Nerea Arriola: 'Lau biolinista gara etxean'

Andoni Mugica Lopez 2025-10-13 07:47   Barriketan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak hari-instrumentista gazteen prestakuntzarako bideratutako Nicanor Zabaleta bekea emon deutso Nerea Arriola Mendieta biolinisteari (Mendaro, 2002). Laguntza horrek 14.000 euroko aurrekontua dau eta 2024-2027 aldirako Beken Plan Estrategikoaren parte da. Plan horren helburua da biolin, biola, biolontxelo, harpa edo kontrabajuko interprete gazteen garapena sustatzea, goi mailako prestakuntza espezializaduetan sartzea erraztuz.

Nerea Arriola Mendaron jaio zan musikeagaz lotura handia dauen familia batean eta bost urte zituala hasi zituan biolin ikasketak. Musikenen Gradua ohorezko matrikuleagaz amaitu ondoren, Rolleko (Suitza) International Menuhin Music Academyn jarraitu dau ikasten, Renaud Capuçon, Oleg Kaskiv eta Guillaume Chillemme maisuen tutoretzapean. 

Beka horri esker, Nerea Arriolak nazinoarteko garapen artistikoagaz jarraitu ahal izango dau, ibilbidea sendotuz Euskal Herriko eta Europako panoraman proiekzino handiena dauen biolinista gazte bezela.

 

1.- Zorionak Nerea, izan be, Nicanor Zabaleta bekea jaso dozu. Zelan zagoz? 

Oso pozik nago, izan be, ez neban espero holako bekarik jasotea. Aurkeztutako musikari guztiek sekulako mailea eben. Beraz, ohorea izan da, baita ekonomikoki eta Nicanor Zabaletaren izenarengaitik be.

2.- Musikenen Gradua ohorezko matrikuleagaz amaitu ondoren, Rolleko (Suitza) International Menuhin Music Academyn jarraitu dozu ikasten, Renaud Capuçon, Oleg Kaskiv eta Guillaume Chillemme maisuen tutoretzapean. Nondik nora zabiz orain?

Suizan bizi naz, Lausana urian, Ginebratik 40 minutura gitxi gorabehera. Uria oso polita da, asko gustetan jat eta oso gustura sentiduten naz. Egun, La Haute École de Musique (HEMU) konserbatorioan Biolin Interpretazinoko Masterra nabil ikasten, hain zuzen be, urte biko masterra amaitzen. 

Gainera, sekulako suertea daukat, izan be, irakasle oso onak ditut, esaterako: Renaud Capuçon, mundu osoan ezaguna dan biolinistea.

3.- Euskal Herriko eta Europako panoraman proiekzino handienatakoa dauen biolinistea zara. Zelan eroaten dozu presino hori?

Presinoa ondo eroatea ez da erraza. Egia da, musikariok, presino ugari jasaten dogula eszenatokian gagozelako jente askoren aurrean. Horrek, mentalki, presinoa handia sortu leikee. Besteengandik presino asko jasaten dogu, beraz, gu geu izan behar gara, gurea ikusi eta presino gitxiago jarri. Halanda be, nahiko ondo eroaten dodala uste gura dot.

4.- Bost urtetatik joten dozu biolina. Zeini esker?

% 100 nire gurasoei esker izan da. Halanda ze, biak biolinistak dira, baita nire ahizpa be [Barreka]. Biolina dogu gogoko etxean. Hasieratik asko gustetan jaten eta geroztik jarratiu dot.

5.- Zer da biolina zuretzat?

Bizimodua da, izan be, bost urtetatik daroat horretan. Ez dot gura esan hori bakarrik egin dodala, baina, egia da, nire bizitea biolinaren inguruan sortu dala: egunerokoan, bidaiatzen dodanean... Beraz, ez dakit zer egingo neban biolinik gabe.

6.- Zer esango zenioke zu bezela musikea ogibide gura dauen musikari gazte bati? Gomendiorik?

Bakotxak haren bidea egin behar dauela. Gaur egungo gizartean konparazino gehiegi dagoz, arlo guztietan, eta, batez be, musikan. Beraz, bakotxak berea ikusi eta aurrera egin behar dau. Danok desbardinak gara eta gure egiteko moduak dauzkagu, onak eta gatxak. 

7.- Bihar-etzi non gustatu jatzun egotea? Zeintzuk dira zure helburuak?

Ez nago seguru. Hori bai, biolinagaz lotuta egongo da. Oraindino be, ate guztiak edegita ditut. Gauzak probetea gura dot, benetan zer gustetan jaten jakiteko. Halanda ze, inbestigazino lanetan nabil. 

8.- Musika klasikoa joten dozu. Horrezaz gan, zein musika estilo entzuten dozu? 

Musika klasikoaz gan, beste estilo batzuk be entzuten ditut, esaterako: jazz, pop... Baina dana entzutea gustetan jat, zabalik nago musika estilo ugari entzutera.

9.- Gazteek ez dabe musika klasikoa entzuten. Zergaitik uste dozu? Zer esango zeunzkie? 

Gazteen pentsamenduan musika klasikoa aspergarria dala nabari da. Halanda ze, Euskal Herriko musika klasikoko kontzertuetan gazteen portzentaia oso bajua da. Suitzan, barriz, ez da holan. Beraz, gustauko jaten gazteek aukerea emotea musika klasikoari. Esaterako, joan zan astean, lagun bategaz joan nintzan musika klasikoko kontzertu batera eta txundituta geratu zan. Akordu oso polita dauka.

Beraz, gitxienez aukera emotea eskatzen dot, gero, gustuko izan edo ez, bakotxak ikusiko dau. Pena emoten deust, izan be, musika estilo horri barrera moduko bat jarten jakola uste dot.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu