Mikel Urdangarin: 'zinezale amorratua naz'.

Koldo Isusi Zuazo 2026-01-12 07:56   Barriketan

Musikearen munduan hogeita bost urtetik gorako ibilbidea egin dauen zornotzarrak, hogei bat disko plazaratu ditu baina zinegile lanetan be hasi da, itsasoa maite dauen sortzaileak eta, beraz, makinatxu bat gauza moltsotu jakuz.

Mundua eder 2024an plazaratu ostean, makinatxu bat kontzertu emon ditu zornotzarrak, urteko azkenak Bilboko Kafe Antzokian eta Donostiako Victoria Eugenian eta Eskozian, Edimburgon be bai, Urtebarriko Jaialdian, Hogmanay – First Footin entzutetsuan.

Berezia izan zan Badena eta ez dena diskoa 2022ko abuztua eta urria bitartean grabautakoa Euskaldunako Bilbaoko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan eta Gasteizko URA Studiosen. Orkestrearen grabazinoa Unai Mimenzaren esku egon zan eta zornotzarraren ahotsarena, barriz, URA Studiosen egin eben Koldo Uriarteren gidaritzapean. Zuzendaria: Iker Sánchez Silva izan zan eta kantu guztien orkestrazinoa: Bingen Mendizabalek egin eban. Disko osoaren nahasketa eta masterizazinoa, barriz, URA Studiosen egin eben.

Ganerakoan, zinegile lanetan lehenengoz Mikel Urdangarinen Itsasora filmaren mundu mailako estreinaldia 2025eko abenduaren 5ean egin eben, BBK Mendi Film Jaialdiaren barruan eta soinu-banda onenaren saria irabazi eben, Mikel Urdeangarinek eta Koldo Uriartek sortutakoari esker.

Filmak Aitzaki belaontzian sartzea proponiduten deutso ikusleari, Mikel Urdangarinek eta Unai Basurko nabegatzaileak alkarregaz egingo daben bidaian parte hartu daian baina Itsasora euskal nabegatzaile erreferentea dan Unai Basurkori autortzea egitea izan da asmoa.

1.- Zorionak Mikel Bilboko Kafe Antzokiko urteroko hitzorduagaitik eta zinegile lanak be egin dozuzalako. ¿Antzokikoa berezia izaten da beti baina zergaitik izaten da magikoa?...

Magikoa, berba indartsuegia da eta ez dakit lar esatea ez ete dan. Kontzertu berezia izaten da, energikoa, urteroko hitzordua, entzuleen indarra eta berotasuna gugana dator eta geurea eurek jasotea da amesa.
 
2.- Eskozian, Edimburgon be kantau dozu, Urtebarriko Jaialdian, -Hogmanay – First Footin- entzutetsuan. Talde osoa joan zarie baina kontaiguzu zelako esperientzia izan da?

Ederra. Edimburgo uri espeziala da, 18 urtegaz han bizi izan nintzan lehenengoz eta hortik aurrera baten baino gehiagotan joan naz, gero kolaboratzaile izan dodazanak han ezagutu nituan eta maite dodan uria da. Ganera, aurten gonbidapena berezia izan da eta neugaz batera Greyfriars Kirk eleiza historikoan kantau genduan Eskoziako Valtos taldeak, Maren eta Olaia Inziartek. Esperientzia upealakoa izan da.

3.- Badena eta ez dena diskoa 2022ko abuztua eta urria bitartean Bilbaoko Orkestra Sinfonikoagaz grabautakoa gogoan dozu oraindino?

Ez dot ahaztuko. Norberarena Bilboko Orkestra Sinfonikoaren handitasun eta dotoreziaz batzea sekulakoa izan da. Nire kantutegiaren zati bat sinfonikora eroatea eta prozedura guztia hur-hurretik sentidutea oso ederra izan da, sano aberasgarria. Konponketa lanak eta Bingen Mendizabalek egin zituan, lagun, taldekide eta asko miresten dodan personeak.

4.- Mundua Eder diskoa da plazaratu dozun azken diskoa. Kirmen Uribe eta Harkaitz Canoren berbak, Izaro Andres, Rafa Rueda, Koldo Uriarteren produkzino artistikoa eta askoz gehiago nabarmendu daitekez fitxa teknikoan. Lantalde ederra...

Neuk sinatu arren, taldea da gurea eta badaroaguz urte batzuk jarrera hori lantzen. Aspaldi hasi ginan eta oso oker ez banago, 2020. urtean egin genduan lehenengo produkzinoa Koldo Uriartegaz, lagun handia da, talentu handikoa eta Itsasora filman be hor ibili gara; Rafa Ruedagaz 22 urte inguru daroaguz alkarregaz eta ganerako taldekideak be hor izan dira Jon Cañaveras: bajistea; Ander Hurtado de Saratxo: bateria eta perkusinoak; Nika Bitchiashvili: biolina; Alison Keable: abeslaria; Rubén Salvador: fliskornoa; Estitxu Oraá: txelistea; eta Ainhoa Marauri: biolea.

Zerua izar jario kantuaren berben egilea: Harkaitz Cano da eta Kirmen Uribe be ezin ahaztu, disko barriko Mundua eder eta Udako gau epela kantuen berben egilea da eta gogoratuko dozue 2003an Zaharregia, txikiegia agian kaleratu genduala Kirmen Uribek, Rafa Ruedak, Bingen Mendizabalek, Mikel Valverdek eta neuk 

Diskoaren azalari jagokonez, Alain Urrutiaren akuarelea da eta pozik nago emoitzeagaz. 

5.- Maisua eta bertsolaria zinan orain 30 bat urte eta musika mundura egin zenduan salto. Atzera egin eta zelan gogoratzen dozuz hareek momentuak, bildurra, ausardia, lotsea, emozinoa...

Larregi pentsau barik emondako saltoa izan zan, odolberoa naz eta giroa bera be baikorra izanik, aurrera egin eta holan gogoratzen dodaz momentu hareek; bildurrik ez, inondik inora, intuizinoa izan zan, bihotza eta musikea alkarregaz doaz eta zorionez bihotzak agindu eban.

6.- Itsasoa maite dozula bagenkian baina zinegile lanetan hastea ez genduan espero. BBK Mendi Film Jaialdian aurkeztutako Itsasora filma egin dozu eta estreinaldi ofizialean soinu-banda onenaren saria irabazi zenduan....

Bai. Pozarren gagoz Uriarte eta biok. Sail Ofizialen egotea be nahikoa sari da eta, besterik ez genduan behar. Musikea saritzeaz gan, pelikulea bera be gogoan euki dabelako. Musikea eta kontetan dana bat etortea oso inportantea da, kontakizuna jagotea, irudiaren eta soinuaren bikaintasun teknikoaren alde egitea, eta tokiko talentuagaz lan egitea erabagiorra izan da istorio unibersalak kontetako.

7.- Dokumentalerako beren-beregi sortutako musikea da saritu dabena. Koldo Uriarte, Alazne Ameztoi, Luis Baranda eta Xabi Urresti nabarmendu geinkez...

Jakina. Zuzeneko soinuaz arduratu dira eta soinu-nahasketak Martin Guridik egin ditu.

Xabi Urresti espezialistea da, kapitaina, itsasgizona eta oso baliotsua izan da guretzako, itsasoa negargarri egoanean grabetako kapaz izan zan, itsasoa hasarre eta mutur-muturreko egoeretan ibili gara eta holakoetan lan egin dau. Txapela kentzeko moduko lana. Lau urtean ibili gara eta isilpeko lanetan ibili da. Pozik eta harro nago Urrestik egindakoagaz. 

Argazki-zuzendaritzan Gorka Gomez Andreu eta Mattin Saldias ibili dira eta oso pozik nago egin daben lanagaz.

Eta Koldo Uriarte be ez da edozein, txikitan txistua joten hasi zan, jazz munduan be ibili da, pinistea, konpositorea eta produktorea be bada eta kolaboratzaile bikaina, 2022tik gabiz alkarregaz eta Izurdeen lekua lanaren produkzinoa be berea da.

8.- Zuzendari laguntzailea Telmo Esnal izan da...

Bai. Handia da Telmo. Geugaz lan egitea sekulakoa izan da. Ohorea. Zinema zuzendaria eta gidoigilea da. 2005ean, bere lehenengo film luzea grabau eban (Aupa Etxebeste!), Asier Altunagaz batera eta sariduna eta makinatxu bat lan egindakoa da.

9.- Itsasora filman Unai Basurko nabegatzaile bizkaitarragaz ibili zara. Zergaitik Basurko?

Erreferentea da Basurko, bakarrra eta nik suertea izan dot berari esker itsasora salto egiteko. Zeozelan autortu egin gura izan dot bizkaitarraren lana, ames kolektiboak oso presente dagozan momentuan, Unaik bakarka hirugarren sailkatu zalako 2007an munduari bueltea emoteko Five Oceans estropadan. Bigarren be sailkatu izan da eta, oso oker ez banago, bost bider emon deutso bueltea munduari. Bakarkako amesen ideak liluratu egin ninduan. 

10.- Zinegile ala musikari, bakarlari, zeinetan zabiz gustorago?

[Barreka] Enaz zinegile, dokumentala egiteko kapaz izan naz, zinezale amorratua naz, hiru dokumentaletan parte hartu izan dot baina musikagile eta letragile nabil azken hogeita hamar urteotan. Musikeagaz lotutako egitasmotxu bat daukat buruan baina orain disko barria eta Itsasora dokumentala sustatzea izango da nire lana.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu