Marina Landa: 'talde bezela sendotu egin gara’

Bizkaie! 2026-01-05 07:50   Barriketan

Aria taldeak Aurrera begira estudioko bigarren lana kaleratu dau. Aurreko diskoan lez, Urdin (2023), euskerea eta italierea buztartzen ditu. Bestalde, diskoak pop, pop-rock eta elektro-pop doinuak buztartzen ditu. Guztira, sei abestik osotzen dabe diskoa.

Aria 2023an Donostian sortutako taldea da. Marina Landa da eragilea eta hainbat urtez bakarlari bezela ibili ondoren sortu eban taldea. Marinaz gan, ondoko honeek dira taldekideak: Iñaki Ortego (pianoa); Ion Larrañaga (bateria); eta, Iñaki Olaskoaga (gitarra elektrikoa).

Plataforma guztietan dago entzungai Aurrera begira.

 

1.- 2023an kaleratu zenduan Urdin izeneko lehen albuma. Urte bi aurrerago, Aurrera begira bigarren lana plazaratu dozue. Gustura emoitzeagaz?

Egia esan oso pozik gagoz emoitzeagaz eta baita izandako harrereagaz be. Disko ezbardina da Urdin lanagaz konparauta, sortzaile bezela eboluzinoa nabarmena da-eta. Horrezaz gan, produkzino lanetan beste persona bat ibili da: aurrekoan, Domenico Gargano italiarra ibili zan ardura horretan; oraingoan, barriz, produkzinoa Oriol Floresek egin dau eta nahasketea eta masterizazinoa Beñat Igarabidek hain zuzen be. Gero eta buru gehiago gara buruari bueltak emoten, gorabehera guztiak pentsetan eta horrek taldea hobetu egin dau. 

Disko indartsua da, halanda ze, beti egin gura izan dodanetik oso hurbil dago. Beraz, oso berezia izan da niretzat. Gainera, harrera oso positiboa izaten dabil. 

2.- Zelan aldatu da azken urte bitan Aria?

Asko aldatu da taldea. Gure proiektua ez zan modu naturalean sortu, izan be, normalean taldea gitxinaka hasten da eta diskoa gero dator. Gure kasuan, diskoa eta taldea denpora berean sortu ziran. Beraz, sortze-prezesuan Aria izena jartea erabagi genduan. Aurrerago, Ion Larrañaga eta Iñaki Olaskoaga sartu ziran taldera. Aurrerago, Maialen Urretabizkaia batu zan, baina daborduko ez dago taldean. Bestalde, zuzenekoetan, Ane Bastidak laguntzen deusku bajuan. Hainbat taldekide izateak asko aberastu gaitu talde bezela. Gainera, proiektu bezela sendotu egin gara, baita sortzen dogun musikea be. Gure estilo propioa topetako bidea marrazten gagozala pentsetan dot. Eboluzino polita izaten dabil. 

3.- Lan honetan be, euskerea eta italierea buztartu dozue. Esan daiteke hori dala taldearen ezaugarrietako bat?

Uste dot baietz. Hartu-emon oso estuak ditut Sizilia eta Italiagaz, izan be, hor bizi izan nintzan denporaldi batean. Beraz, italiera, hizkuntza bezela, barru barruan daukat. Ez dot esan nahi gure disko danetan italiera presente egongo danik, baina orain arte behintzat, gustetan jaten ezaugarria da. 

Anime Perdute abestian (Urdin, 2023), euskerea eta italiera buztartzen dodaz. Bestalde, Il dolce far niente (Aurrera begira, 2025) lanean, leloa italieraz da. Abestiak euskeraz idazten ditut, baina, egia da italiera oso presente dagoala hainbat momentutan. Leitekeana da hurrengo diskoan be holan izatea, baina goiz da hori esateko.

4.- Bestalde, Dantzaren Iraultza abestiaren bideoklipa kaleratu dozue. Ez da egin dozuen lehenengoa, baina produkzino aldetik, leitekeana da lan gehien eskatu dauana izatea. Zelan izan da sortze-prozesua?

Ariak taldearen lehenengo bideoklipa Uhara abestiarena izan zan, EHUko talde batek proponiduta. Beraz, produkzino eta sortze-prozesua euren esanetara egin zan.

Dantzaren Iraultza, bestalde, betidanik buruan izan dodan bideoklipa da. Ideia, abestia grabetan hasi genduanetik naukan: emakume talde bat, edade eta gorputz desbardinekoak, jantzeagaz hartu-emon ugari erakusten dabenak. Helburua zan, jantzan inolako lotsa barik, lasai eta gustura agertea, izan be, hori da abestiaren doinuak eta letrek adierazoten dabena.

Nerea Gaduk, bideokliparen zuzendariak, sekulako gaitasuna izan dau hori guztia transmitiduteko, baita espazio eta testuingurua sortzeko be. Oso garrantzitsua zan niretzat kamera atzean emakume bat egotea, batez be, espazio segurua sortu gendualako deserotasunei eta lotsei aurre egiteko. Parte-hartzaile bakotxak bere modura egin eban jantza. 

Oraindino be, bideoklipa ikusten dodanean asko hunkitzen naz. Horretara, sortze-prozesua upealakoa izan zan.

5.- Aurrera begira, zer eskatzen deutsazu taldeari? Eta zeure buruari?

Taldeari orain arte bezela jarraitea eskatzen jat. Apurka-apurka gure bidea eregiten eta disfrutetan. Hau da, aurrera egitea da asmoa. Halanda ze, lehenengo diskoan ez eben taldekide danak parte hartu eta oraingoan, barriz, bai. Horreezaz gan, gustauko jaten oholtza barriak zapaltzea eta sonoridadea guztiz jorratzea. 

Nire buruari, bestalde, modu askean denpora gehiago konposetako eskatzen deutsot; eta, denpora gitxiago, barriz, kudeaketa lanak egiten. Jakin badakit amesa besterik ez dala, izan be, industria honetan kudeaketa beharrezkoa da, arabere gehiago proiektu autogestionatua garen heinean.

6.- Bestalde, Euskal Herriko musikari ugari Musikariak Palestinarekin plataformeagaz bat egin dabe. Zein da zuen jarrerea kontu horretan?

Itxurakerian jausi gura barik, egoera konplejua iruditen jat. Guk, momentuz, Spotifyen jarraitzea erabagi dogu. Hori bai, nire kontu personala zarratu neban. Musikai askogaz berba egin dogu eta eretxi ugari dagoz: hori bai, ez naz eroso sentiduten hartutako erabagiagaz. Talde txikia gara eta jakin badakit kritikak jaso ahal doguzela honegaitik, baina, bakotxak haren errealidadea daukala iruditzen jat.

Asko burrukau behar dogu gure musikea entzungai egoteagaitik. Plataformatik alde egin ezkero, oso gatxa izango da norbaitik gure musikea entzutea. Hori da errealidadea.

Uste dot prozesu kolektiboa dala, ez bakarrik musikariona. Entzuleak be harago joan behar dira, beti be, guri ardurea eta erantzukina galdu barik, oso konziente naz gure erabagiagaz, baita horrek suponiduten dauenaz.

Bestalde, uste dot fokua etengabe jarten gagozela musikariengan. Gogoratu behar dogu musikariez gan, industria musikala entzule eta erakundeek be eregiten dabela. Uste dot erakundeei ez jakela aupergiratzen edo galdetzen ea zergaitik jarraitzen daben spotify erabilten euren ekitaldietan, ezta entzuleei be. 

Uste dot bizi garen testuinguru honetan Spotify bat gehiago dala, izan be, beste hainbat erakunde dagoz Israeli lotuta, esaterako: Amazon eta Google. Spotifytik alde egitekotan, Youtube, Amazon Music eta Apple Music plataformetatik be egin joan beharko ginan.

Aria, momentu honetan, ez dago prest hori guztia galtzeko. Hori da gure erabagia talde bezela, nahiz eta maila indibidualean bat egin erresistentziagaz eta salatu israelek egiten dabilen genozidioa. Udaratik egiten gagozen gogoetea da: gustauko jaten spotify ixtea, baina esan bezela, nire ustez esan izan beharko hori bakarrik. Joan ezkero, guk bakarrik galduko genduan, izan be, entzuleek ez gaitue jarraituko. Benetan zerbait eraginkorra egiteko, musika talde handiak egin behar dabela pentsetan dot eta kolektiboki, ez soilik Euskal Herrian. 

Benetan txalotzekoa da Musikariak Palestinarekin egiten dabilen lana, baita ekimenagaz bat egiten daben musikariak. 

Holan gagoz, bakotxak bere buruhauste eta errudurak izaten. Leitekeena da momentu batean Spotify ixtea, baina oraindino gogoeta prozesuan gagoz.

7.- Zeintzuk dira hurrengo kontzertuak?

Hurrengo kontzertuak ondoko honeek dira:

  • Urtarrilaren 15: Indara Aretoa (Iruñea). Musika Kilometro 0 lehiaketako irabazleetako bat izan geralako. 
  • Otsailak 7: Niessen Aretoa (Errenteria). Ilargi taldegaz batera. 
  • Otsailak 28: Lugaritz Kultur Etxea (Donostia). Kontzertu oso berezia izango da. 

Badagoz beste hainbeste atonduta, baina aurrerago iragarriko ditugu! Hori bai, aurreratzen dot Bizkaian be kontzertuak emongo ditugula. 

8.- Mezu berizirik?

Diskoa gure taldearen eboluzinoaren erakusle da. Sortzaile bezela be upealako aurrerapausua igarri dot. Aurrera begira jarri gara, parean daukagun hori begiratzeko gogoz. Oso eskertuta nago urte honeetan izan dogun bidelaguneei, baita jendeak emoten deuskun harrereagaz be. Bide polita izaten dabil. Gainera, makinatxu bat kontzertu atondu ditugu lana kaleratu genduanetik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu