BBK Mendimartxeak azken martxa bategaz amaituko dau 2026ko edizinoa Getxon

Bizkaie! 2026-11-17 11:11   Kirola

Ibilki Mendi Taldeagaz batera atondutakoa zemendiaren 22an izango da.

Getxon, BBK-k eta Bizkaiko Mendi Federazinoak bultzatutako programa honen 2026ko edizinoko zazpi ibilaldietako azkena egingo dau. Jardunaldiak herritarrak batuko ditu, ingurunea errespetuzko ikuspegi irisgarri eta publiko guztientzako edegian paraje ederrak ezagutzeko diseinautako ibilbide berezian.

Ibilki Mendi Taldeagaz lankidetzan atondutako hitzorduak amaierea emongo deutso joan dan zezeiletik aurrera Bizkaiko paisaje esanguratsuenetako batzuk zeharkatzeko aukerea emon dauen edizinoari, jarduera fisikoa, ingurumen hezkuntzea eta lurraldearen ezagutzea buztartzen dituen ibilbide ez lehiakorren bidez.

Ibilki Mendi Taldeak diseinautako ibilbideak Munarrikolanda ingurua zeharkatuko dau, Bizkaiko kostaldeko naturgune adierazgarrienetako bat. Ibilbideak 14 kilometroko ibilbide zirkularra eta 452 metroko desnibel metatua ditu, eta parte-hartzaileei aukerea emongo deutse zailtasun ertaineko proposamen batez gozetako, bidezidor naturalak, begiratokiak eta Getxoko kostaldearen eta barrualdearen arteko paisaje-balio handiko espazioak buztartuz.

Martxeari 09:00etan ekingo jako Algortako TikiToki zentrotik baina bertaratze kontrola 45 minutu lehenago hasiko da. Atontzaileek 450 parte-hartzaileko gehieneko edukierea ezarri dau, esperientzia segurua eta ingurumena errespetetea bermatzeko, eta holan, hasieratik BBK Mendimartxearen filosofiari eutsi deutso: mendia herritarrei hurbiltzea, jarduera jasangarri, irisgarri eta naturguneen konserbazinoagaz bateragarriak diran jardueren bidez. Ganera, urteerearen kokapenak, Aiboako Metro Bilbaoko geltokitik gertu, parte-hartzaileak garraio publikoan sartzea erraztuko dau.

BBK Mendimartxeak mendia herritarrei hurbiltzeko helburuagaz sortu zan, parte hartzeko profil desbardinetara egokitutako proposamenen bidez. Urtean zehar, martxak Berriz, Portugalete, Otxandio, Zeanuri, Ortuella eta Barakaldo lako udalerrietan egin dira, Bizkaiko ondarearen parte diran paisajea, ekosistemea eta ingurune kulturalen aniztasuna erakutsiz.

Programearen ezaugarria da naturaz gozetako modu bat sustatzea, ingurumenaren arreko errespetua, bizikidetzan eta inklusinoan oinarrituta. Ibilbide guztiak edukiera mugatuagaz egiten dira, espazio naturalen masifikazinoa ebitetako eta parte-hartzaileentzat kalidadeko esperientzia bultzatzeko. Era berean, ibilbideak familien parte-hartzea errazteko eta desgaitasuna daben personen presentzia sustatzeko diseinauta dagoz.

Zazpi hilebeteko jarduerearen eta zazpi helmugaren ondoren, BBK Mendimartxeak Getxon erakutsiko dau barriro be hurrean dogun mendia, irisgarria eta Bizkaiko ondare naturalaren konserbazinoagaz konprometidua izatearen aldeko jarrerea, personen eta lurraldearen arteko loturea indartuz aire zabalean konpartidutako esperientzien bidez.

Emon izena hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu