen da, eta ezagutza pribatiboak eta indibidualizatuak sortzeko hierarkiei eta logikei aurre egingo deutsen ikerketa-metodologiak lantzea dau helburu.
Bekea
Bagilaren 3tik garagarrilaren 6ra bitartean aurkeztu daitekez eskabideak. BilbaoArtek eta Hangarrek sustatutako bekearen zenbatekoa 4.500 eurotik gorakoa da.
Bilboko eta Bartzelonako egoitza artistikoan uri bietan ostatua eta lanerako espazioa sartuta dagoz, baita bertako eszena artistikoetan laguntzea eta sartzea be, BilbaoArte, Hangar eta Bulegoa z/b-ko taldeek bitartekotzearen bidez eta artista egoiliarrakaz hartu-emon eta bisiten bidez.
2026ko zemendiaren 2tik abenduaren 18ra egingo dira Bartzelonan eta 2027ko urtarrilaren 11tik martiaren 14ra, Bilbon. Gainera, proiektuen aurkezpen publiko bana egingo da Hangarreko Ricson Aretoan eta Bilboko Azkuna Zentroan, datorren urteko martiaren 9an.
Informazino gehiago hemen.
Hangarregaz batera sustatutako beka hau BilbaArtek beste deialdi batzuk be egiten ditu, besteak beste, BilbaoArten estudio lagapenerako modalidadean proiektu artistikoak egiteko Produkzinorako laguntzak deialdia; komisariotza-programearen deialdia; BA bildumea; edo Istituzione Fondazione Bevilacqua La Masa de Venezia erakundean proiektuak egiteko deialdia.
BilbaoArte Fundazinoa
BilbaoArte Fundazioa Produkzino Artistikorako Zentroa da, artisten prestakuntza, sustapena eta profesionalizazinoa gauzatzeko eta komunidade artistikoari denpora, espazioa eta baliabideak eskaintzen deutsoz. Haren ibilbideari eta sorrerako helburuei jarraipena emonez, BilbaoArtek produkzino artistiko garaikideko prozesuak babesten ditu, artisten prestakuntzea eta profesionalizazinoa hobetzeko, ezagutzak sortzeko eta komunidade artistiko kualifikatua bideratzeko.
Hangar
Produkzino eta ikerketa artistikorako zentroa. 1997an sortu zan Hangar, arte-produkzinoa eta ikerketak errazteko beharrezko baldintzak eguneratzea eta horrei eusteko helburua dauen artist-run proiektu bat da. Arte-produkzinoa eta ikerketak egungo eztabaida eta preminen aurrean erantzuteko eta barritzeko kapazidadea daben espekulazino kritikoko praktika eta modu lez ulertzen ditu.
Encura
Lehenengo edizinoetan, Encura Hangarrek gidatu eban, hablarenarte eta Curators Network-egaz lankidetzan. Ondoren, La Casa Encendida sartu zan erakundeko lider izateko eta, aurrerago, Casa de Velázquez, CA2M museoa, eta hablarenarte, AC/Eren laguntzeagaz, lankidetza instituzionalean eta Bartzelona eta Madril arteko ikerketan oinarritutako lan-eredua sendotuz. Bederatzigarren edizinoan, programea Bilbora zabaldu da, BilbaoArte, Azkuna Zentroa eta Bulegoa z/b erakundeen lankidetzeari esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
