Euskadiko emakumezkoen selekzinoak zidarrezko dominea irabazi dau Espainiaren kontra

Bizkaie! 2026-10-21 09:42   Kirola

Gizonezkoen selekzinoa nagusitu eta urrezko dominea eskuratu dau Ameriketako Estadu Batuen kontra.

Izen propioagaz ofizialtasunez lehiatzen hasi zanetik nazinoarteko txapelketa batean lehen dominak eskuratu ditu Uruguaiko Colonia del Sacramentoko Real de San Carlos frontoi barrituan jokatutako Zesta Puntako finaletan, Pelotako Munduko XX. Txapelketearen barruan.

Euskadiko emakumezkoen selekzinoak zidarrezko dominea eskuratu dau Espainiako selekzinoaren kontra jokatutako final oso parekatuan galdu ostean. Emoiteza gorabehera, euskal pelotariek Euskadiren lehen domina ofiziala irabazi dabe Munduko Txapelketa batean.

Segiduan, Euskadiko gizonezkoen selekzinoak txapelketa bikaina borobildu dau AEBetako selekzinoari irabazi eta urrezko dominea eskuratuta. Holan, Euskadik bere lehen munduko titulua lortu dau selekzino propio lez ofizialtasunez lehiatzen hasi zanetik.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Gorka Iturriaga, izan da bertan, egunotan Argentina eta Uruguain baitago euskal ordezkaritzea babesten, munduko txapelketa honetako parte-hartze historiko honetan.

Iturriagak emoitzon garrantzia nabarmendu dau: momentu historikoa biziten gabiz. Honeek dira Euskadik selekzino propio lez ofizialtasunez lehiatuz Munduko Txapelketa batean lortzen dituan lehen dominak eta horrek aparteko balio sinbolikoa eta kirol-balioa emoten deutse. Ezin ahaztu azken urteotako lana, ahalegina eta sendotasuna, kirolarien, federazinoen eta erakundeen aldetik.

Era berean, Eusko Jaurlaritzeak euskal selekzinoen nazinoarteko autortzearen alde egiten dauen lana azpimarratu dau Iturriagak: kirol-ofizialtasuna ez da helburu bat berez, gure kirolariek Euskadi ordezkatuz lehiatu ahal izateko tresnea baino. Eusko Jaurlaritzeak bide honetan lagundu dau, euskal kirolak nazinoartean presentzia propioa merezidu dauelako eta gaurkoa lako jardunaldiek gure selekzinoen potentzial handia erakusten dabe.

Kirol zuzendariak selekzino bietako kide guztiak zoriondu eta adierazo dauenez, lortutako emoitzek kirolaren mundua gainditzen dabe eta euskal kirolaren historiaren parte bihurtu dira. Gaur Colonia del Sacramenton irabazitako dominek mugarria ezarri dabe Euskadirentzat, eta pelotearen nazioarteko proiekzinoa indartzen dabe, euskal kultura eta nortasunean sustrai sakonak dituan kirola baita.

Pilotako Munduko XX. Txapelketak datozen egunetan jarraituko du Buenos Aireseko Errendimendu Handiko Kirol Zentro Nazionalean (CeNARD). Bertan, Euskadiko selekzioak final gehiago jokatuko ditu eta domina gehiago eskuratzeko aukera izango du. Gaur Colonia del Sacramenton lortutako emaitza historikoen ondoren, euskal ordezkaritzak txapelketaren azken txanpari ilusioz ekingo dio, pilotarien bikaintasunaren erakusgarri den eta, aldi berean, Euskadik kirolaren bidez nazioartean duen presentzia indartzen duen domina-zerrenda handitzen jarraitzeko asmoz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu