Basque Teameko Janire Gonzalez-Etxabarri surflariak brontzea irabazi dau Munduko Txapelketan

Bizkaie! 2026-11-16 08:45   Kirola

Hans Odriozolak laugarren amaitu dau gizonezkoen koadroaren finala.

Janire Gonzalez-Etxabarri. | Ikusi handiago | Argazki originala

Janire Gonzalez-Etxabarri eta Hans Odriozola bikain Peruko Punta Rocas herrian jokatutako World Surfing Games txapelketan, 2028ko Los Angeleseko Jokoetarako lehen proba puntuagarrian. Zumaiarrak bigarren urtez jarraian igon dau podiumera. Ezin izan dau igaz El Salvadorren irabazitako titulua berretsi, baina brontzezko dominea eskuratu dau. Hans Odriozolak, bere aldetik, Munduko Txapelketa absolutu batean debutau eta meritu handiko laugarren postuan amaitu dau.

Janire Gonzalez-Etxabarri surflari talentuduna eta saiatua da. Zeozer buruan sartzen jakonean, ekin eta ekin ibilten da helburua lortu arte. Nahiz eta Punta Rocasen bederatzi egunez goi mailako surf txapelketea jokatu ondoren neke handia moltsotu, gipuzkoarra uretan sartu da txapelketa nagusiko zazpigarren kanporaketan, igazko garaipena eta 2024an Pariseko Jokoetarako sailkapena ez zirala kasualidade hutsa izan erakusteko. Basque Team Fundazinoaren bekea jaso duen kirolariak 15.14ko puntuazinoagaz irabazi dau txandea, Sawyer Lindblad (15.03) eta Gabriela Bryan (14.33) estadubatuarrei eta Joahanne Defay (11.7) frantziarrari aurrea hartuz.

Finalean, zumaiarrari olatu bat joan jako hasieran baina azken zatian egoerea bideratu dau, olatu on bategaz. Emozinoa sekulakoa izan da, Janireren azken olatua eta baita Leihani Zoric australiarrarena be 30 minutuko seriearen denporatik kanpo puntuauta. Holan, Zoricek urrezko dominea irabazi dau (15.5), Johanne Defay frantziarrak zidarrezkoa (14.67), Janirek brontzezkoa (13.63) eta laugarren postua Sawyer Lindbland estadubatuarrarentzat izan da (10.5).

Odriozola anaietako gazteenak be txapelketa nagusiko zazpigarren kanporaketea gainditu behar izan dau finalera zuzenean heldu ahal izateko, errepeskea pasau barik. Gainera, bere edaderako oso egokia ez dan sugarragaz eta arerio gogorren artean aurrera egin dau. Aurrean perutar bi zituen, Lucca Mesinas eta Miguel Tudela, harmailak beteten zituen herriko zaleen berotasunagaz eta Leonardo Fioravanti italiarra. Donostiarra, kikildu beharrean, gora etorri da, eta publikoaren txalo zaparradea be eskatu dau, zortzitik gorako bere lehen olatu puntuautako surfeau dauenean. Holan, Hans 16.93ko emoitzeagaz pasau da finalera, txandea irabaziz, Miguel Tudela perutarraren (13.83), Leonardo Fioravanti italiarraren (12.57) eta Luca Mesinas lokalaren aurretik.

Konfidantzaz ekin deutso finalari, baina ez dau suerte larregirik izan eta azken burrukan indarrak neurtu arren barriro perutar biakaz, Tudela, beragaz batera zazpigarren txandan aurrera egin dauena, eta Mesina, txapelketa nagusira errepeskearen bidez bueltau dana. Odriozola saiatu da, harmailetan anaia Kairen bultzadea ebala, baina aukeratutako olatuak ez dira nahikoak izan podiumera igoteko. Ethan Ewing australiarrak irabazi dau urrea (10 eta 9.17ko olatuak tarteko), Lucca Mesinasek zidarra (13.33), Miguel Tudelak brontzea (11.53) eta laugarren postua Hansentzat izan da (10.34).

Gipuzkoarra 16 urtez azpiko Munduko txapelduna izan zan 2023an, eta oso harro egoteko moduko debut bikaina egin dau maila absolutuan, Championship Tourrean dabizen surflariak kanporatuz.

Kai Odriozolak 13. postuan amaitu du Munduko Txapelketea, Nadia Erostarbek 16.ean, Naïa Montek 22.ean, Ariane Ochoak 25.ean eta Ruben Vitoriak 37.ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu