Xabier Agote: 'euskaldunok punta-puntako teknologia garatu genduan'
2025-11-24 08:00 BarriketanSan Juan baleontziak, XVI. mendeko euskal baleontziaren erreplika zientifikoaren, lurrean eregiteko fasea amaitu eta itsasoko etapeari ekin deutso, nazinoarteko itsas ondarearentzat mugarri bat ezarriz.
Xabier Agotek, Albaola, irabazi asmorik bako alkarteak bultzatuta, erreplika honek barkugintza tradizionala eta berpizkundeko euskal itsas teknologiaren ikerketa zorrotza buztartzen ditu. Proiektuak ia desagertutako lanbideak suspertzeko kapaz dan giza eta material azpiegitura bat sortzea eskatu dau: ontzigintza tradizionala, errementaritzea, belagintzea eta sokagintzea esaterako.
San Juanaren saskarra 1978an topau eben Red Bayn (Labrador, Kanada), Selma Huxley historialariak egindako ikerketei eta Robert Grenierrek zuzendutako Parks Canada Urpeko Arkeologia Zerbitzuaren kanpainei esker. Milaka pieza aztertu eta katalogeteari esker, XVI. mendeko kroskoa eta eregiteko teknikak zehaztasunez biderati zituen, eta San Juana nazinoarteko erreferente bihurtu zan urpeko arkeologian. Albaolak Parcs Canadak egindako txosten zehatza jaso ondoren ekin eutson erreplika zientifikoa eregiteari.
Kontuak kontu, zemendiaren 7an San Juan baleontziaren botadura arrakastatsua izan zan.
1.- Zelan bizi izan dozue azkenengo egun honeek? Jentez ganezka egoan...
Egon ederrak izan dira. Uretaratzea gura izan genduan bezela suertau zan, baita eguraldi aldetik be. Gainera, jentez ganezka egoan eta ordezkaritza institutonazionala be etorri zan. Beraz, dana ondo baino hobeto atera zan. Uretaratzean, barruan nengoala, sekulako bistak izan nituan, oso pozgarria izan zan.
Orain, lana jarraitzea toketan da. Kaskua uretan egonda be, lan handia daukagu aurretik: mastea eta bestelakoak egin behar ditugu.
2.- Zergaitik izan zan han baliotsua San Juan baleontzia?
Urte askoko lana dagoalako horren atzean. Lanak hasi aurretik, urte askotako nahia egoan horri ekiteko. Holan, orain dala 40 urte, 1985. urtean hain zuzen be, izan genduan itsasontzi horren lehenengo barria. Halanda ze, National Geographicek aldizkarian irakurri genduan lehenengo aldiz horri buruz. Bertan konturatu ginan itsasontzi horren dimensinoaz. Ordutik, hori egitea izan da gure helburua eta, azkenean, egi konbertidu dogu.
3.- Zerk lotu eutsun pertsonalki istorio horregaz?
Ogibidez ontzigilea naz. Gaztetan Euskal Herriko itsasontziekiko sentikortasun berezia garatu neban, ez dakit nondikan edo zer dala-eta. Garai hatan, lanbide hura ikasteko hemen etzegoan non ikasi, izan be, galduta egoan. Hori bai, azkenean lortu neban ontzigintzea ikastea, baita ondare izugarria daben itsasontzien testuingurua be.
Orduan, sekulako lotura emozionala garatu neban, batez be, horreek euken eskulangitzeagaz, baita National Geographiceko artikulua irakurri eta gero. Zelan edo halan, gure historia aztertu neban; guztiz baztertuta egoala eta oso jente gitxik ezagutzen ebala ondorioztatuz. Arabere gehiago, inguruan ez egoan intereserik. Horregaitik erabagi neban, 1987. urtean, bakarrik, Albaola sortzea.
Ordutik, urrats sendoak emon ditugu. Herrigintzatik sortutako proiektua da, urtetik urtera garatzen joan izan dana eta San Juan ontzia eregitea ahalbideratu izan dauena.
4.- Zein da zuen helburua?
Daborduko 62 urte ditut. Dauela 40 urte gaztetxo bat nintzan, ilusinoz beteta eta Euskal Herriak haren itsas historia berreskuratzea merezi ebala pentsetan ebana. Allbaolaren helburuetako bat hori da, gure historia berreskuratzea, baita gure itsas kultur ondarea agerian jarri, ikertu eta aztertu.
Hori gitxi balitz, bestelako itsasontziak be berreskuratu ditugu, ez hain handiak eta esanguratsuak, baina aparteko garrantziak dabena be. Euskal Herriko kostea dinamizetan gagoz itsasontzi horreekaz, baita nazinoarteko dimensinoa emon guran euskal kultureari.
5.- Ahaztutako ezagutzea errekuperatea dala asmoa aitatu dozu. Zelan edo zergaitik ahaztu genduan historiako atal hori?
Badagoz arrazoi politikoak. Askotan galdetu deustie eta oso nabaria da: Elkanon urteurrena zala-eta, ekimen ugari atondu ebezen. Euskal Herriko batzuk ez eben parte hartu, espainiako historiagaz loturea eukalako, beti be, euren ustetan. Holan da, egia esan, baina galeoi euskaldunak buru belarri egoazen: batetik, euren eginkizun propioetan; eta, bestetik, koroen interesen dinamiketan sartuta. Halanda ze, gaurko ikuspegi politikoan, ez da egokia edo ez dau gustetan.
Gainera, beste interes batzuk dagoz euskaldunen harrotasun hori ez bizteko, beraz, historia atal hori itzalita egon da.
Euskaldunok, ozeanoetako nabigazinoei begira, punta-puntako teknologia garatu genduan. Baina, interesgarriagoa zan pentsatzea herri pobrea ginala, apalak eta xumeak, ardiak jagotera joaten ziranak ameriketara. Hori, pasau zan, jakina, baina XIX. mendean. Historian atzera egiten badogu, itsasoaren zati bat gurea zanaz konturetan gara.
Beraz, baegoan interesa izaera hori ezkutatzeko. Nik uste dot horren ganetik egon behar dogula. Historia gure arbasoek sortu dabe eta euren ibilbideari esker heldu gara gaur egunera. Errespetua behar dabe. Euskal Herria izan da izan dan hori. Sekulako historia izan dogu, ederra eta argitsua. Oso harro nago gure arbasoek egin ebenez.
6.- 2013an, Gizateriaren Ondarea izentau eban UNESCOk. Ordutik, Espainiako ministerioaren, Gipuzkoa Aldundiaren eta Kanadako gorbernuaren laguntzea jaso dozue egitasmoa aurrera eroateko. Beharrezkoak diran diru laguntzak historia errekuperetako ezta?
Bai, jakina. Onezpenak ondoetorriak dira datozen leku guztietatik. Azkenean, Albaola herrigintzatik sortzen dan egitasmoa da: Euskal Herriko maitasunetik. Horrek lagunduko deusku urrunago joaten, bai albaolari eta baita Euskal Herriari be.
Unescoren autortzea oso garrantzitsua izan zan: 2015 emon eutseen San Juan itsasontziari babesa. Orain hilabete bi, gainera, Jardun Egokien Adibide bezela autortu dabe. Laguntzak beti eskertzen dira.
7.- Zeintzuk dira hurrengo pausuak?
Batetik, San Juani jagokonez, itsasontzia amaitzea. Orain arte ontzi-kaskua egin dogu, ez dala gitxi, arabere gehiago, garrantzitsuena da; izan be, uretan dago daborduko. Udabarrian bisita gidatuak egitea espero dogu, barrutik ikusi ahal izateko aukerea eskainiz. Bitartean, lan ugari falta jaku: mastak, daborduko hasi garenak lantzen; belak, eskuz egingo ditugunak; baita aingurak be, fundizinoan egin ahal ziranak baina guk egingo ditugunak, garai hatako teknikak errespetatuz eta berreskuratuz. Asmoa da jakitea zelan egiten ziran gauzak, eta ondorioz, ulertzea. Hori guztia gizarteratzea gustauko jakun.
Horrezaz gan, marinelen erropea be egingo dogu, lege zaharreko teknikak erabiliz. Tripulazinoa aukeratu behar dogu, baita formatu be. Gure asmoa da 2027an Kanadara joatea, garai hatako euskaldunak egiten eben bezela.
8.- Horreezaz gan, asmoa barkua museo bezela konbertidutea da ezta?
Hori da. Itsasoan ez dagoan bakotxean, bisitetako aukerea egongo da. Pasaian izan arren, baliteke beste portu batzuetan egotea be. Gainera, itsas festibaletan be parte hartuko dogu, izan be, daborduko hasi gara jasoten horretarako konbidapenak. Beti be, kultur programazino bategaz lotuta.
Bitartean, epe-laburrean deutsot, beste itsasontzi batzuen zehabarrikuntzan ibiliko gara. Horrezaz gan, arrantzeari buruzko erakusketea ederra prestau dogu. Halanda ze, Albaola Itsas Faktoria martxan jarraituko dau, San Juan uretan dagoan bitartean.
9.- Mezu berezirik?
Guri jagokigu euskal kultureaz arduratzea. Gure historia eskuragarri daukagu, garai batean liburutegietara joan behar genduan informazinoa topetan; gainera, askotan liburuak beste hizkuntza batzuetan argitaratzen ziran. Gaur, interneta daukagu: sekulako tresnea da, aukerea emoten deuskuna gure itsas historiaren barri izateko.
Beraz, nire mezua interes pixkat gehiago izatea da, batez be, gure itsas historiari jagokonean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
