Egoitz Bijueska: '2028ko Los Angeleseko Joko Olinpikoak irabaztea da helburua'

Andoni Mugica Lopez 2025-06-16 08:00   Barriketan

Egoitz Bijueska skaterra harro bueltau da etxera, izan be, denporaldiko lehen Munduko Kopea irabazi dau  park modalidadean, Ostian, Italian. Bilboko skaterrak kalidadea erakutsi dau. Amesetan nago. Ez dot sinisten, baina hobetzen eta trikimailu barriak ikasten jarraitu behar dot, dino Bijueskak.

Egoitz Bijueskaren garapena, kritika eta zaleak harrituta itxi ditu. 2023ko Munduko Txapelketan, gonbidapen-txartelagaz lehiatu zan, 12 urte zituala. Halanda ze, final-laurenetara heltzean danak zurtz eginda itxi zituan eta ordutik nazinoartean interes handiko kirolari bihurtu da. 2024an, barriz, Munduko Txapelketa absolutu batean debuta egin eta urtebetera, Egoitz Ostiara bueltau eta 23. postutik bosgarren postura pasau zan.

2025eko maiatzean, 14 urte besterik ez zituala, Estadu mailan 900 bat lortzen lehen skaterra izan zan (ikusi hemen), hau da, sei metrotik gorako altueran bira bi eta erdi egiten. Munduan marka hori daben 12 skaterren artean sartu zan bilbotarra. Trikimailua egiteak egun bi eta 20 saiakera nahikoa izan zan markea lortzeko. Tony Hawk mitikoak, barriz, 10 urte behar izan zituan.

Oraintsu, irailean Washingtonen jokatuko dan Parkeko Munduko Txapelketarako aprobak egiten dago.

1.- Lehenik eta behin, Zorionak! Zelan sentiduten zara Ostiako Munduko Txapelketea irabazi ostean?

Eskerrik asko. Oso pozik nago urrezko domineagaz, izan be, aste oso gogorra izan da. Halanda be, amesetan nago, ez dot sinisten.

Sekulako konpetentzia egoan txapelketan, oso gatxa izan zan. Kontrakoak oso onak ziran, beraz, dana emon eta truko onenak erakutsi nituan, presinoari eta nerbioei aurre eginez.

2.- Txapelketako gazteena zinan? 

Txapelketa osokoa ez. Ni baino gazteagoek be parte hartu eben. Hori bai, finaleko gazteena bai eta seguru antzean, baita semifinaletakoa be.

3.- Nondik dator patinatzearen afizinoa, daborduko profesional bihurtu dozuna?

Zazpi urtegaz, nire gurasoak eta hirurok skatepark batera joan ginan. Berton, gazte bat ikusi genduan skateagaz upealako tirkimailuak egiten eta harrituta gera ginan. Beraz, nire gurasoei hori gura nebala ikasi aitatu neutsen. Eurek ez ekienez, Skate Eskola batera eroan eusten. Holan hasi zan dana. 

4.- Zer da kirol horretan gehien gustetan jatzuna?

Txapelketak, truko barriak ikastea eta lagunekaz egotea. Hori bai, gehien gustetan eta motibetan nauena, txapelketak dira.

5.- Ezpezialidadeko erreferente bihurtu zara, zelan daroazu presinoa? Ganera, Ostiako kasuan, jentez lepo egoan...

Presino handiko norgehiagokak izaten dira, baita urduritasun handikoak be. Eskerrak nire gurasoak beti alboan dagozela egoera horreek kontrolpean izateko. 

Ostiako kasuan, publikoz ganezka egoteak asko lagundu eustan, izan be, horrek asko motibetan nau.

6.- Zure entrenatzailea, Trevor Ward australiarra, Kalifornian bizi da. Zelan atontzen zarie? Zein da zuen agendea?

Online bidez egiten ditugu entremenduak, izan be, Australian bizi da. Bideoak bialtzen deutsodaz eta horreei esker, zelan hobeto eta trikimailu barriak ikasten ditut. Horreezaz gan, urtean bitan Kalifornian geratzen gara eta txapelketetara be etorten da, esaterako, Roman izan da. 

Hemengo instalazinoak ez dira oso onak. Beraz, ahal dodan danetan, Kaliforniara joaten naz.

7.- Horrek, ganera, ingelesa ikasteko balioko deutsu ezta?

Bai. Ganera, klaseak ingelesez egiten ditugu eta asko laguntzen deust ikasteko. Txapelketetan be, munduko kirolari asko izaten dira, halanda ze, gure artean ingelesez komuniketan gara. 

8.- Hamalau urteregaz 900 bat lortu dauen estaduko skatelari bakarra bihurtu zara (Munduan marka hori daben 12 skaterren zerrenda murriztuan). Tony Hawk mitikoak, barriz, 10 urte behar izan zituan. Zelan lortu zenduan? 

Egun bitan lortu neban, 20. saiakeran, Kalifornian. Hori bai, bildur asko pasauta, izan be, astebete lehenago sorbaldea apurtu neban. Ganera, ranpako 4,5 metroko altueraz gan, metro biko saltua egiten dot; beraz, guztira sei metroko altueran, bira bi eta erdi eginez. Lortu aurretik, baten baino gehigotan jausi be egin nintzan eta, beraz, bildur guztiak ahaztu eta aurrera ekin neutsan. Trevorrek asko lagundu eustan hori gauzatzen.

9.- Zeintzuk dira epe labur eta luzeko zure erronkak?

Epe laburrerako erronkea, hobetzen jarraitzea eta gertuko txapelketetara joatea da, hilabete honetan estaduko txapelketa batzuetan izango naz. Horreezaz gan, leitekeana da Kanadako txapelketa batera joatea be. 

Epe luzeko helburua, barriz,  2028ko Los Angeleseko Joko Olinpikoetan irabaztea da.

10.- Esker on edo mezu berezirik?

Nire entrenatzaile eta gurasoei eskerrak emotea. Eurak egiten dabe posible hau guztia. Eskerrik asko!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu