Imanol Caruezo: 'ezustekorik ez badago arraunean topauko nauzue bospasei urte barru'

Koldo Isusi Zuazo 2025-07-21 07:51   Barriketan

Eusko Label eta Euskotren Ligak martxan dagoz eta orain artekoak ikusita ez da sorpesarik izan, Orio eta Arraun Lagunak estropadak irabazten eta sailkapenetako lehenego lekuetan sartu dira. 

Bermeotarrak be elegante dabiz eta Jon Salsamendik zuzendutako taldea ligearen hasieran nahikoa ondo dabil, Bilboko Banderan laugarren, Sestako Banderan hirugarren, Fabrika Banderan bigarren eta Petronor Banderan laugarren: geroetorri dira Cmo Valves eta Orioko Bandera. Sailkapen nagusian, barriz, bosgarren dagoz, Orio Orialki eta Zierbena Bahias de Bizkaia, Naiz Homes Donostirra eta Orsa Hondarria traineruen ondoren. 

Bermeoko traineruan debutanteak edo hasibarriak dagoz, Aitor Gondra patroia eta Michel Cisneros eta Imanol Caruezo arraunlariak; azken horregaz egin dogu barriketaldia eta 20 urteko bermeotarrak indarra eta pasinoa erakutsi deuskuz.


1.- Lehenengo estropada puntuagarrien ondoren (Bilbo, Sestao, Zierbena) zelan ikusi dozu zeure burua?

Gogotsu eta indarrez ekiteko prest nengoan, Elantxobe Arraun taldean ibilitakoa naz baina aldeak dagoz, sano gogorra da kirol hau eta barruraino sartu jatan; ingurukoak eta harro egozan herriko mutil gazte bat traineruan arraunean ikusteko. Hile batzuk baino ez daroadaz entrenetan eta pozik ekin deutsat denporaldiari. Bilboko Banderea sano gogorra izan zan baina disfrutau egin neban eta entrenatzaileak, Jon Salsamendik, emon deustan konfidantzeagaz be gustora nago, eskerrak emon eta aurrera egiteko momentuak dira bizi doguzan honeek.  

2.- Aurten debutau eta traineruan berehala sartu zara. Zelako saltoa igarri dozu?

Handia. Neguan gogor entrenetan zabizenean badakizu zer jatortzun, Elantxoben ibili arren, orain elitean gabiz eta asko igarten da. Zorionez kirol hau maite dot eta horri esker egingo dogu aurrera. 

3.- Oso oker ez bagagoz 20 urte dozuz eta Salsamendik aukerea emon deutsu Eusko Label Ligan denporaldia traineruan egiteko. Denporaldiari ekin aurretik zer esan eutsun, za agindu emon eutsun?

Behar egin behar dala, ekinaren ekinez datozela ondorioak eta neure eretxia be horixe da. Gauzak serio hartzen hasi baino ez naz egin eta ilusinoagaz eta Salsamendiren konfidantzeagaz ez da arazorik izango. 

4.- Hile batzuk daroazuz taldean, zergaitik hasi zinan arraunean?

Bermeo kostako herria da, arrantzua eta arrantzaleak beti izan dira herrian eta horri uko egitea ez da bidezkoa, gu hemengoak gara eta betiko tradizinoari eta bizibideari eutsi behar deutsagu, itsasoak, urak erakarri egiten zaitue eta familiaren eta lagun koadrileak be animetan dagoz beti eta ezin atzera egin [Barreka].

5.- Zelako arraunlaria zara?

Teknikoa edo indartsua nazela esatea baino gehiago gustetan jat nabarmentzea Bermeoko mutil gaztea nazala, arraunlaritzea maite dauena eta gogo eta pasino handiz, ekin eta ekin dabilena. Denporeak eta entrenatzaileek esango dabe zelako arraunlaria nazen.    

6.- Aitor Gondra patroiak be debutau dau aurten baina igaz hasi ei zan. Biak bermeotarrak eta biak gazteak, zelako giroa bizi dozue etxean, herrian eta lagunartean?

Michel Cisneros be ez daigun ahaztu. Ganerakoan, herria geugaz dago, gero eta gehiago animetan jabilkuz eta mobimentua igarri dogu lagunartean eta sare sozialetan be. Bromatxuak eta holakok be ugari azken asteotan eta gu geurera, nahikoa lan daukagu eta. 

7.- Zelako hartu-emonak dozuez traineruko ganerako arraunlariakaz?

Debutanteen artean oso ondo konpontzen gara baina beteranoakaz be itzel. Oso jatorrak dira eta beti dagoz prest laguntzeko, behar dogunean animetan deuskue eta eskertzekoa da hori. Taldean bat gehiago gara.

8.- Zelako tratua dozue Jon Salsamendigaz?

Ona. Hurrean, gertu izaten dozu, beti laguntzeko prest, zorrotza, exijentea be bada baina astokeriarik ez badozu egiten oso jatorra da eta entrenatzaile barik lagun sentiduko dozu [Barreka].  

9.- Neguan eta denporaldia hasita dagoanean zelako ariketak egiten dozuez?

Neguan ergometroa da gehien erabilten dogun tresnea, entrenamentuak indibilizauta egiten doguz eta uretara be joaten gara taldea osotzen, estrategiak lantzen eta alkar ulertzen be ibilten gara, traineruan danok egin behar dogulako batera, bilintzi-balantza ibili barik. Horixe da bidea.

10.- Oraintsura arte Bou Bizkaia zan erreferente eta bandera gehien irabazten ebana. Igaz aldaketak izan ziran eta Bermion ebizan Iker Zabala eta Gorka Aranberri patroia Oriora joan ziran. Orio izango ete da aurten erreferente?

Talde gogorra da Orio eta orain artekoak ikusita esan lei aurrean ibiliko dala. Sailkapenean Orio, Zierbena eta Bermeo-Urdaibai gara lehenengo hirurak oraingoz eta egurre emoteko prest gagoz. Denporaldia hasi baino ez da egin eta ikusiko dogu zelako gorabeherak dagozan

11.- Non ikusten dozu zeure burua bost urte barru?

Txikitan beti ikusi dodaz estropadak, kirol hau maite dot eta ez neban sinistuten elitera helduko nintzanik baina nire asmoa herrian segidutea da eta batek jakin zer jazoko dan, gauzak ondo badoaz eta ezustekorik ez badago arraunean topauko nauzue bospasei urte barru. 

Lehen be esan dot baina barriro eskertuko neuke Salsamendik nigan konfidantza osoa izan dauelako eta arraunlari beteranoei be eskerrak emotea, merezidu dabelako.

Gnerakoan, gazteei esango neuskie hurreratu daitezala Bou-Bizkaiaren lokalera, kirol hau ezagutu eta difrutau egingo dabelako.   

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu