Alberdaniak irudi barria aurkeztu dau
2025-11-26 11:15 KultureaGainera, sail barria be inaugurauko dabe: Patrika
Alberdania Argitaletxeak, hogeita hamar urte luzez, helburu nagusi bat izan dau: literatura ona plazaratzea (han eta hemengo literaturea, euskeraz eta gaztelaniaz). Halanda ze, guztiz garrantzitsua da literaturea babesten dauen papela, tipografia, portadea eta diseinua. Beraz, horretan be saiatu da Alberdania azken hiru hamarkadatan.
Aldaketa garaiak bizi ditu liburuaren sektoreak. Jorge Giménez Bech sortzailea 2023an hil zanetik, etapa barria jarri dau martxan Alberdaniak, garai bateko xarmea berreskuratu eta XXI. mendeko irakurleari literaturarik onena eskaintzeko. Azken urte bitan Oier Etxebestek hartu dau argitaletxearen gidaritzea eta, oinarriak beti presente, norabide barri bat emoten dabil. Halanda ze, lehen emoitza argitaletxearen logoa barritzea da. Argitaletxea 1993an jaio zanetik logo bardina izan dau, Antton Olariagak diseinautako irudi klasikoa.
Logoa inaugurauko daben liburu biek sail barria be inaugurauko dabe: Patrika. Autore-saiakera literario laburrak hartuko ditu bildumeak eta Zerberri sailaren segidea hartu gura dau, 1998tik 2006ra martxan egona eta guztira 40 titulu batu zituana, esaterako: Ramon Saizarbitoriaren Aberriaren alde (eta kontra); Arantxa Iturberen Ai, ama!; edo, Jokin Muñozen Atlantidara biajia.
Saiakereak izango dira, beraz, ez fikzinoko lanak, autore batek gai jakin bati buruz zer eretxi dauen ezagutzeko parebakoak. Sailari hasierea emongo deutsona, Zer egin Miranderekin?, Jon Miranderen jaiotzaren ehungarren urtemugea jasoten daben saiakerea da. Haren obrea eta figurea aztertu dabe hiru idazlek: Santi Leoné, Katixa Dolhare eta Gorka Bereziartua. Sailaren bigarren alea, Ni, laiko, Markos Zapiainek idatzi dau eta haren autobiografia erlijiosoa da.
Urtean lau Patrika plazaratzeko asmoa dabe: udabarrian bi eta udagoienean beste bi. Izenari ohore eginez, liburu eroangarriak izango dira eta prezioz merkeagoak, poltsiko guztien eskura egon daitezan. Diseinuari jagokonez, Alberdania Argitaletxearen lehen urteetako diseinuaren erreplikea izango dabe, baina XXI. mendera egokituta. Diseinu orokorra, Hondarribiko Bibat estudioak egin dau.
Kontuak kontu, gaur, hilak 26, 11:30ean, Donosotiako Udal Liburutegian liburu biak aurkeztuko ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
