Euskadik 12 domina eskuratuta amaitu dau bere parte-hartze historikoa Pelotako Munduko XX. Txapelketan

Bizkaie! 2026-10-26 07:39   Kirola

Euskal Selekzinoak urrezko lau, zazpi zidar eta brontzezko domina bat irabazita dator etxera.

Euskal Selekzioak amaitu dau Pilotako Munduko XX. Txapelketan izan dauen parte-hartzea, historiarako geratuko dan jardunagaz. Selekzino ofizial bezela nazinoarteko txapelketa handi batean lehenengo aldiz parte hartu dauen honetan, Euskadi 15 modalidadetan lehiatu da eta horreetako 12tan podiumean sartu da: lau urrezko domina, zazpi ziarrezko eta brontzezko domina bat eskuratuta.

Txapelketan zeharreko emoitzek agirian itxi dabe euskal pelotearen maila handia, eta Euskal Selekzinoa nazinoarteko pelotearen erreferente nagusien artean kokatu dabe.

Danetara, 12 domina irabazita, Euskadik hirugarren postua eskuratu dau txapelketako domina-taula nagusian. Emoitzea arabere esanguratsuagoa da kontuan hartuta Euskal Selekzinoak 30, 36 eta 54 metroko ezker hormako frontoiko modalidadeetan eta trinketeko pala egokituko modalidadean baino ez dauela parte hartu. Lehiaketa-programaren zati batean baino ibiliez arren, euskal selekzinoak Munduko Txapelketako ordezkaritza nabarmenenen artean kokatzea lortu dau.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Gorka Iturriagak, oso modu positiboan balorau ditu euskal ordezkaritzearen emoitzak: Euskal Selekzinoak Munduko Txapelketa historikoa egin dau. Dominez harago, emoitzok gure pelotarien talentua, lana eta konpromisoa erakusten ditue, baita euskal pelotaeren ekosistema osoaren indarra be. Harro gagoz Euskadi kantxan zein kantxatik kanpo ordezkatu daben moduaz.

Era berean, parte-hartze honen balio sinbolikoa nabarmendu dau: Txapelketa hau mugarria da euskal kirolarentzat. Euskadi mundu mailako agertokian maila ofizialean lehiatzen ikusi dogu eta, gainera, aparteko emoitzak lortzen. Hamabi domina honeek gure kirolaren historiaren parte izango dira hemendik aurrera, eta urte luzez kirolariek, klubek, federazinoek eta erakundeek egindako lanaren autortzea be badira.

Holan, Euskal Selekzinoak Pelota Munduko XX. Txapelketan izandako parte-hartzeak errastu ezabatuezina itxi dau. 15 modalidadetan irabazitako 12 dominagaz, Euskadi Argentina eta Uruguaiko hitzordutik bueltauko da goi-mailako kirol jarduna egin izanaren satisfazinoagaz eta kirolaren bidez nazinoarteko presentzia indartzeko bidean beste pausu esanguratsu bat emonda.

Euskal Selekzinoak irabazitako dominak:

Urrezko dominak (4)

  • Gizonezkoen Zesta Punta binakakoa.
  • Gizonezkoen Zesta Punta banakakoa.
  • Gizonezkoen eskuzko binakakoa.
  • Trinkete egokitua.
  • Zidarrezko dominak (7)
  • Emakumezkoen Zesta Punta binakakoa.
  • Emakumezkoen Zesta Punta banakakoa.
  • Gizonezkoen eskuzko banakakoa.
  • Emakumezkoen gomazko paleta.
  • Gizonezkoen frontballa.
  • Gizonezkoen pala egokitua (36 metro).
  • Gizonezkoen pala motza.


Brontzezko dominak (1)

Emakumezkoen frontballa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu