Metrokoadrokaren ‘Laster eroriko da’ antzezlanak irabazi dau AEK-Korrikaren III. Sorkuntza Bekea
2026-05-27 12:10 KultureaKomedia basati eta parte-hartzailea da.

5. Korrika Kulturalak badauka, dagoeneko, ekitaldi nagusia: Laster eroriko da. Gaur goizean aurkeztu dabe AEK-KORRIKAko III. Kultur Sorkuntza Bekako irabazlea, Tafallako Kulturgunean. Beka horrek taiututen dau KORRIKA Kulturalaren egitasmo nagusia, eta 23.000 euroko aurrekontua dauka. Haren bidez, AEK-KORRIKAren helburua da euskal kulturatik sortutako euskerazko produkzinoak bultzatzea. Agerraldian, Metrokoadroka kolektiboaren ordezkari Idoia Beratarbidek eta Oier Guillanek hartu dabe parte, Korrika arduradun Ane Elordigaz batera.
KORRIKA-AEK Kultur Sorkuntza Bekearen bidez, AEK-k hiru helburu beteten ditu. Ane Elordik azaldu dauenez, batetik, Korrikari esker lortzen diran diru baliabideen zati bat onura ekonomikorik ez daben baina gizarte-onurea nahi daben ekimenetan inbertidutea; bestetik, kultur arloan euskal herritarrentzako euskeraz eroso ibilteko espazioak sortzea, lantzea eta alkarlotzearen garrantzia azpimarratu dau; eta, azkenik, euskal sortzaileei gune horreek eskainita, euskal kultur sorkuntzan eragile izatea.
Bazkalosteetako kantaldietatik abiatutako komedia
Sortzaileen eretxiz, -Laster eroriko da- komedia basatia izango da, publikoari kantetan jarteko asmoa dauena. Antzezlanaren hasieran, gazte bi eta euren aitita egongo dira jangela batean: bazkari handi bat prestau behar dabe aititaren laurogeita hemeretzigarren urtebetetzea ospatzeko, baita bazkalosterako kantutegia eratu be, baina gazteek ez dakie ez kozinetan, ezta euskal kantua klasikoen berbarik be. Obrearen tituluak erreferentzia egiten deutse Agure Zaharra kantu ezagunari eta aurreko belaunaldien askatasun-amesei.
Egileek ondokoa sustatu nahi dabe: gorroto-mezuei aurre egiteko inkonformismoa eta mundu hobea sortzeko itxaropena. Hori bai, komediak argi itxiko dau mundu hobe hori belaunaldiz belaunaldi birdefinidu beharra.
Publikoa bazkariaren parte izango da
Formeari jagokonez, asmoa da esperientzia parte-hartzailea izatea, izan be, Metrokoadroka taldeak nahia da publikoa ikusle soila ez izatea, obrearen parte aktiboa baino.
Horretarako, aurreikusten dabe antzezlanaren zenbait emonalditan ikusleek jan ahal izatea eta bazkaloste-giroan kantuan parte hartzea. Hori egiteko modua oraindino be asmetako dago, baina, Guillanek eta Beratarbidek azaldu dabenez, helburua da benetako bazkari baten atmosferea sortzea, publikoa eszenografiaren eta kontakizunaren barruan txertatuta.
Epaimahaia
Anabel Arraiza, Galder Pérez, Asier Rubio, Kattina Haran eta Eneko Gil ibili dira eta, Elordik azaldu dauenez, planteamendu barritzailea dauela nabarmendu dabe epaimahaikideek, eta landu nahi daben idearen potentzia edo indarra.
Sortzaileak eta lantaldea
Proiektua Metrokoadroka kolektiboko hiru kidek sinatu dute: Ainhoa Alberdi, Idoia Beratarbide eta Oier Guillan.
Oraingoz jakinarazo dabenez, lau aktore izango dira oholtza gainean, eta Ainhoa Alberdik egingo dau agurearena. Idoia Beratarbide zuzendari artistikoa izango da, eta Oier Guillan, dramaturgiaren arduraduna. Lantalde osoa datozen hilabeteetan osotuko da.
Kolektibotik eskerrak emon deutse Korrikaren arduradunei eta epaimahaiko kideei, euren proposamenaren aurrean konfidantzea izan dabelako. kulturgintzan eta arte eszenikoetan proiektu barriak lantzeko aukerak topetea ez da beti erraza, erronka hau ilusinoz zein arduraz hartu dogu.
Laster eroriko da 2027ko zemenditik 2028ko apirilera antzeztuko da, KORRIKA Kulturalaren barruan, Euskal Herriko hainbat eszenatokitan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
