Jon Garmendia 'Txuriya': 'alkarri entzutea da kakoa'
2025-09-01 08:00 BarriketanEuskal sortzaile bi berbak eta musikea buztartuz: Xabi Solano eta Jon Garmendia Txuriya. Musikaria bata eta idazlea bestea, ibilbide luze eta emonkorra egin dabe alkarrekaz 30 urtez. Alaitasunez eta jai giroz bete dabe Euskal Herriko jantza plazak. Etzakit musika taldean hasi ziran eta Esne Beltza izan da haren azken proiektua.
Orain ekimen xume eta intimo bategaz datoz; urritik abendura hainbat ikuskizun eskainiko ditue, antzoki eta toki txikietan Bidasoatik Harago izenburupean.
Euskal sortzaile bi alkartu ditue Bidasoatik harago ikuskizunaren afixa egiteko, Ainara Azpiazu Axpi eta Maitane Gartziandia diseinu grafikoaren eta ilustrazioaren arloan lan handia egiten daben sortzaileak. Axpik ilustrazinoa egin dau eta Maitanek, barriz, diseinua. Tupust! komiki kolektiboko kideak dira sorreratik (2016).
Programazinoa
- Hernani (urriak 23, 19:00): Biteri Kultur Etxea.
- Getxo (zemendiak 7, 20:00): Muxikebarri (Arrigunaga Aretoa).
- Bilbo (zemendiak 18, 19:30): Arriaga Antzokia.
- Atharratze (zemendiak 22, 21:00): Prefosta.
- Gasteiz (zemendiak 30, 19:30): Izaskun Arrue Kulturgunea).
Ikuskizun xumea da, dauela urte batzuk iparraldean egin genduan antzeko zerbait, biok batera. Orain hegoaldetik iparraldera ibiliko gara, Euskal Herri osora eroango gaitun izokin eder horregaz, Ipuin eta poemen kontakizunekaz batera, urte luzeetan alkarrekaz egin ditugun abestiak entzungo dira. Zentzuak eta emozinoak biztuz momentu gozagarria pasetako eskaintza xumea dala pentsetan dogu, euskeraz egindako bidai abentura laburra.
2.- Bidasoatik harago. Zer esan nahi izan dozue izenburu horregaz?
Bidasoa da gure herriaren muga naturala, bereiztu egiten gaituana, zatitu, batzuk deutsee alde batean Espainia dagoala eta bestean Frantzia, baina guk zubia ikusten dogu, alkartzen deuskuna, alde batean zein bestean Euskal Herria.
Arriskuz betetako ingurua da Bidasoa, baina baita aukeraz be, arriskuak izan dira bizitza barri baten bila, diktadura eta atxiloketei igesi bertatik iragandakoek pasau dituenak, persona migratzaileak dabiz orain sufriduten hori. Aukerak izan dira mugalarien ekinak eta kontrabandoak ekarri dituanak, alde batetik bestera naturalki egiteko horreen jarduna.
Baina badira beste arrisku klase batzuk euskal nortasunari begira, Hendaiatik Paris bihurtzen da, batez be, erreferentzia kulturala eta Irundik Madril, horrek euskaldunoi arriskua dakarkigu, gure identidadea galtzeko kinkan gagoz beti, esfortzua merezi dau gure euskereari heldutea, alaitasunez baikor baina zuhurtziaz, hori baita alkartzen gaituana Bidasoatik harago, hizkuntza, historia, mitologia, musikea eta jantzea.
3.- 30 urtez ibilbide luze eta emonkorra egin dozue alkarrekaz. Ondo eroaten zaten seinale...
Alkarri entzutea da kakoa, errespetatzea, batera indartsuago eta aberatsago garela ulertzea. Holan sinisten dogu eta praktikara eroaten saiatzen gara. Sorleku berekoak gara, etxeko giro antzekoa dogu, izan eta egiteko modu bateratu bat, eta horrek asko lagundu deusku gure nortasuna zizelketan besteagaz enpatia izanda, alkarrekaz helduz sorkuntzeari.
4.- 250 kantu baino gehiago egin dituzue batera, Etzakit, 4itzal edo Esne Beltza lako musika taldeetan. Sorkuntza prozesu horretaz disfrutetako aukerea izango dogu etorkizunean?
Alaitasuna burrukatzeko eta biziteko tresnea da, horri eusten deutsagu gaur gaurkoz. Etorkizunean be, sortzea gure alaitasuna izango da, baita publikoagaz alkartzea be, danok disfrutetea. Hori da gure helburua gaur eta holan jarraituko dau izaten. Konfiantzaz jarraituko dogu etorkizunean sortzen.
5.- Afixa, Ainara Azpiazu Axpi eta Maitane Gartziandiak egin dabe. Afixak, izokina aurkezten dau, Bidasoatik Urumeara salto egiten dauena. Sinbologia aproposa iruditzen? Horrezaz gan, gustetan?
Izokina etxean, libre, hemendik hara, bizitearen adierazle, korrontearen kontra eta alde, eguzki euri nahiz laino Euskal Herri osotik Euskal Herri osoraino. Kartelagaz oso pozik gagoz. Bai Ainara eta baita Maitane be, biak hernaniarrak dira, gure lurralde berekoak, artista bereziak, talentua eta lana ardatz dabenak.
Gu bion alkarlana begitan izanda ordezkatuko genduzen kartela alkarlanean egitea nahi genduan, eta berezitasun hori aprobetxatu irudia gordetzeko, gure etxeko paretetan edo txoko maitatu batean. Ainara izan da ilustrazinoaren arduraduna, Axpi, eta bere osaba Koldo Azpiazu izan zan Etzakit taldearen irudia egin ebana eskultura bezela. Maitanek diseinua eskaini deutso guztiari eta gu emaoitzeagaz kontentu gelditu gara.
6.- Urritik abendura emongo dituzuen kontzertuez gan, besterik bai?
Momentuz zemendira arte ditugun ikuskizunak iragarri ditugu, izokinearen helmugea abendua dala jakinda, bidea egin nahi dogu. Disfrutetea da asmoa, publikoaren harrerak baldintza leiteke soilik bide horren amaierea.
7.- Mezu berezirik?
Garai ilun eta gris honeei kolore pixka bat ezarri eta emozinoak jantzan jarriz gurekaz alkartzeko konbidapena edegitea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!