Aitor Francesenak zidarrezko dominea irabazi dau ‘ISA World Para Surfing Championship’ txapelketan

Bizkaie! 2026-11-24 07:42   Kirola

Sei aldiz Munduko txapeldun izan dan Aitor Francesena podiumean sartu da barriro.

Zidarrezkoa irabazi dau itsuen klaseko banakako lehiaketan, eta laugarren postuari jagokona taldekakoan, ISAk (International Surfing Association) atondutako surf egokituko Munduko Txapelketan.

Zarauztarrak oso urte gogorra biziten dago, aldakan eta sorbaldan egindako ebakuntza bana tarteko, eta errehabilitazino saio eta lan gogorreko saio askogaz, aitatutako datan erabat prest egoteko eta historia egin dauen ekitaldiaren hamaikagarren edizinoan onenen artean sailkatzeko: DSRT Surf, ISA Munduko Txapelketea jaso dauen lehen olatu ugerlekua izan da.

Coachella Haranean 22 talde nazionaletako 138 atletak parte hartu dabe 9 kirol klasetan. Itsasotik urrun lehiatzeak txapelketarako etapa barri bat edegi dau. Aurreko hamar edizinoak Kaliforniako kostaldean jokatu ziran, La Jolla Shores Pismo Beach, Huntington Beach eta Oceanside berezian. DSRT Surfen, Wavegarden Cove teknologiak olatu programagarriak eta errepetidutakoak programetan ditu 5.5 akreko ugerleku batean (2.2 hektarea inguru), orduko 1,000 olaturainoko erritmoan eta, beraz, klase bereko atleta guztiek baldintza beretsuetan surfeau dabe.

Agertokiak lehiakideen formatu barria be ekarri dau. Klase bakotxak taldeka surfeauko dau, eta atletek aldi berean olatu bat hartuko dabe ezarritako ordenean, guztira hiru olatu erronda bakotxeko. Txanda bat DSRT Surfeko eskuinean jokatuko da eta bestea ezkerrean. Kanporaketetako posizino taula biek aurreratzen dabenak definiduten ditue, atzo jokatutako final jardunaldi handi bati bide emoteko.

Finaleko eskuineko olatuan Aitor izan zan onena, 8.67 puntu pilotu eta Ben Neumann alemaniarraren (7.17), Figue Diel brasildarraren (5.17) eta Thomas Dasilva frantziarraren (0.40) aurretik. Ezkerrekoan, ostera, germaniarrak aurrea hartu eban 14.74ko puntuazinoagaz, ondoren Francesena (11.00), Diel (9.9) eta Dasilva (8.9) sailkatu ziran. Neumannek irabazi dau urrea 860 puntugaz, Aitorrek zidarra 730egaz eta Dielek brontzea 670egaz. Sailkapen nagusian Thomas frantziarrak laugarren postuan amaitu dau, Derek Rabelo brasildarrak bosgarrenean, Kirk Watson australiarrak seigarrenean, Spetebroot Thomas frantziarrak zazpigarrenean eta Joshua Loya estadubatuarrak zortzigarrenean.

Aitor Francesenak bere palmares luzeari gehitu deutso zidar hori. Hitzordu barrienetan, iaz AASPk (Association of Adaptive Surfing Profesionals) atondutako zirkuitua irabazi eban eta era bikotxean Munduko txapeldun be izan zan 2023an zirkuitu pribatu bietan. Danetara, sei aldiz izan da Munduko txapeldun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu