Nahia Saratxu: '-Ranjeno Pleme- bizkaieraz grabautako film serbiarra da'
2026-02-02 07:55 BarriketanRanjeno Pleme, Paleolitikoan kokatutako film serbiarra, hizkuntza zahar batean grabau gura eben. Horregaitik, Novak Sipetic zuzendari serbiarrak, lagun askoren bitartez, Nahia Saratxu ezagutu eban. Halanda ze, larrabetzuko neska gazte horri esker, filma itzuli, aktoreak trebatu eta bizkaieraz grabau ahal izan dabe.
Orain, Euskal Herrian estreinau gura dabe Ranjeno Pleme film serbiar-euskalduna.
Ikusi hemen trailerra.
1.- Zelan parte hartu dozu film horretan?
Gidoia martxan egoanetik, hizkuntza zahar bat erabiltea gura eben. Hasieran, hilda egoan hizkuntza bat erabiltea zan asmoa. Gero, euskeraz egitea pentsau eben, izan be, bizirik dago eta polita da. Beraz, euren kontaktuen bidez, ahoz aho, Euskal Herrira heldu ziran eta nire lagun bategaz jarri ziran kontaktuan. Horrek, ez daki oso ondo euskeraz, beraz, neri galdetu eustien ia prest egongo nintzan. Duda barik, baiezkoa emon neban.
2.- Izatez, zure ogibidea zein da?
Diseinu grafikoko ikasketak ditut. Horrezaz gan, tabernetan egiten dot lan. Ez naz itzultzailea, baina asko maite dot gure hizkuntzea.
3.- Benetan zelebrea. Zelan konpondu zara?
Hasieran, zalantzak izan nituan, baita itzultzaile bategaz hartu-emonetan jarri edo ez. Gero, zalantza horrek alde batera itxi nituan. Halanda ze, euskerea egunero erabilten dot eta nire bizitearen parte oso garrantzitsua da. Beraz, estimazino osoz egin dodan lana izan da.
4.- Gustau jatzu esperientzia?
Bai, asko. Hasieran oso arraro ikusten neban dana. Ordenadore bidez berbetan, proiektu oso ezohikoa aurrez aurre... Zer da hau? Benetan aurrera ataretako kapaz izango ete gara? Dana oso abstraktua izan zan.
Gero, bertara joateko aukerea izan neban eta oso harrituta sentidu nintzan. Hizkuntzea lantzeaz gan, personan ezagutzeko aukerea izan genduan, baita euren hizkuntzea eta biziteko modua jakiteko be. Beraz, proiektuaz gan, bete-betean euren munduan sartu nintzan.
5.- Filmari jagokionez, personajeak euskeraz entzuten ditugu berbetan. Zelan konpondu zarie ahoskerea jorratzen?
Sekulako lana egin dogu ahoskerea lantzen. Lantaldekoek idatzi eustienean, 2024ko urtarrilean, testua itzultzen hasi nintzan. Horrezaz gan, audioak grabau nituan oso motel berba egiten eurek ulertu ahal izateko, baita bideoak be, ahoa zelan mobiduten dogun ikusi ahal izateko.
Hori dana egin ostean, maiatzean bertara joan nintzan. Euren hizkuntzea entzutean, harrituta geratu nintzan doinuagaz. Kakoa, ondokoa izan zan: eurak zelan esaten daben berba edo letra bat, esaterako, tx, testuan jartea ahoz esango zan moduan. Lanketa txiki horreek egin ostean, euskerea ulergarria izatea lortu dogu.
6.- Halanda ze, zelan konpondu zarie aktoreakaz kako horreek transmitiduteko?
Lantaldea ia osoa serbiarrak izan arren, gitxi batzuk errumaniarrak ziran. Beraz, daborduko hizkuntza bi egozan produkzinoan. Guretzat, hasieran errazagoa izan zan errumaniarrakaz berba egitea, ondoren, serbiarrak errumanieraz pixkat dakitenez hobeto egin genduan lan. Euren artean be asko laguntzen ziran.
Bestalde, filmako protagonistea errumaniarra danez, hartu-emon asko izan ditugu. Azkenean, oso ondo moldatu gara.
7.- Beraz, euskeraz ikasi dauela esango zeunke?
Bai, zeozer ikasi dau mutilak [Barreka].
8.- Grabazinoa abuztuan izan zan. Zu ezin izan zenduan bertan egon. Hori bai, zure lagun Aritz Ziarsolo bertan egon zan ezta?
Ordu asko izan ziran. Goizeko 07:00retan urteten ziran ilundu arte, udan. Aritz, grabazinoan buru-belarri ibili zan, azken orduko zuzenketak, zalantzak eta oharrak emonez.
Benetan, txalotzekoa izan da bere lana. Esaterako, grabetan, neskek tonu altuagoan egiten eben berba. Aritzen oharrei esker, tonua bajau eben eta emoitzan begi-bistakoa da askoz hobeto funtzionetan dabela. Beraz, beharrezkoa zan bertan egotea.
Aritzek dino gogorra izan zala, ordu asko eta oso intensoak. Era berean, gauzak ondo urtetan ziran heinean, oso aberasgarria eta polita konbertidu zan esperientzia. Bestalde, tokia be sekulakoa ei zan, mendiz inguratua. Gainera, bertako etxetxo baten egon ziran biziten eta bertako ohiturak ezagutu zituan. Beraz, grabazino esperientzia eta kulturen arteko hartu-emonak bizi izateko aukerea be izan zan.
9.- Filma ikusteko aukerea izan dozue?
Bai, filma ikustera konbidau euskuen. Familia eta lantaldekoak bertaratu ziran. Beraz, lagun artean, amaitutako bersino bat disfrutetako aukerea izan genduan. Euskaldun bi, serbioen artean...
10.- Urte biko lanaren ostean, obrea ikustea hunkigarria izango zan...
Bai. Gainera, oso lan bitxia da, ez edozelakoa. Hainbeste denpora lanean egon ostean, aurrez aurre ezagutzen ez genduan jentea ikusteko aukerea be egon zan.
11.- Orain, zuen asmoa hemen erakustea da. Zeintzuk dira jarraituko beharreko pausuak hori posible egiteko?
Asmoa jaialdietara aurkeztea da. Halanda ze, bertako jaialdi guztiak gagoz aztertzen, handi eta txikietan aurkezteko aukerak aztertzen. Hortik aurrera, gura beste zabaltzeko aukerea dago. Beraz, hori da lehenengo pausoa: jaialdietan aurkeztea. Horrezaz gan, eurak ona etortea be bada helburuetako bat.
12.- Gustauko jatzun holako beste proiektu batzuetan parte-hartzea?
Bai, asko. Ez daukat zer ikusirik mundu honegaz, baina sekulakoa izan da. Datorrena onartuko dot.
13.- Mezu berezirik?
Zurtz eginda nago urruneko kultura batek euskerea aukeratzea holako proiektu baterako. Filma aurrera atara ahal izateko lan asko egin da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
