'Pido la paz y la palabra' poema liburua aurkeztuko dabe Bilbon

Bizkaie! 2025-11-26 11:04   Kulturea

Blas de Otero en su voz dokumentala estreinauko dabe.



2025ean, poeta bilbotarraren lanik enblematikoena argitaratu zaneko 70. urteurrena beteten da, erregimen frankistearen kontrako erresistentzia kulturalaren ikur bihurtu ebana.

Topaketan parte hartuko dabe Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak, José Fernández de la Sota Blas de Otero Fundazinoko zuzendariak eta Beñat Arginzoniz El Gallo de Oro argitaletxeko arduradunak.

Abenduaren 2an, martitzenean, 19:00retan, Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturgunean Pido la paz y la palabra"Blas de Otero poeta bilbotarraren poesia liburuaren aurkezpena egingo da, bere lehen argitalpenaren 70. urteurrena dala eta. Gainera, ekitaldian zehar, Blas de Otero en su voz dokumentala erakutsiko da, Blas de Otero Fundazinoaren artxiboko argitaratubakoa eta birmasterizautako grabazinoakaz egina.

1955ean "Pido la paz y la palabra" argitaratu eben, idazle bilbotarraren ibilbidean oinarrizkoa eta XX. mendearen bigarren erdian gaztelaniaz idatzitako poesian eragin erabagigarria izan ebana. Bakearen aldeko alegatua izan zan eta, Blas de Otero diktadura frankisteari egindako barruko kritikearen gotorlekuetako bat bihurtu zan nazioartean. The Times egunkariak Blas de Otero "edozein literaturatako poeta nabarmenen artean" kokatu eban.

Duda barik, Blas de Oteroren poema liburu adierazgarrienetako bat da, baita gerraosteko Espainiako poesia sozialarena be. Bertan, poesia errealidadea eraldatzen lagundu leiken konpromiso-ekintza lez agertzen da, eta egilearen ahots indibiduala komunitarioagaz buztartzen da, islatutako sufrimendua personala ezeze, belaunaldi oso batek konpartiduten dauela erakutsiz.

-Pido la paz y la palabra- liburuaren lehenengo edizinoaren 70. urteurrena

2025ean, lan enblematiko honen lehen edizinoaren 70. urteurrena beteten da eta hori ospatzeko, Blas de Otero Fundazinoak, El Gallo de Oro argitaletxeagaz batera, liburu honen edizino berezia argitaratu dau Biblioteca Blas de Otero bilduman. 1955eko lehen edizinokoa errespetuz erreproduziduten dauena, zenbait orrialde faksimilegaz, José Manuel Caballero Bonald Cervantes Sariak, euskal poetearen lanaren lehen irakurle eta iruzkingileetako batek, sinatutako berbaurreagaz batera.

Topaketan "Blas de Otero en su voz" dokumentala estreinauko da. Lan hori garatzeko Fundazinoaren artxiboan topautako poetearen grabazino argitaratubakak eta birmasterizautakoak erabili dira. Holan, 1979an hil zanetik lehen aldiz, Blas de Oteroren ahotsa entzungo da bere jaioterrian, barriro be bakea eta berbea eskatuz.

Beñat Arginzoniz

Bilbon jaiotako poeta, idazle, itzultzaile eta editorea da. Psikologia ikasketak egin bazituan be, literaturearen aurrean eban pasinoa goiz-goizetik agertu jakon, eta 2012an sortzaile legez alderdi oparoa garatzeaz gan, El Gallo de Oro argitaletxea sortu eban Juan Manuel Uria poeteagaz batera. Hasieran, lan poetikoak argitaratzen zituen, baina saiakerearen eta narratibaren arloetan be sartu da da.

José Fernández de la Sota

Idazle eta kazetari bilbotarra da, narratiba, poesia eta saiakerearen arteko lanetan ibilten zan gustora. Aurkezle eta gidoilari be ibili da telebistarako kultur programen sorkuntzan, hainbat proposamen zinematografikotan parte hartzeaz gan. Euskadi Literatura saria jaso dau birritan, bietan poesia liburu banagaitik. 1998an Todos los santos lanagaitik irabazi eban eta 2010ean Vacilación lanagaitik. Sari gehiago jaso ditu, besteak beste, Gabriel Aresti Kontakizunen Saria Ratón y hombre lanagaitik (1996), Cortes de Cádiz kontakizunaren Iberoamerikar Saria Suerte de perro kontakizunagaitik (2004) eta Camilo José Cela Nazinoarteko Ipuin Saria La biblioteca férrea lanagaitik (2005). Gaur egun Blas de Otero Fundazinoko zuzendaria da. Blas de Otero Fundazinoa Bilbon sortu zan 2000. urtean, Sabina de la Cruz irakasleak (1929-2020), Blas de Oteroren alargunak eta haren obra aztertu ebanak eskatuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu