Aitor Etxebarriazarraga: 'zaleen berotasunak kanturako indarra emon eustan!.
2025-12-29 07:44 BarriketanAitor Etxebarriazarraga.
Onintza Enbeita eta Aitor Etxebarriazarragaren arteko buruz-buruko parekatuaren ondoren, puntu erdiko aldeagaz Etxebarriazarraga gernikarrari ipini deutso txapela Arantza Plazak, Xabier Amurizaren emazteak. Urteetan upealako lana egin dau Gizaburuagan, 1958. urtean jaiotakoak. Mundu bat bertso programearen bidez eta bertsolari gazteei, bertso eskola eta ikastetxeetan sasoi bakotxeko errealidadea, egoera soziolinguistikoa, eskola handi zein txikiak gogoan hartuta handia egin dau. Bizkaiko bertsolaritzea lantzeko dokumentazino lanetan be ibilitakoa da eta aurtengo txapeldunari txapela jaztea ohorea izan dala nabarmendu dau.
Sarrerak agortuta, Bilboko Casillan 4.700 lagun inguru egozala, ondokoek kantau dabe finalean: Aitor Etxebarriazarraga; Onintza Enbeita; Txaber Altube; Aitor Bizkarra; Xabat Galletebeitia; Jone Uria; Oihana Bartra; eta Gorka Pagonabarraga.
Azkenean, Aitor Etxebarriazarraga gernikarra izan da txapelduna bai Onintza Enbeitari puntu erdia baino ez deutso atara. Gernikarra LiliBertso eskolako kidea da eta 22 urtegaz hasi zan bertsotan. Lehen plazea 2015eko Busturialdeko txapelketan izan eban. Bizkaiko Bertsolari Txapelketan 2018n parte hartu eban lehenengoz eta 20021ean eta 2023an finalista izan da. 2022an Eskualdeko txapeldun izan zan eta bere lehenengo Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu eban.
Aitor Etxebarriazarragak Hezkuntza arautuan jaso eban bertsolaritzea, Jon Lopategiren eskutik, baina gero ez eban jarraitu. Bertsozalea izan da umetatik, amama bertsozalea zan, gure etxean haren bertsoak entzuten ziran.
Kontuak kontu, finalaren ganeko gorabeherak eskatu deutsaguz gernikarrari eta hona hemen emon deuzkuzan azalpenak.
1.- Zorionak Aitor, hirugarren finala eta txapela, ez da marka txarra...
[Barreka] Eskerrik asko. Finala, edozein txapelketakoa izanda be beti hartzen dozu ondo eta hau, Bizkaiko Txapelketakoa izanda gusturago...
2.- Casillan sartu, sarrerak agortuta, zaleen zaparradea eta norbera kikilduta ala pozarren hartzen dau bertsolariak hori guztia?
Kikilduta baino gustura hartzen doguz holango jarrera eta enparauak. Jentearen berotasuna eta gure aldeko jarrerea igarri eta beti egoten zara pozik. Prentsaurrekoan be esan euskuenean ia sarrera guztiak agortuta egozala, gustora entzun nituan horreek berbak ze bertsolariontzako finala gauza handia da eta egun handiak handi diranez, martxan, bildur barik joatea da onena. Gainera, herririk herri plazatan ibilita gagoz eta zeozelan gorputzaldi edo temple ona izaten dogu [Barreka]. Baina egia da nerbio faltarik ez da izaten, etxean, beharrean eta holako momentuak ahaztuten saiatzen naz gero finalean horreek ez daitezan igarri. Ikasten gabiz, nerbio, bildur eta dudak kontrolpean eukitea da onena eta prozesu horretan, etxekoek eta lagunek sufriduten dabe gehien baina ondo konpontzen gara [Barreka]
3.- Palestinako zapiagaz agertu zinien oholtzan. Aurrez pentsauta egoan?
Bai, edo. Prentsaurrekoaren egunean egin genduan berba baina pentsetan dot danok geunkala keiruren bat egiteko idea. Xabati okurridu jakon Palestinako herriari alkartasuna adierazoteko zapiagaz agertzea Casillan eta holantxe egin genduan.
4.- Txapela Arantza Plazak jantzi eutsun, Xabier Amurizaren emazteak, hain zuzen be. Zuokaz txikitatik ibili dan emakumea, bertsolaritzearen gorabehera danak erakusten. Momentu gogoangarria. Zer izan da zuretzako Arantza Plaza?
Arantza Plaza aitatu eta berehala Xabier Amuriza jatorku burura eta holan da baina Miren Amurizaren ama be bada. Bertsoaren mundua barru-barruan daroagunok sano pozik gagoz eta eskertuta Plazak egindakoaz. Txapela jaztea irabazleari inork merezidu badau Arantza Plaza da nagusietakoa. Datozen eta etorri garenon ibilbidea zehazten eta potolotuten ibilitakoa da, bertsozaletasuna mundura ekarten, bertso gosea suspertzen makinatxu bat lan egindakoa. Gaur egun bertsolaritzea dagoan lekuan egotea Arantza Plazari zor jako.
5.- Bost orduko finalean, ariketak ariketa, buruz-burukoan Onintza Enbeita eta zeu geratu zinien. Azkenean txapela zeuretzat izan da baina puntuazinoari begituta, puntu erdia baino ez dago zuon bion artean. Ezustea izan da zuretzako txapela?
[Barreka] Puntu erdia atara behar izaten da holako kasuetan eta pentsaizu zazpi epaile, ia bost mila persona eta irrati eta telebista bidez milazak dagozala gogoan hartuta, emoten dau bardinketa teknikoa be izan eikeala baina nik ez dot soltauko txapelik...
6.- Onintza hamar aldiz egonda finalean eta Bizkaiko txapelduna be bada. Horrek zelako sensazinoa eragin eutsun?
Ohorea Onintzagaz buruz-burukoa kantetea baina bildurrik eta holakorik ez nituan sentidu, irabazteko presinorik barik joatea mesedegarria izan zan eta gogotsu ekin neutson; hori bai emozinoek ganezka egin eustien, lehenengoz finalean eta gure eskualdeko Onintza Enbeitagaz lehiatzea, bertsokidea eta guretzako erreferentea.
Buruz-burukoan sartzeko gengozala, besarkatuta, emozionauta, negar baten, ekiteko sasoia etorri zan eta emozinoei ezin eutsita ekin geuntsan kantuari eta zortziko txikian laprastadea egin eta amaierea be ahaztu egin jatan. Ausardiaz jokatu nebala entzun izan dot baina finalean nire burua sendo igarten neban, gaiak, errima eta enparauak erraz edo ataraten nituala, oso gustura ibili naz kantuan
7.- Deigarria eta pozgarria begitandu jakun Txaber Altube, lehenengo finala zalako abadiñoarrarentzat eta hirugarren sailkatu zan. Badator, ala aspaldi dabil mailea emoten?
Deigarria izan daiteke baina zaleontzat bertsolari ezaguna da, urte asko daroaz plazarik plaza eta merezidutako saria da hirugarren egitea finalean. Jakin barik amaieran hirugarren postua eskuratuko ebala, nik esan neutsan zoriontzekoa zala lehenengo finalean holako mailea emotea. Eta ez ahaztu birritan irabazi dauela Euskal Herriko eskolartekoa.
8.- Faboritoen artean Jone Uria be bageunkan (8. finala) eta Xabat Galletebeitiaren ondoren seigarren egitea be ez dakit ezustekoa izan da ala ez. Zuretzat sorpresea izan da?
Postuei ez deutset begiratu gura izaten eta kontuan hartu danok be 10 puntuko tartean ibili garela eta horrek esan gura dau zortzi bertsolarion mailea handia dala. Bertsolari handia da Jone, bertsotan umetan hasi zan eta Euskal Herriko Txapelketa Nagusietan be parte hartu izan dau. Umedun be badago getxotarra eta sailkapenari erreparauta hausnarketak egiten hastea arinegi dalakoan nago, denporeak esango dau non dabilen nor. Eta, beraz, balorazino sakonak egiteko patxadea behar da.
9.- Ganerakoan, gazteak oso indartsu zabizie eta Euskal Herriko Txapelketa Nagusia be badator. Ze esperantza dozu?
Ez dot holako gogoetarik egin [Barreka]. Oraintsu irabazitako txapela gustora hartu neban eta disfrutetako egunak dira. Gero gerokoak.
Ganerakoan, gazteen indarra nabarmentzekoa da bai, aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketan Onintza Enbeita izan da zaharrena, oso oker ez banago 46 urte ditu eta ganerakoak hortik beherakoak gara.
- OHARRA: Erretratuak: Ekaitz Zilarmendi.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
