Ianire Aranzabe: 'ez jat gustetan gauzak epe luzera atontzea'

Andoni Mugica Lopez 2025-12-22 08:00   Barriketan

Ianire Aranzabek 2021an ekin eutson ibilbideari, bakarlari lez. Urte batzuk aurrerago, hiru musikari sartu ziran berak sortutako Esanezin proiektura: Iñigo Asensio (tekladua eta koruak), Arri Iraeta (bateria eta koruak) eta Imanol Rubio (gitarra elektrikoa). Ianire abeslaria eta gitarristea da.

Aireratzen EPa eta Erretratu bat lehen diskoa plazaratu ostean, Hormetan idazten bigarren lan luzea kaleratu barri dabe.

Kontuak kontu, urteari hasierea emoteko makinatxu bat kontzertu atondu ditue. Horreen artean, 2026ko maiatzaren 22koa oso berezia izango dala autortu deusku Ianirek, Tolosako TOPIC Aretoan izango baita.

1.- Hormetan Idazten diskoa kaleratu barri dozu. Gustura emoitzeagaz? 

Oso harro nago emoitzeagaz, baita sorkuntza-prozesuak emon dituan inflexino puntuakaz be. Halanda ze, gauza politak eta garrantzitsuak emon deuskuez, bai taldeari eta baita neuri be. 

Sortze-prozesu horretan danetik jazo jaku, betiko lez. Hori bai, atzera begiratzean, sentiduten dot oso konektauta nagoala diskoagaz. Kontzertuetan, batez be, begi-bistakoa da diskoak bere ondorioak dagoala emoten. Beraz, disfrutetan gagoz. 

2.- Gainera, sorkuntza prozesua eta produkzinoa zeuk egindakoak izan dira. Sano inplikauta egon zara prozesuan...

Bai. Aurreko diskoan lez, gure ardurea izan da sorkuntzea eta produkzinoa. Suertez, modu oso naturalean urten jaku. Oso barrutik bizi izan dogu dana eta diskoa entzutean, hori sentiarazoten da. Sano harro gagoz, izan be, kantu bakotxean entzuten doguzan gauzak oso barruratuta ditugu eta, arabere gehiago, biziteko aukerea izango dogu, hau da, bizipen musikalak eta personalak. Halanda ze, batzutan pasetan da alderdi teknikoan arreta gehiegi jartea, baina kasu honetan gure bizipenak asko markau ditugu. Holan, badakigu momentu guztietan, zergaitik jarri genduan doinu, berba edo gitarra hori.

Produkzinoan, Eneko ta biok izan ginan buru-belarri. Prozesu horretan, kantuek zituen barruko historiak eta anekdotak, gure artean partekatzea beti izan da oso polita. Hain barrutik inplikauta egoteak diskoa aberasten dau. 

3.- 2021ean hasi zenduan ibilbidea bakarlari bezela. Daborduko, laukotea osotu dozue, izan be, Iñigo Asensio, Imanol Rubio eta Igor Telletxea batu dira taldera. Beraz, 2021tik, zelan aldatu da Esanezin? 

Beti sentidu izan dot Esaneziren ibilbidea oso gitxinaka joan dala. Posible da proiektu batek hasieratik upealako arrakastea izatea, baina gure kasuan, gauzak apurka-apurka etorri dira. Maila personalean, nire izateko ereagaz bat dator: ez ditut asko eskertzen erritmo biziak, izan be, nahiko patxadatsua naz. Asko gustetan jat gauzak lasai eta poliki egitea, zeozelan, ez dakit gurata edo gura barik baina holan izan da proiektuaren ibilbidea. Bestalde, bideak ekarten deutsuzan gauzak ezin dira aukeratu. Benetan ibilbidea biziteko eta poiektua ondo gauzatzeko, uste dot beharrezkoa izan dala patxada hori. 

Taldeari jagokonez, nahiz eta Esanezin nire proiektua izan, bigarren diskoan egiten gengozala baneukan taldea osotua. Kantuen produkzinoan, begi-bistakoa da hori. Oso polita izan da, izan be, kantuetan igarten dira nireak ez diran ukituak, hau da, beste taldekideen ekarpenak. 

Esanezin Iñigo, Arri, Imanol eta laurok osotzen dogu. Halanda be, ikasketak dirala-eta, Arri Granadan dago. Horregaitik, bateriak Igor Telletxeak grabau ditu. Bestalde, zuzenekoetan (eta Arri falta dan bitartean), orain arte gure teknikaria izan dan Julen Goikoetxeak hartu dau ardurea. Hori be, Esanezinen arimea da: taldea osotzen dogun jentea jagotea, ez dira musikariak soilik, proiektukideak baizik.

Niretzat upealakoa izan da bidean holako jentea topetea, proiektuaren parte izatea gura ebenak.

4.- Diskoan, ondoko artista honeek be parte hartu dabe: Sara Zozaya, Idoia Asurmendi eta Xabier Zeberio. Zelakoa izan da alkarlana?

Alkarlanak oso politak dira. Saiatzen naz alkarlanetik harago joatea, hau da, bien arteko hartu-emonetan gauza bereziak sortzea. Idoia eta Sararen kasuan, naturaltasunez etorri zan, abesti bakotxean aitatutako artistak irudikatuz. Grabazino eguna oso berezia izan zan, arabere gehiago, buruan neukan hori entzun neban. Benetan upealako momentua izan zan. Musikaz gan, gure arteko konexinoa nabarmentzen dot. Ez dakit Gure Zaurian kantuan zergaitik entzuten neban Sara, ezta Argia Dugu Gertun Idoian ahotsa be. 

Bestalde, Xabiren kasuan, abestia Ez banaiz iristen deitzen da. Oso abesti txikia tamainan, horregaitik, lehenengo bersinoa akustikoa eta ahotsa nabarmenduta jorratu genduan. Holan izan behar zala pentsetan neban, bere inperfekzinoakaz. Era berean, kantuak tristura puntua eskaintzen ebanez, soka instrumentu baten faltea antzemon neban: halanda ze, hor sartzen da Xabi. Egia esan, Xabiren Nyckelharpeak sekulako laguntzea emoten deutso lanari. Estimu berezia deukotsot kantuari. Ez heltzearen aldarrikapena seinaleten dau.

5.- Bestalde, Musikariak Palestinarekin plataformeagaz bat egin dozue, Spotify alde batera itxita. Zeintzuk izan dira arrazoiak?

Abuztuan lehertu zan kontu horrek. Spotifyek inoiz ez dau izan artistentzat jarrera ona, arabere gehiago, beti jasan izan ditugu tratu txarrak plataformatik. Bestalde, errealidadea ondokoa da: jentearen % 90-95ak haren egunerokotasunean erabilten dau. Beraz, oso gatxa da jentea hortik ataretea. 

Galdera asko suponiduten dauen kontua da. Lehertu zanean, hasieratik oso argi naukan erabagia. Oso konziente naz Esanezin taldearentzako galera garrantzitsua suponiduten dauela, baina ez dot nahi horren parte izatea. Ez dira erabagi errazak, gaia oso konplejua da. Esanezinek ez dau suponiduten ezelako galerarik Spotifyrentzat. Plataformea, premisa horregaz jaio zan. Jakin badakigu, Spotifyrentzat ez garela inor, beraz ez daiala ezer izan guretzat. 

Uste dot garrantzitsua dala gaia mahai-ganean jarri izana. Gainera, Spotify lez, beste hainbeste plataforma dagoz posizino horretan. Ahal dogun bitartean, garrantzitsua da ez isilik geratu ez eta berba egitea. 

6.- Non ikusten dozu Esanezin hemendik beste lau urtera?

Ez dakit, ez Esanezin ez ni. Ez jat gustetan gauzak hain epe luzera atontzearen oso zalea. Halanda ze, orain dala zortzi urte be, Esanezin sortzea ez egoan nire planetan. Naturalez ekin neutson proiektuari, arabere gehiago, ia konturau barik. Orain, lau urte aurrerago, oso pozik nago. 

Egia esan, hemendik lau urtera, espero dot benetan maite dodan hori egitea eta konpartidutea, niretzat garrantzitsua dan jenteagazaz. Momentuz, musikea egiten jarraitzea bada plan horretan sartzen dan gauzea. Beraz, espero dot hurrengo lau urteetan hori ez aldatzea. Intuizinoak hori esaten deust.

7.- Zeintzuk dira hurrengo kontzertuak?

Hurrengo kontzertuak ondoko honeek dira:

  • Urtarrilak 23: Zaldibiko Herri Antzokian. Bengo taldeagaz batera.
  • Urtarrilak 24: Aiako Probalekuan. 
  • Urtarrilak 30: Donostiako Kutxa Fundazinoa Kluban. Maria Amolategigaz batera.
  • Martiak 5: Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean.

Badagoz beste hainbeste atonduta, baina aurrerago iragarriko ditugu! Hori bai, 2026ko maiatzaren 22an kontzertu oso berezia eskainiko dogu, Tolosako TOPIC Aretoan. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu