Garikoitz Rios: 'gurea ez da oihartzun handiko sektorea'
2025-05-19 08:00 BarriketanBizkaiko Txakolina Jatorri deitureak, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Laboral Kutxaren laguntzeagaz, maiatzaren 24an eta 25ean Bilboko Arenalean egingo dan Txin Txin Fest ekitaldi enogastronomiko edegia atondu dau lehen aldiz. Hitzordua, Bizkaiko Txakolina Jatorri Deitureak eskaintzen dauen ardaoa jai giroan ezagutu eta disfrutetako aukera bikaina da. Bizkaiko ardaogintza sektorearen dinamismoa eta kalidadea erakusteko gunea.
Egun bietan, Txin Txin Festek txakolina, gastronomia, kulturea eta musikea buztartuko dituan aire zabaleko upategi handi bihurtuko dau Bilbo. Bertoratzen diranek 60 txakolin erreferentzia baino gehiagoren artean aukeratu ahal izango dabe, sozializetako eta ardao barriak ezagutzeko aukera bikaina.
Garikoitz Rios, Jatorri deiturearen presidentea eta Itsasmendi Upategiko kudeatzailea da.
1.- Txin Txin Fest jaialdia sortu dozue. Zergaitik?
2024an jatorri deiturearen 30. urteurrena izan zan. Horri autortzea egiteko asmoz eta ekitaldiei behar bezelako amaierea emoteko, Txin Txin Fest kalidade handiko jaialdi enogastronomikoa atondu dogu Bilbon, oso polita izango dalakoan.
2.- Zeintzuk dira egitasmoren helburuak?
Gurea ez da oihartzun handiko sektorea. Halanda ze, gure esku dago horri bueltea emotea. Bilbon beti jente asko batzen da, halanda ze, lantzean behin garrantzitsua da lehen sektorearen alde egitea. Gure kasuan, batez be, ardaogintzan, jenteak ikusi daian gure lana eta bertoko produktuen kalidadea.
3.- 24 upategi eta 60 txakolin baino gehiago izango dira jaialdian, baita gastronomia eta zuzeneko musikea be. Hori guztia, egun bietan. Sekulako jai giroa aurreikusten dozue?
Hori da. Maiatzaren 24an eta 25ean izango da, Arenalean. Esan dozun moduan, Bizkaiko 24 upategi eta 60 txakolin baino gehiago izango dira eta horrek erakusten dau bertoko produktuen aukera maila eta upategiak egiten daben sekulako lana hori produziduteko. Guztiak Bizkaitarrak. Txakolinak hiru jatorri deitura izan arren, garrantzitsua da bakotxak haren izaerea eta nortasuna izatea.
4.- Zapatuan, hilak 24, eguerdiko 12:00etan, Baste Tabernako Cardoso anaien eskutik uzta barriaren aurkezpena egingo da. Zelakoa izan da aurtongo uztea?
Pasa dan urtea nahiko zelebrea izan zan, azken 30 urteetan izan dogun gogorrena. Beraz, asko kostau jakun uzteari etekina ataratea. Hori bai, mundu onetan polita da uzta bakotxak haren nortasun eta identidadea izatea. Beraz, aurreko urtea ikusita, nortasun berezia izango dau txakolinak: freskoa, usaintsua eta delikadua. Konsumitzailea lasai egon daiteke, izan be, kalidadezko produktua izango da.
5. Beraz, beti be, eguraldian menpe?
Sektore asko dagoz eguraldiaren menpe, baina gurea arabere gehiago. Ez dot pentsetan gauza negatiboa danik. Gustuko dot egiten dodana eta eguraldia horri lotuta dago. Batzuetan kriston buruko minak emoten deuskuz, beste askotan sekulako poztasuna.
6.- Horreezaz gan, Mezularien izentapena be egingo dozue, Bizkaiko baserritarrak eta mahastizainak autortzeko. Zertan datza? Zeintzuk dira?
Beti aukeretan dogu Mezulari batzuk gure ahotsa leku guztietara heltzeko. Aproposak izaten dira holako kolaborazinoak. Aurton, Zea Mays taldea (Asier Basabe, Ruben Gonzalez, Iñaki Imaz eta Aiora Renteria) izango da. Aiora Renteria taldeko abeslariak jasoko dau saria taldekide guztien izenean maiatzaren 24an.
Horreezaz gan, Manu Calera eta Kepa Larrabeiti Ohorezko Mezulariei be hil osteko autortzea egingo jake, Bizkaiko txakolinaren historian egindako lanarengaitik. Oso polita da mundu honetatik bizi diranei eta aportazinoa egin deutsenei autortzea egitea.
7.- Itsasmendi Upategiko kudeatzailea eta Jatorri deiturearen presidentea be zara. Topera zabiz lanean...
Jatorri deiturearen presidentea naz, kontsejuan 4 urte egin ditut. Gomendagarria da bertotik pasetea eta helburu kolektiboak izatea. Guztiok alkarlanean egin behar dogu lan Bizkaiko Txakolinaren inguruan. Gure proiektu personalak alde batera itxi eta proiektu kolektiboa eregiz. Oso garrantzitsua da jentea jatorri deituran egotea eta gure eremuaren zati txiki bat horri emotea.
Personalean, Itsasmendi Upategian egiten dot lan. 32 urte daroaz berton. Ezebezetik ataratako proiektua da eta oso harro nago. Halanda be, azken urteak nekagarriak izan dira: pandemia, produktuen kostuak karututea, salmenten jatsierea... Hori bai, momentu gatxetan ideak eta proiektuak sortzen dira. Halanda ze, batzutan erosoegi bizi gara eta ez ditugu gauzak hobetzeko premina hori ikusten. Beraz, momentu ez hain onak batzuetan beharrezkoak izaten dira aurrera egin ahal izateko, hobetzeko eta sorkuntzeari kasu egiteko, bide barriak topetako hain zuzen be.
Itsamendiren azken 4 urteak gogorrak izan arren, gauza asko sortu ditugu gure proiektuaren inguruan eta oso pozik gagoz gaur egungo egoereagaz eta lortu dogunagaz azken 30 urteoan. Hori bai, lan asko geratzen jaku gure profesinoa hobetzeko.
8.- Bizkaiko Txakolinak nazinoarte mailako autorpena lortu dau barriro be 2024ean, ardao zuri handien artean haren ohorezko lekua lortuz: Vinofed Saria, halanda ze, 2024ko ardao zuri onenaren saria (Artizar ardaoagaz). Kriston lana egiten dozuen seinale?
Batez be, lankideentzako da autortzea. Benetan oso garrantzitsua, izan be, urte osoan zehar egiten dabe lan horretarako. Kanpotik holako saria jasotean, gauzak ondo egiten gagozala esan nahi dau. Errekonozimendu horrek sekulako poza emon deusku.
Halanda be, ez gagoz mendiaren tontorrean. Igoten gabiz, leku onean eta ikuspegi ederrakaz, baina oraindino lan asko falta jaku tontorrera heltzeko. Bide onean gagoz.
Ganera, seguru nago Bizkaiko Txakolinak, hemendik urte gitxira, merezidu dauen errekonozimendua izango dauela. Horregaitik, lanean jarraitu behar dogu.
9.- Mezu berezirik?
Beti saiatzen naz gauza positiboei indarra emoten. Askotan, soziedade honetan, kritika larregi egiten dogu. Beraz, saiatu behar gara gauzak hobeto egiten, disfrutetan eta ikusarazoten. Txakolinak bide estua eta aldapatxua dauka, beraz, bertoko eta kanpoko konsumitzaileak erakarten saiatu behar gara, Bizkaiko Txakolina prestigio berbeagaz lotzeko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!