Juan Andrés Diez de Ulzurrun: 'Ortube ondarea da eta guri jagotea jagoku'

Koldo Isusi Zuazo 2025-08-04 07:55   Barriketan

Ortube Ontzia Lagun Elkartea 2019an sortutako irabazi-asmorik bako alkartea da, jatorri askotako baina antzeko interesak dituen hamabost boluntario inguruk osotua. EAEko itsas ondarea jagotea dau helburu eta gaur egun Ortube arrantza-ontzia berreskuratzeko proiektuan bete-betean dabiz, boluntarioak dira eta bakotxak bere ezagutzak eskainiz berreskuratzeagaz lotutako hainbat arlotan edo laguntza eta lankidetza zereginetan emoten ditue orduak.

Proiektua Bizkaiko Foru Aldundiak (% 60), Eusko Jaurlaritzako Ondare eta Kontratazino Zuzendaritzeak (%15) eta Ortube Ontzia Lagun Elkarteak (% 35) finantziau dabe. Berreskuratze lanak Bilbao Itsasmuseumek koordinau eta Ortube Ontzien Lagun Alkarteak egiten ditu. Berreskuratu ondoren, arrantza-ontzia Arrantzaleen Museoak kudeatutako bisiten programan sartuko da, itsaso zabaleko ibiltaldiak be aurreikusita dagozalarik.

Bermeoko Udalaren jaubetzakoa da Ortube ontzia eta EAEn nabegetako modua dagozan egurrezko azken hiru itsasontzi handietako bat da. Ortuberen ezaugarriei esker XX. mendeko Bizkaiko ontzigintzearen ikur da, baita Bermeo modernoaren motor be.

Juan Andrés Diez de Ulzurrun, Ortube Ontziaren Lagun Alkarteko presidenteak, eskatutako azalpen guztiak emon deuskuz.


1.- Aurreikuspenak bete eta ikusiko ete dogu Ortube nabegetan?


Bai. Espero dogu aurten, 2025eko amaieran edo Ortube itsasora botatea, prozesu luzea izango da, kaskoa egurrezkoa da eta ontzi-kaskoa bustiten danean, arrakalak eta zarratzen joango baitira eta hilebete edo uretan egon ondoren, ardatzaren alineazinoa be egingo dogu eta behar faltarik ez dogu izango.   

2.- Egurrezkoa edo zurezkoa da Ortube, Bermeoko Muruaga ontziolan egindakoa. 1978. uretan bota eben uretara. Zeintzuk dira atunketari edo atuneroaren berezitasunak edo ezaugarriak?

Itasontzi handia, atunontzia da eta ibili izan da hemendik urrun, Dakar, Azore eta beste herrialde batzuetako uretan. Kaskoa egurrezkoa da eta bertoko egurra edo zura erabilita eregitakoa da. KM0 itsasontzia da, izan be, gure inguruetako arbola edo zugatzak erabili zituen kaskoa egiteko: haretxa, eukaliptoa, arkazia, pinua eta kanpokoen artean bat nabarmentzearren, forrorako Afrikako kornoa erabili zan, musika tresna eta holakoetarako be erabilten dan zura.

Hogeta hamasei metroko eslorea edo luzerea dauka, Kantabrikoan ezaugarri horreekaz egindako lehenengoetakoa eta 7,5 metroko mangea edo luzerakoa da; eta popan, metro bi eta erdiko sakonerea, atara kontuak. Barku handia da, beheko partean gora begiratzen badozu bistea oso altu joatzu.

Atunontzia da Ortube eta 7-8 kiloko atunak sartzeko lekuak, logela edo kamaroteak, makina-aretoa, barkuaren sistema elektrikoa, energia sorgailuak, ura irazi edo filtretako tresneria eta teknologiari jagokonez, kokapen sistema globalasatelite bidezko nabegazino sistemea, UHF irratiak, radarra, euri-neurgailua, irrati-balizak, sondea eta bestelakoak jarri deutsaguz.

Motorra Bermeon egindakoa da eta bloke-motorarren fundizinoa Durangon. 

3.- Ortube itsasontziaren birgaikuntza edo errehabilitazino lanak 2016. urtean hasi zenduezan baina azken fasean zelan doaz lanak?

Beharrean gustora ibili gara eta gabiz, joan dira urte batzuk eta orain azken txapan gagoz. Motorrak eta prest dagoz, brankako makinatxuak badabiz, elektrizidadea eta motorrak prest dagoz, zutoinak edo paluak desmuntau eta montau egin genduzan eta egurraren tratamenduan % 90 eginda dago, popan eta baborreko eremu batzuetan be bagabiz.

Lanok modu sekuentzialean egiten doguz eta gauza edo planifikazino zehatzik euki ez arren, gogoan izan bolondresak dira beharginak eta baina elektrizidadea eta elektronikea lako lan zehatzetan badagoz batzuk horretan dabizenak. Kontua da ze urte honeetan guztietan ikasi be asko ikasi dogula.

4.- Bermeo eta EHUren arteko lankidetzeari esker, ikasleak Ortuben izan dira beharrean eta Udako Ikastaroetan be ponentziak emon dozuez eta nahikoa esperientzia polita izan da, oso oker ez bagagoz...  

Bai. Lankidetza hitzarmen bigaz gabiz; alde batetik, Bermeoko Nautika-Arrantza Eskoleagaz eta horri esker astean behin eskolako ikasleak barkuan egin dabe arautu bako egonaldia; Oinarrizko Lanbide Heziketako 10 ikaslek parte hartu dabe Ortube itsasontzia barrizteko lanetan, irakasle bi eta proiektuko boluntarioen gainbegirapean. Guretzako pozgarria eta laungarria izan da. Ikasturte  osoan etorri jakuz.

Horrezaz gan, EHUko Historia Sailagaz sinatutako akordioari esker, Udako Ikastaroetan be parte hartu genduan eta esperientzia aberasgarria izan zan, ponentziak aukeztu genduzan eta jentearen erantzuna oso ona izan zan, alde praktikoak eta teorikoak buztartu genduzan eta geuretzako be sano interesgarria izan zan.

5.- Euskal itsas ondarea jagotea erabagiorra da. Zein da zure eretxia? 

Bat nator baieztapen horregaz. Egurrezko itsasontzi handiak gaurkotu eta barriztetea oso inportantea da eta horren barri emon gura izaten dogu. Ondare historiko handia dago enbarkazino txikietan baina nabarmenuko neuke makinaria arloan gauza asko galdu egin doguzala, berbarako, lurrun-makinak.

6.- Deiagarria da Ortube izatea egurrezko azken atunontzia izatea...

Bai. Eta historian atzera egiten badogu, enborra erabilten eben alde batetik bestera joateko eta aurrerago enbor hori hutsitu eta hor joan ziran pausuak eta esperientziak konpartiduten eta Ortube lako egurrezko barkuak egiten. Denporearen porasuz etorri ziran erretxinak, fibrak, altzairua eta holako materialak. 

6.- Ortube memoria bizia, euskal arrantzearen motor izatea da helburua. Besterik nabarmenduko zunke? 

Bai. Ortube aitatu kulturearen enbajadore be bada, gure tradizino, ohitura, jardunbide eta arrantzaleen bizimoduaren erakusle.

7.- Ortube barriztuteko lanak amaitu ondoren, Arrantzaleen Museoak kudeatuko ei ditu bisitak eta aurrerago itsaso zabaleko ibiltaldiak be aurreikusita dagoz...

Bai, Ortube prest egongo da laster eta, ezustekorik ezean, Arrantzaleen Museoak bideratuko ditu ontzia bisitetako eta zabaltzeko programaz. Ganerakoan, Ortube Ontzia Lagun Elkartekook igaz sinatu genduan Erabilera eta Gozamen Eskubidea izeneko agiria eta Bermeoko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari, Bilboko Itsasmuseumi eta beste erakunde batzuei helarazo geuntsen. 

Ganerakoan, itsaso zabaleko ibiltaldiak be atondu gura doguz eta ez dot pentsetan arazorik egongo danik.

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu