Egoitz Txurruka: 'beharrean ondo pasetan badozu, etxekoek be igarriko dabe'

Koldo Isusi Zuazo 2025-09-15 07:55   Barriketan

Trivial Pursuit, mahai-jokoaren telebistako bersinoa aurkeztuko dau Egoitz Txurrukak RTVEn. Mallabiarrak aurkeztuko dauen saioak belaunaldien arteko formatoa berreskuratuko dau telebista publikorako, danok etxean jokatu doguna, eta orain ezagutza, emozino eta estrategia ikuskizun bihurtuko dana, gurasoak, seme-alabak eta aitita-amamak telebistaren aurrean batuko dituana.

-Trivial Pursuit- klasikoa indar handiz dator eta aurkezle euskaldunagaz, hainbat egokitzapen ditu nazinoartean, nabarmendu dau María Eizaguirre RTVEko Komunikazino eta Partaidetza zuzendariak.

Eszenaratze ikusgarriagaz, erritmo arinagaz, Trivial Pursuit, Satisfaction Iberiagaz lankidetzan produzidutakoak, RTVEren kultura eta familia lehiaketen eskaintzea indartuko dau. Denporaldi honetan audientziaren erantzun bikaina izan dau: The Floor azken 23 urteetan La 1ko_TVE prime timean lehiaketarik lehiakorrena izan dana edo Zifrak eta Letrak eta Jakin eta irabazi, La 2_TVEeko eduki ikusienak.

Trivial Pursuit Hasbro eta Talpa Studiosen formatu originala da, oraintsu The CW kate estadubatuarrean emitidutakoa, audientzia datu sendoakaz eta berretsi barri dan bigarren denporaldi bategaz: sei kategoriako galderak, gaztai-jokoan eta taularen erdigunera heltzeko erronkea.

RTVEk historiako joko ezagunenetako baten alde egin dau denporaldi honetan.

Ganerakoan, EITBko Esto no es normal saioa aurkezten dabil Nerea Aliasegaz batera eta X. El conquistador del fin del mundo saioan be parte hartu eban. Gaztea Irratian be behar egindakoa da Be Positive saioan; kirolari jagokonez, parapentean hegaz egin izan dau eta urpekaritzan be ibilitakoa da. Hemengo eta kanpoko olatuetan jantzan ikusi geinke surflari amorratua baita.

1.- Zorionak Trivial Pursuit mahai-jokoa aurkezteko aukeratu zaituelako. Zelan eta noiz jaso zenduan eskaintzea? Baietza emoteko dudarik izan zenduan?

Eskerrik asko. Pozarren hartu neban eskaintzea eta negoziazinoetan ez gara nahastau. Zemendian izan zan, Athleticken partidua ikusten nengoala jakin neban. Negoziazinoak naturalak, normalak, gorabeherarik bakoak izan ziran; nire asmoa zan etxean (EITB) jarraitzea eta RTVEkoari eustea eta ez zan ezelako arazorik izan, onartu egin eustien eta, beraz, oso pozik nago. Holako aukerak datozenean hartzen ez badozuz aurrerago damutzea be suertau daiteke.

2.- Harrobi ederra dogu Euskal Herrian eta zeu be batu zara...

Bai. Lehenego egunean egon nintzan hori pentsetan eta izen batzuk etorri jatazan burura, besteak beste, Ramon Garcia, Enma Garcia, Adela Gonzalez, Iñaki Lopez, Karlos Argiñano, Ion Aramendi, Silvia Itxaurrondo eta Aitor Albisua; esango neuke gogoan hartzen gaituela gure talentua eta profesionaltasunagaitik, maite gaitue, hurrekoak gara.

3.- Trivial Pursuit klasikoa da eta indar handiagaz dator. Zeure burua kapaz ikusten dozu saltsa honetan sartzeko?

Bai, jakina. Atara kontuak, 2013an hasi nintzan EITBn beharrean, Gaztea irratian be 7 urte egin nituan eta saltsero, endredatzaile hutsa naz; azken urteotan danetarik egin dot komunikabideetan, parte-hartzaile, erreportari, magazine, reality, gastronomía eta beste arlo batzuetan aurkezle, gustora nabil mundu honetan, harro nago egindakoaz eta RTVEren mahai-jokoagaz be disfrutauko dodala eta publikoak be ondo pasauko dauela pentsetan dot.

4.- Ez dakianarentzat, zeintzuk dira Trivial Pursuiten berezitasunak?

Ume, gazte, heldu eta nagusientzako mahai-jokoa da, danok ezagutzen doguna, familian zein lagunen artean jokatzeko modukoa da eta nazinoartean dagozan bersino guztiak entzutetsuak dira. Jentea entretenidutea, edade guztietako jentea erakarri, nagusiak, gaixorik dagozanak eta holakoei programa berezia eskaini, etxeetan sartu eta olgetan hastea da asmoa, hain zuzen be.

5.- Zelakoak dira parte-hartzaileek egin beharko dituen probak?

Funtzionamenduari jagokonez, bost parte-hartzaile izango dira eta hiru errondatan ikusiko doguz baita laugarrena edo finala be bai. Bostek ekingo deutse eta hurrengoan 4 eta 3 be geratuko dira finalean bakarra izango bada be. Helburua da tableroko zentrora heltzea eta hor geratzea; ganerakoan ohiko gaztai-jokoa be izango da, danetara sei kategoria izango dituana: entretenimendua, geografía, kirolak eta aisialdia, zientzia eta naturea, historia eta artea eta literaturea. Erronda finalean, 60 segundu izango ditue sei kategoria horreetako erantzun zuzenak emoteko. Dana asmetan dauenak 25.000 euroko saria eroango dau.

6.- Parte hartu gura izan ezkero, zer egin beharko leuke interesa dauenak?

Castinga zabalik dago daborduko, teléfono zenbakiak be badagoz eta webgunea be bai.

7.- The Floor azken 23 urteetan La 1ko_TVE prime timean lehiaketarik lehiakorrena izan da. Holako datuak bildurgarriak dira baina non egon daiteke zuk aurkeztuko dozun programearen mugea?

Jakingo baneuke [Barreka]... Bai, gure produktorea be bada Iberia Satisfation eta gustora gabiz baina nork jakin zein dan edo non dagoan erantzun onaren giltza [Barreka]. Publikoa beti da oso zorrotza eta gauza asko hartu behar dira gogoan produktua entzutetsua izan daiten.

8.- RTVEk historiako joko ezagunenetako baten alde egin dau denporaldi honetan eta zeu tartean egoteak ze gogoeta eragiten deutsu?

Pozik nago. Kiroletan ikuskatzaileak dagoz eta komunikabiden munduan be bai eta nire erreferentzia eta jarraipena egin ostean neu aukeratzea oso pozagarria izan da. Negoziazinoen ondoren, deia Kolonbian oporretan negoala jaso neban eta ekinaren ekinez, behar eginez etorri jatan aukerea da hau.

9.- Beharra ondo dago baina kirola egitea be maite dozu: hegaz egin izan dozu motordun parapentean, urpean ibiltea be gustetan jatzu eta surflari amorratua zara eta bape bildur barik zabiz holakoetan...

Gaztetan egiten ez badoguz holakoak noiz egingo doguz ba [Barreka]. Gustora nabil holakoetan baina beharragaz gozetea be oso inportantea da, beharrean ondo pasetan badozu, etxekoek be igarriko dabe. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu