Naia Torrealdai: 'eztabaidak sortzeko tresnea izatea gura dot'

Andoni Mugica Lopez 2025-05-05 08:00   Barriketan

Naia Torrealdai Amaieratik hasi. Euskal feminismoa, aldaketarako paradigma liburuxkea argitaratu dau. Berton, agirian ixten dau feminismoetan bizirik dagozan korapiloak izentetako ahalegina.

Historia gradua eta Garaiko Historiako masterra egin zituan Euskal Herriko Unibersidadean. Gaztetatik ezker independentistako ekintzailea izan da eta 2015etik Euskal Herriko Bilgune Feministako militantea. Azken urteotan, EHko Emakumeen Mundu Martxako plataformako, 2019ko Greba Feministako koordinadorako eta Bizitzak Erdigunean koordinadorako parte be da.

Liburuxkea, Iratzar Fundazinoaren eta Txalapartaren kolaborazinoari esker gauzatu da.

1.- Amaieratik hasi. Euskal feminismoa, aldaketarako paradigma liburuxkea idatzi dozu. Zein da liburuxkearen helburua edo erronkea?

Hainbat helburu ditu, nagusia ondokoa da: feminismoa bera eta, batez be, euskal feminismoa eraldaketa sozialerako marko politiko bat legez izentetea eta holan autortzea. Izenburuan aitatzen dodan bezela, aldaketarako paradigma moduan eta ez bakarrik jente-artearen eskubide batzuk lortzeko proposamen politiko legez. Hori da helburua, baina badaukaz beste helburu batzuk, alde batetik mobimendu feministearen azkenengo azken hamarkadean izandako korapiloak izentetea eta horren inguruko proposamenak eta hausnarketak egitea, baita eremu mistoetako militanteen inguruko hausnarketea eta interpelazinoa be.

2.- Oraindino be asko dago lantzeko eta aldatzeko. Halanda ze, adibide askoren artean, oportunismo politikoa oso presente dagola aitatzen dozu...

Bai eta hainbat esferatan ganera. Feminismo liberalaren falaziaz berba egiten dodanean, feminismo burgesak edo ferminismo liberalak izentau dan hori, euskal herrian lurreratze gitxi edo kasik ezer izan dau. Erakundeek eta partidu politikoek taktika batzuk dabiz hartzen, izan be, feminismoak jente-artean gero eta oihartzun handiagoa hartzen dagoala hartzen ikusi dabe. Beraz, horri buruzko proposamenak egiten ditue.

Ez hori bakarrik, baita eskerreko esfera batzuetan be. Eskerreko gizonen aldetik askotan ulertu da feminismoa benetako proposamen politiko eraldatzaile bat moduan, baina, inportanteagoa dan proposamen politiko batera emakumeak hurrreratzeko tresna moduan. Niretzako, hori be, oso oportunistea da. Esangura horretatik interpelau gura izan ditut desbardintasunak.

3.- Amaieratik hasi, beharrezkoa da Euskal feminismoa ulertzeko?

Ez dot uste beharrezkoa danik nire liburua irakurtea euskal feminismoa ulertzeko. Tesi eta ekarpen asko egin dira horretarako, esaterako, Euskal Bilgune Feministeak atara dituanak, askoz be sakonagoak. Nire liburuxkea gertuago dago hausnarketa personal politiko batetik konpartidu daitekezan ezinegonetatik tresna bat izatera. Euskal feminismoa izentetetako, baita haren lekua esangura horretan emoteko be. Ez horrenbeste ulertzeko, tresna edo proposamen politiko baliogarria da.

4.- Herri sektore atonduek zuzeneko esku-hartzea izatea beharrezkoa dala esaten dozu. Zergaitik?

Herri sektore atonduek edo herri botereaz berba egiten dodanean, bai azpimarratzen dot niretzako azken urteotan egin diran esperientziak eta batez be mobimendu feministan planteautako gobernantza eta politika feministak ulertzeko beste forma bat. Arabere gehiago, amesten eta burrukatu nahi dogun estadu feminista horretan egon behar dirala botereak ulertzeko eta banatzeko forma barriak. Esangura horretan, herri mobimenduak oso inportanteak dira. Ez kokatzea kaleko tirabira moduan, botere guneetan erabagi batzuk hartzeko esparru moduan baino. Esperientzia hori esango neuke badala greba orokor feministako mobimenduetatik planteau dan jagoletza mailearen proposamena. Horregaitik begitantzen jat garrantzitsua herri sektoreek zuzeneko esku-hartzea izatea.

5.- Liburua hiru ataletan dago banatuta: Nola heldu gara honaino?; Historia bukatu zen; Nora joan nahi dugu?. Berton, antxina, oraina eta etorkizuna lantzen dozu?

Formatu klasikoa da. Nola heldu gara honaino? atalean azken hamarkadako diagnostiko txiki bat egin dot; bigarrenean, zelan heldu garen ona eta zer dagoan lantzeko adierazoten dot; eta, hirugarrean, barriz, zelan egin aurre korapiloei eta ze lan eta bide daukagun hemendik aurrera.

6.- Hainbat mobilizazino aztertu dituzu lanean, besteak beste, Iruñeko La Manadaren kasua, 2019ko martiaren 8ko grebea eta 2023ko zemendiaren 30eko greba orokorra. Bertan, erabateko blokeoa jasan zenduela nabarmentzen dozu; zein da zure ustez horren arrazoia? Bildurra emoten ei dau esparru batzuetan mobimendu feministearen hazkundeak?

Bai, hainbat hazkunde egon dira. Lehen aitatu dodaz, mobimendu feiministea baino feminismoa, pensamendu edo balore konpartidu moduan, batez be, martiaren 8ko grebearen ostean. Hori bai, horren aurretik be antzemoten ziran hainbat mobilizazino. Hor dago kakoa, zer dan feminismoa edo zelan ulertzen dogun balore moltsoak izan baziran moduan soilik, edo benetan eraldaketarako tresna bezela. Martiaren 8ko lehenengo greban, zenbait alderdi politiko ez ziran batu eta horren ostean ikusi zan sekulako arrakastea eta erantzuna izan ebala.

Gero, greba feminista orokorra pasautakoan, benetako proposamen ekonomiko eta politiko sozialak planteetako momentuan entzungor egin eben. Hor ikusten da non kokatzen dauen bakotxak feminismoa: halanda ze, benetako aldaketarako intenzino eta erantzunik ez dauela, hortik dator blokeoa. Uste dot, bildurra baino, ez dauala ezelako asmorik kapitalimo pratiarkala deseregiteko.

7.- Liburuxkea, Iratzar Fundazinoaren eta Txapalapartaren alkarlanari esker argitaratu da, burruka ideologikoa interpretau eta horretan eregin nahian. Holako alkarlanak guztiz beharrezkoak dira Amaieratik hasi. Euskal feminismoa, aldaketarako paradigma lako liburuxkak argitaratzeko?

Erabat beharrezkoak. Amaieratik hasi. Euskal feminismoa, aldaketarako paradigma kolekzinoko hamargarren liburuxkea da eta bilduma oso txukuna dabil geratzen. Gaur egungo erronkei erantzuteko  bildumea da, hainbat gai jorratuz: elikadurea, hezkuntzea edo geopolitikea. Beharrezkoak dira mundua ulertzeko, batez be, euskal herri mailan ez dogula horrenbeste pentsetan. Garrantzitsua da diagnostiko globala egitea, baina nik nire lanean euskal herritik euskal herrirako idatzi dot. Euskeraz sortutako saiakera txikiak badira be, garrantzitsuak dira.

8.- Mezu berezirik?

Hausnarketa personalak dira. Hainbat eztabaida sortzeko tresna izatea gura dot, ez da zarratuta dagoan pensamendua. Seguru antzean, barriro irakurri eta gauzak aldatuko neukez, izan be, mundua aldatzen dago. Gustura egingo neuke eztabaida horren inguruan, bai mobimendu feministan baita beste arlo batzuetan be.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu