Blas Ziarreta hil da, Lezamako oinarrizko erreferentea

Bizkaie! 2026-11-18 08:25   Kirola

Santurtziko teknikariak hainbat ardura-kargu bete zituan Athleticen harrobian hamarkada bitan.

Athletic Clubek sano sentidu dau Blas Ziarretaren heriotzea. Hamarkada bi baino gehiagotan Lezaman lan ugari egindakoa, Athleticeko harrobiaren kudeaketan erreferentziazko personea.

Ziarretak Lezaman egindako lehen urteak entrenatzaile lanetan emon zituan. Bilbao Athletic zuzendu eban denporaldi bitan Bigarren Mailan, 1991tik 1993ra. Aurretik, Sestao Sport entrenau eban (hiru alditan), baita SD Erandio eta SD Lemona be. Ondoren, Gasteizko Aurrera, Burgos, SD Gernika, CD Badajoz eta SD Eibarren ibili zan. Azken horretan, 174 partidu zuzendu zituan futbol profesionalean.

2004. urteaan, entrenatzaile-lana itxi eta Lezamara bueltau zan, Hitzartutako Klubakaz Hartu-emonetarako koordinatzaile lanetan. Lau urte aurrerago, eginkizun hori jokalariak erakarteko eta horreenganako loturea sendotzeko lanagaz buztartu eban, Athletic Clubeko idazkari tekniko bihurtu aurretik.

Ordutik aurrera, Ziarreta oinarrizko erreferente bihurtu zan Lezamara jokalariak erakarteko eta horreenganako loturak sendotzeko lanean, batez be lehenengo taldera heldu aurreko etapetan, eta gizonezkoen taldeen plantillak osotzen lagundu eban.

Ziarreta zintzotasunagaitik, diskrezinoagaitik eta Athleticen interesen defensan erakutsitako erabateko konpromisoagaitik nabarmendu zan. Haren lanak Lezamaren hazkundean erabagiorra izan zan 20 urte baino gehiagotan.

Klubak doluminik sentikorrenak helarazo deutsee familiartekoe, lagunei eta hurbileko guztiei. Gizonezkoen lehen taldeko entrenamenduaren hasiereagaz bat eginez, Lezamako langile zein jokalariek minutu bateko isilunea egin eben:

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu