Euskal txirrindularitzea bultzatzen jarraitzeko lankidetzea indartu dabe
2026-11-17 07:55 KirolaEusko Jaurlaritzeak eta Euskadi Fundazinoak.
Lankidetza-akordio horren bidez, Euskadi Fundazinoko txirrindularien eta talde teknikoaren eskura jarri dira Euskadiko Goi Mailako Kirolaren Zentroko baliabideak. Bisitea Ibone Bengoetxeak, lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, eta Iñaki Isasik, Fundazinoko presidenteak, gidatu dabe, Euskaltel Euskadi, Laboral Kutxa, BBK Euskadi sub-23 taldeetako eta txirrindularitza paralinpikoko ataleko kideak bertan izan diralarik.
Getxoko Faduran kokatutako Euskadiko Goi Mailako Kirolaren Zentroak Euskadi Fundazinoko taldeak eta zuzendaritzea hartu ditu. Bisitea Eusko Jaurlaritzearen eta Euskadi Fundazinoaren arteko lankidetza-akordioaren barruan egin da, Euskadiko Goi Mailako Kirolaren Zentroaren bidez txirrindularien kirol-errendimendua bultzatzeko helburuagaz.
Aurkezpenean izan dira Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, eta Santi Osoro, Euskal Txirrindularitza Federazinoko presidentea.
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu dauenez, Eusko Jaurlaritzearen eta Euskadi Fundazinoaren arteko lankidetzea beste etapa batean sartu da: Laguntza ekonomikotik harago doazen hartu-emonena, hain zuzen be; kirol-prestakuntzan, barrikuntzan, errendimenduan eta kirolariak jagoteko prozesu integralean oinarritutako aelkarlana da, Euskadiko Goi Mailako Kirolaren Zentroaren gaitasun guztiak txirrindularien eta talde teknikoen eskura jarriz".
Era berean, Bengoetxeak ondokoa nabarmendu dau: Eusko Jaurlaritzeak konfidantzea emoten jarraitzen dau Euskadik aurrera egiten jarraitzeko oinarri sendoak dituan lankidetza berezi bat martxan jarriz: erakunde sendoak, proiektu sendoak eta personen aurreko konpromiso sendoa.
Beste alde batetik, Iñaki Isasi Euskadi Fundazinoko presidenteak adierazo dauenez, benetan ilusino handiz bizi dogu Faduragaz lortutako akordio honek edegiten deuskuzan aukerakaz: Eskerrak emoten deutsaguz Eusko Jaurlaritzeari goi mailako errendimenduko zentro baten ateak edegiteagaitik. Badakigu gure kirolariei lagunduko deutsela kirolean maila ona eta tituluak lortzeko bidean, baina baita osasunaren prebentzinoan eta jagoletzan be. Fadurako profesionalek egiten daben lanaren enbaxadorerik onenak izatea espero dogu estaduko zein nazinoarteko txirrindularitza-probetan.
Lehen lehendakariordearen harrerea ren eta agintari zein kirolariakaz egindako familia-argazkiaren ondoren, Euskadi Fundazinoko txirrindulariek zentroko instalazinoak bisitau ditue. Ibilbidean gimnasioa, laborategia eta Basque Hostel ezagutu ditue, goi mailako kirolera bideratutako gune honetako espazio nagusietako batzuk. Euskadiko Goi Mailako Kirolaren zentroak kirol-medikuntzako eta ebaluazino fisikoko zerbitzu espezializatuak ditu, kirolarien osasunagaz eta errendimenduagaz lotutako hainbat parametro aztertzeko aukerea emoten dabenak. Horrek bultzada handia emongo deutsee Euskadi Fundazioko txirrindulariei.
Jardunaldian hainbat berbaldi be egin dira kirolariakaz. Markel Arregi goi mailako errendimenduan espezializautako medikuak protokolo medikoak azaldu ditu eta Josu Ayok, Euskadiko Dopinaren Kontrako Agentziako kideak, dopinaren prebentzinoari buruzko saioa eskaini dau, Euskadi Fundazinoaren tolerantzia zeroko politikearen barruan.
Jardunaldia txirrindulariei egindako hainbat ebaluazino fisiko eta medikogaz osotu da, besteak beste, antropometriak, espirometriak, esfortzu-probak eta atsedenaldiko elektrokardiogramak egin jakez. Proba horreek lagungarriak izango dira Euskadi Fundazinoko taldeen 2027ko denporaldiari berme handiagoz aurre egiteko, lankidetza-hitzarmen honi eta Eusko Jaurlaritzearen babesari esker emondako aurrerapausu garrantzitsuaren barrunan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
