Maider Aresti: 'Getxo Rugby taldeagaz Ligako Kopea irabaztea espero dot'

Andoni Mugica Lopez 2026-02-16 07:54   Barriketan

Getxo Kirolak taldeko teknikari, kazetari eta kirol arloko aditu getxotarrek osotutako epaimahaiak 2025eko Getxoko kirolari onenak autortu ditu.

Halanda ze, XIX. Getxo Sasoi Sasoian Sarien galan, Getxo Rugby taldeko Maider Arestik eta Naroa Azpitartek Kirolari onenaren saria jaso dabe, emakumezkoen senior mailan, Espainiako selekzinoagaz lortu eben Europako Txapelketeari esker. Gainera, aurreko Munduko Kopea jokatu eben Ingalaterran.

Maiderrek, betidanik, Getxo Rugby taldean jokatu izan dau. Halanda be, igazko denporaldian, urte batez, Sevillako Cocodrilas Rubgy taldean jokatzea erabagi eban: jokalari sano garrantzitsua izan zan eta Iberdrola Ligako finalerdietara heldu ziran. Txapelketei jagokenez, birritan irabazi dau Europako Errugbi Txapelketea eta igaz, Munduko Txapelketan parte hartu eban. 

Konsultau hemen XIX. Getxo Sasoi Sasoian Saridun guztiak. 

1.- Lehenik eta behin, Zorionak Maider, izan be, Getxoko Kirolari onenaren saria jaso dozu. Zelan sentiduten zara?

Eskerrik asko. Ez neban espero. Plazer hutsa izan da, arabere gehiago, Naroa Azpitartegaz batera jasotea. Lagunak izateaz gan, prozesua eta esperientziak batera bizi izan ditugu. Pozik eta eskertuta sentiduten naz. 

2- Igazko urtean Europako kopea irabazi zenduan Espainiako Selekzinoagaz. Txapelketa garrantzitsuenetako bat irabazteak, zer suponiduten dau zeuretzat?

Ilusino handia izan zan biontzat. Hori bai, ez da irabazi dogun lehenengo kopea, izan be, nik 2023an be eskuratu neban eta Naroak 2024an hain zuzen be. Leitekeana da, igazkoa bereziena izatea: biok batera irabazi gendualako. Ia ez dan irabazten dogun azkena. 

3.- Horrezaz gan, munduko kopan be parte hartu zenduan. Zelakoa izan zan esperientzia? 

Oso gatxa da esperientzia hori deskribidutea. Denpora oso gitxian, emozino asko bizi izan nituan: negar, zoramena, alaitasuna, tristurea... Oraindino be, ez naz guztiz jaubetzen. Horregaitik, uste dot ez jakola emoten merezidu dauen garrantzia. Halanda be, upealakoa izan zan, batez be, partidu egunak. Gertuko jentea etorri zan ikusten eta animetan, horreen artean, familiakoak eta lagunak. Horreezaz gan, munduko jokalari onenak aurrez aurre ikustea be sekulakoa izan zan. 

4.- Indarra, teknikea, erresistentzia... Zeintzuk dira jorratu beharreko atalak?

Asko dira jorratu beharreko atalak eta ezin zara baten zentrau beste kirol batzuetan bezela, izan be, osotasuna eskatzen dauen kirola da errugbia. Aitatu doduzan atal horreek, indarra, teknikea eta erresistentzia, oso garrantzitsuak dira, baita errugbiaren oinarriak be. Hori bai, beste batzuk be gehitzen ditut, esaterako, erabagiak hartzeko gaitasuna edo kirola ulertzea. Azken hori gatxenetakoa da, izan be, errugbia emoten dauena baino askoz estrategikoagoa da, momentu guztietan erabagi on eta azkarrak hartzea beharrezkoa da-eta. Beraz, atal horreek jorratzea ezinbestekoa da diferentzia marketako. 

5.- Igaz, Cocodrilas Rubgy (Sevilla) taldean ibili zinan. Jokalari garrantzitsua izan zinan bertan eta Iberdrola Ligako finalerdieta heldu zinien. Urte beteko esperientzia eta gero, Getxo Rugbyra bueltau zara. Zergaitik?

Kanpora joatekoaren idea urtebetekoa zan hasieratik. Batetik, nire bizitzan aldeketea behar nebalako; eta, bestetik, 2025ean jokatu behar zan mundiala prestetako. Egia da, aurreko denporaldian Getxo mailaz bajauko balitz, ez neban hain argi ikusiko bueltetea, baina espero genduan bezela, ez zan holakorik pasau. Etxea, etxea da eta nire lagunakaz disfrutau gura dot. Beraz, bueltetako erabagia oso erraza izan zan. 

6.- Desbardintasun asko dago hango eta hemengo errugbiagaz?

Ez dot desbardintasunik igarri egia esan. Hori bai, pentsetan dot Iparraldeko errugbi kulturea handiagoa dala hemengoa baino. 

7.- Posible da errugbitik bizitea?

Posible da, baina ez da erraza. Erabagiorra da zein mailetan jokatzen dozun. Munduko liga handienetan, Frantzian edo Ingalaterran esaterako, errubigtik bizi daiteke arazo barik. Espainia mailan, esaterako, askoz gatxagoa da: kontratu semi-profesionalak dagoz eta jokatzen dabizen bitartean horretaz bizitea posible da, baina arazoa erretiroa hartzean dator. Halanda ze, ikasketak eta lanaren beharra ezinbestekoak dira. 

Halanda ze, Espainia eta Euskal Herri mailan, jokalarien % 80 inguru amateurra da; hau da, hobby edo pasino bezela hartzen da.

8.- Zeintzuk dira taldearen aurtongo erronka nagusiak?

Igazko denporaldia ez zan izan erraza, beraz, aurtengo erronkak ondoko honeek dira: erakusten gagozan jokoa jorratzen jarraitzea eta partiduak aurrera eroatea. Halanda ze, klasifikazinoko lehenenengo postuan dagoanaren, Colina Clinic El Salvador taldearen kontra, lehiakorrak garela erakutsi genduan. Alde horretatik, pozik gagoz. 

Beste helburuetako bat, finalerdiak etxean jokatzea da, eta, jakina, irabaztea. Lanean gagoz horretarako. 

9.- Bestalde, San Mamesek Europako errugbirik onena hartuko dau maiatzean. Rubgyak hazkundea bizi dauala esango zeunke?

Duda barik. Errugibak hazkundea bizi dau. San Mames lako estadio batek finalak hartzea sekulakoa da. Errugbiak, egun, presentzia eta ikusgarritasuna trasmitiduten dauela pentsetan dot. Gainera, azken urteetan gero eta jokalari gehiago dagoz, izan be, ume eta nerabe asko apuntetan dira. 

Bestalde, emakumezkoen errugbiak indarra hartu dau. Arabere gehiago, komunikabide eta sare sozialetako presentzia asko nabarmendu da. Hori bai, baliabideak mugatuak dira beste herrialde batzuekaz alderatuta. 

10.- Oraindino gaztea zara (22 urte), non ikusten dozu zeure burua etorkizunean? 

Oso gustura nago eta holan jarraitzea espero dot. Bestalde, bihar-etzi, Getxogaz Ligako Kopea irabazten ikusten dot nire burua. Momentu batetik bestera dana aldatu daiteke, baino hori da ilusinoa. 

Etorkizunean erizaina izan gura dot, beraz, hori nago ikasten. Bitartean, errugbiaz ahalik eta gehien disfrutetan saiatuko naz. Maila altuan egiteko aukerea izan ezkero, hobeto. 

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu