Kirola eta Euskera saria ugerketako Swim Camp Getxo klubak jasoko dau

Bizkaie! 2026-02-10 12:32   Kirola

XIX. Getxo Sasoi Sasoian Kirol Sarien galea gaur, hilak 10, izango da, 20:00retan, Fadurako Tiki Toki Zentroan.

Getxo Kirolak taldeko teknikari, kazetari eta kirol arloko aditu getxotarrek osotutako epaimahaiak emon dau jakitera sarien zerrendea. 2025eko Getxoko kirolari onenen autortzea, gaur kirol eta gizarte-gunea dan Fadurako Tiki Toki Zentroan egingo dan XIX. Getxo Sasoi Sasoian Sarien galan:

  • Banakako sari gorenetan, Getxo Rugby Taldeko Maider Arestik eta Naroa Azpitartek Kirolari onenaren saria jaso dabe, emakumezkoen senior mailan, Espainiako selekzinoagaz lortu eben Europako Txapelketeari esker. Gainera, aurreko Munduko Kopea jokatu eben Ingalaterran.
  • Gizonezkoen senior mailan, beste sari bikotx bat: Juan Pardo eta Juan Vilallonga Real Club Jolasetako jokalariei emongo jakena, Indian bedar-hockeyko 21 urtez azpiko munduko txapeldunorde izan ondoren.
  • Promesa kategoriako sarietan, emakumezkoen saria June Larrañaga Getxo Rugby Taldeko kidearentzat izango da, 18 urtez azpiko Europako Txapelketea Frantzian irabazi ondoren.
  • Telmo Fisher Aviron Bayonnaiseko errugbi jokalariak 2024an gizonezkoen promesen kategorian irabazitako saria jasoko dau barriro, Espainiako errugbiaren historian lehen aldiz 18 urtez azpiko Europako Txapelketea irabazi ondoren eta finalean sei titulu kontinental jarraian lortu zituan Georgiari irabazi ondoren.

Sari kolektiboetan, senior kategoria

  • Getxo Bolei Kirol Taldeko emakumezkoen taldea autortuko da, historian lehen aldiz Espainiako 1. mailara igoteagaitik eta Arenas Club, RFEFeko 1. mailara igoteagaitik.

Promesa taldeentzako sari kolektiboak

  • Emakumezkoetan, saria Espainiako Txapelketea irabazi eban kadete mailako Jolasetarentzat izan da eta, gizonezkoetan, Getxoko umeen mailako Ugerketa Waterpolo Bolue Alkartearentzat, Espainiako Txapelketan lortutako urrezko eta zidarrezko dominakaitik.

Aurtengo palmaresa osotzeko, sari bereziak:

Marka Hausiz saria

  • Haszten-Arenas futbol taldeari emongo jako areto futbol inklusiboaren inguruan egindako lanagaitik.

Kiroltasuna saria

  • Jesús Muro Raspas del Embarcadero Arraun Alkarteko kidearentzat izango da, arraunean eta bere klubean egindako dedikazino luzeagaitik.

Getxo Zabala saria

  • Steelphalt enpreseak jasoko dau Getxoko hainbat kirol kluberi babesle moduan emondako laguntzeagaitik.

Bardintasuna Indartuz saria

  • Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting Clubarentzat eta bere emakumezkoen taldearentzat, International Women’s Sailing Cup bela txapelketea atontzeagaitik.

Kirola eta Euskera saria

Aurten barrikuntzea da Kirola eta Euskera sariarena, kirol jardunean euskerearen erabilerea nabarmenduko dauena:

  • Ugerketako Swim Camp Getxo klubak jasoko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu