Yago Dominguez eta Ariane Ochoa nagusitu dira Edommo Surf Pro Razo txapelketan
2026-10-19 09:19 KirolaEmakumezkoen finalean, barriz, zidarra irabazi dau Janire Gonzalez-Etxabarrik.
Egunotan, A Coruñako Praia de Razon, Edommo Surf Pro txapelketea jokatu dabhe, World Surf Leagueko hitzordua Costa da Morten. Ekitaldian euskal surflari askok hartu dabe parte eta Basque Teameko hiru kirolari igon dabe podiumera. Yago Dominguez bekadunak eta Ariane Ochoa bikaintasun proiektuko kideak eroan dabe garaikurra eta Janire Gonzalez-Etxabarri bekadunak zidarra irabazi dau emakumezkoen artean.
Aurtengo edizinoko barritasun nagusia izan da Junior mailako txapelketa izateari itxi deutsola eta QS 2.000 izatera pasau dala, World Surf Leagueko sailkapen zirkuituko surflari guztientzat edegia.
Lau egunetan, Razo hondartzea, Carballon, nazinoarteko surfaren topagune bihurtu da: Galiziako olaturik iraunkorrenetako bat eta zirkuituko talenturik onenetako batzuk batu dituan lehiaketa formatua.
Yagok 64 onenen kanporaketako 13. txandan ekin eutson eta serieko onena izan zan 13.37ko puntuazinoagaz. Hurrengo fasean, 32 onenen kanporaketan, Ruben Vitoria Basque Teameko kirolariaren kontra jokatzea egokitu jakon eta zarauztarra izan zan txandako onena, 11.50eko puntuazinoagaz eta Yagok bigarren pasea lortu eban 10.76koagaz. 16 onenen arteko kanporaketan, Dominguezek beste euskal surflari batzuen kontra jokatu behar izan eban. Sopelakoak 10.33koa ezarri eta horri esker lehen postuan jarraitu eban, 9.27koa markau eban Kai Odriozolaren aurretik. Hans Odriozola, Kairen anaia, eta Enzo Cavallini frantziarra kanporatuta geratu ziran. Final laurenak gogorrak izan ziran eta Yagoren eta Andy Criere Basque Teameko surflariaren arteko beste lehia ederra izan eben. Yagok inspirauta surfeau eta 14.17ko balorazinoa lortu eban Criereren 10.17 puntuak gainditzeko. Finalerdian, Yago Dominguezen olaturik onenak 7.33koagaz eta 5.97koagaz puntuau ditue epaileek, Lukas Skinner britainiarra nabarmen gaindituz, izan be, Skinnerrek 3.00 eta 2.60ko olatuak besterik ezin izan ditu atrapau. Thomas Debierre frantziarraren kontrako finala gatxagoa izan da bizkaitarrarentzat, nahiz eta bere bigarren olatuak, 8.67ko balorazinoagaz, txandea markau. Azken zatian Debierrek 7.67ko olatua surfeau arren, Yagok irabazi dau.
Emakumezkoen koadroan denoraldi oso sendoa eta erregularra egiten dagoan Ariane Ochoak irabazi dau. Yago, Ariane eta Janire Challenger Serieetan dabiz, Qualifying Series-en gainetik dagoan zirkuituan baina Punta Rocas ISA Munduko Txapelketan lehiatu aurretik, QSetan lehiatzen, trebatzen eta puntuetan jarraitzea erabagi dabe.
Janire eta Ariane 32 onenen kanporaketan hasi ziran Edommo Pro Razo txapelketan. Janire izan zan bere txandako onena, 12.34ko markea eginez, eta Ariane be bai, nahiz eta 8.50ekoa nahikoa izan bere kasuan. 16 onenen kanporaketan, Janire izan zan barriro be serieko puntuazinorik onena lortu eban surflaria (9.84), Nahia Milhau, Naïa Monte eta Aanais Blanchard frantsesen aurretik geratuz. Arianek aurrera egin eban hurrengo fasera bigarren postuan (11.04), nahiz eta Lua Escudeiro portugaldarrarengandik oso gertu amaitu (11.33). Final-laurenetan Janire gogor ibili zan eta Leticia Canales sopeloztarrari irabazi eutson. Gipuzkoarrak 6.30eko puntuazinoa lortu eban eta bizkaitarrak 5.17koa. Ariane Ochoari Alys Barton britainiarra egokitu jakon lehian, Challengerretako surflaria, eta oraingoan ez eban eragozpenik izan. Ochoak 10.67koa markatu eban eta Bartonek 2.77. Finalerdietan Janirek finalerako txartela emon eutson olatuaren bila ibili eta zortzigarren saiakeran topau dau. Orduan markautako 7.67ak finalerako txartela emon deutso Nahia Milhau frantziarraren kontra. Ariane Ochoa, barriz, Escudeiro portugaldarra baino dezente gehiago izan da eta 7.00ko azken olatuagaz, lehendik zituan 5.50ei gehituta, arazo handirik barik erabagita itxi dau norgehiagokea.
Euskal finala oso estua izan da. Janire Gonzalez-Etxabarrik lehen kolpea emon dau, 6.17ko markea ezarriz baina Ariane Ochoak erantzun deutso jarraian olatu on bi aukeratuta, bata 4.83koa eta bestea 7.00ekoa. Zumaiakoak saiatzen jarraitu dau, eta 5.27ko olatua surfeatu arren, ez da nahikoa izan. Ochoak 11.83ko emoitzeagaz lortu du garaipena; Gonzalez-Etxabarrik bigarren postuagaz konformau behar izan dau, 11.44ko emoitzea eginda.
Yago Dominguezen eta Ariane Ochoaren garaipenez eta Janire Gonzalez-Etxabarriren zidarraz gan, Galiziako txapelketan Kai Odriozola, Andy Criere, Bitor Garitaonandia eta Leticia Canalesen bosgarren postuak eta Ruben Vitoriaren hamahirugarren postua nabarmendu dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
