Asier Guantes: 'Euskal Herrian ez dago holako beste egitasmorik'
2025-07-28 08:00 BarriketanAtharratzen hasi eta ia 800 kilometro egin ostean garagarrilaren 31ean amaituko da EuskarAbentura Getxon. Bertan, Asier Guantes santutxurra dabil lan-talde urdineko begirale bezela.
Parte-hartzaileen datuei erreparauta, danetara, 126 gazte dabiz Euskarabenturan. Errealidade linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural anitzekoak dira. Herrialdeka ondokoak dira kamiseta laranjea izango daben gazteen kopuruak: Bizkaiko 43 (% 34,12), Gipuzkoako 26 (% 20,63), Nafarroako 24 (% 19,05), Arabako 13 (% 10,32), Lapurdiko 13 (% 10,32), Baxe Nafarroako 5 (% 3,97) eta Zuberoako 2 (% 1,59). Ipar Euskal Herriko kideen parte-hartze handiena dau aurtengoak, halanda ze, 20 jzioquitar izango dira espedizinoan. Taldean gehienak emakumeak dira, 77 (% 61,1) eta gizonezkoak 49 (% 38,9).
Gazteekaz batera, 28 lagunek osotutako lan-talde urdina espedizinoan da: koordinatzaile 2, xerpa (begirale) 2, xerpa laguntzaile 2, xerpa buru 2, mediku 2, 3 erizain, gidari 2, argazkilari 1, kameralari 1 eta komunikazino arduradun 1. Aurten Ipar Euskal Herriko kide bi Xerpa lanetan ibiliko dira.
Aurtengo barrikuntza nabarmenena da Primeran plataforman eskainiko dirala saioak. Lehen saio biak garagarrilaren 10 eta 24ean estreinau ziran. Hirugarrena abuztuan eskainiko da eta irailean, barriz, laugarrena eta azkena.
Euskal Herriari bueltea emon ostean, daborduko, Bizkaian dagoz: gaur, hilak 28, Gernikan. Ondokoa da azken egunetako programazinoa: garagarrilak 28: Gernika; garagarrilak 29: Gernika - Bermeo; garagarrilak 30: Bermeo - Bakio -Bilbo; eta, garagarrilak 31, azken eguna, Getxon izango dira.
2.- Euskal Herriko zazpi probintziak hileabetean, basoak, mendiak, lautadak, lagun zaharrak eta barriak... Zela atontzen da hain ibilbide handia eta luzea?
Lan asko dago. Hilabete asko dira dana atontzen. Koordinatzaile bi dagoz urteko lana egiten dabela: etapak, edukiak, dinamikak, azpiegiturak, jatekoak, gure artean atontzeko furgonetak... Beraz, ez da gauerdiko auntzearen eztula lan guzti hori.
Horreezaz gan, beste asko gagoz egunerokoan, hau da, lantalde urdina. Begiraleok dinamika ugari prestetan ditugu, komunikazino lantaldekoek argazki eta bideoez arduratzen dira, baita osasun lantaldea be...
3.- Zeintzuk dira espedizinoaren helburuak?
EuskarAbentura lau ardatz nagusi ditu, ondokoak dira: euskerearen ohiturak aldatzea gazteen artean (niretzat garrantzitsuena); gazte euskaldunen sarea sortzea (etorkizunean alkartzeko aukerea izatea); Euskal Herriko txokoak ezagutzea (adibidez, ni Santutxukoa naz eta Ziberu ez neban ezagutzen); eta, balore positiboen transmisinoa sustatzea.
4.- Aurtengo barrikuntza nabarmenena da Primeran plataforman eskainiko dirala saioak. Zer ikusiko dogu berton?
Bai. Lau saio izango ditugu. Helburua da gazteek konsumiduteko ikus-entzunezkoa izatea. Egia da, egunerokotasunean biziduten doguzen alkarbizitza asko ezingo dirala agertu, baina, laburpen polit eta didaktiko bezela hartu daitekela.
Egitasmo polita dala iruditen jaku. Gainera, ikusi izan dogun lehen saioa asko gustatu jake gazteei eta baita gurei be. Beraz, aurrera.
5.- Ipar Euskal Herriko kideen parte-hartze handiena dau aurtongo edizinoak. Iparraldean euskereari bultzadea emon deutsen seinale?
Guztira, Ipar Euskal Herriko 22 gaztek parte-hartzen dabiz eskursinoan: 20 jzioquitar eta lantaldean bi arduradun. Inoiz baino parte-hartzaile gehiago dagoz eta modu oso positiboan ikusten dogu dinamika barri hau.
Gainera, esperientzia oso ona gagoz ateretan eurenegaindik, izan be, hegoalde eta iparralde arteko muga hori zehartzeko eta aurrera pausuak emoteko sekulako ariketea da. Beraz, bien artean alkar jagoten oso ondo moldatzen gabiz.
6.- Atharratzen hasi eta Getxon amaituko da aurton, ba al dago aitamen berezia merezidu dauen etaparik? Azken egunak Bizkaian egingo dituzue...
Bai, azkenengo egunak Bizkaian egingo ditugu. Alde batetik, Uradaibaiko biosfera ezagutuko dogu Aulesti - Gernika etapan zehar. Bestetik, Lekeition izango gara. Bertan, gazteek bainatzeko aukerea izango dabe, momentu polita eta merezitakoa izaten da.
Nobedade bezela, gazteentzako etapa bat egingo dogu hilaren 31an, itsasontzian, Bilbotik Getxora.
7.- Oraingoz, zer da gehien harritu jatzuna? Eta gustau?
Gehien harritu jatena ondokoa da: gune erdaldunetik datorren jentea gune oso euskaldunetik datozenekaz batu dirala. Talde oso heterogeneoa da eta horrek harritu deust: oso ondo moldatu dira euren artean. Beraz, inseguridade horrei zelan egiten deutseen aurre sekulakoa izan da. Oso positiboa iruditzen jat.
8.- Ibilbideaz gan, bertako ondare kulturalak ikusten dituzuez ezta?
Bai. Esaterako, herri bakotxean jantza ugari dagoz; eta, hori, ondare kulturala bezela ulertzen dot. Halanda ze, transimisino kultural hori oso garrantzitsua da. Baita abestiak ezagutzea eta irakastea be, oso polita izaten da.
Horreezaz gan, puntu neuralgikoak, eskulturak eta eraikuntzak bisitetako aukerea izan dogu: Amaiurreko Gazteluan izan gara, Añanako Gezaltzan eta Euskal Herritik pasetan diran Donejakuen hiru ibilbideak zehartu ditugu. Gainera, gaur, hilak 28, Gernikako Arbola bisitauko dogu, baita Urdaibaiko Biosfera be.
9.- Mezu berezirik?
15 eta 17 urte arteko gazteak konbidadu gura dot EuskarAbenturara. Halanda ze, Euskal Herrian ez dago holako beste egitasmorik. Hemen gauza asko ikasten dira, esaterako, indibidualismotik kolektibotasunera saltua lantzen dogu. Persona bezela be, hazkundea agirikoa da, danon aldetik. Azkenean, familia barria sortzen dogu hilabetean zehar.
Edozein persona etorri daiteke, doban. Arebere gehiago, ez genduan ulertuko EuskarAbentura doban izango ez balitz. Beraz, ez dago atxakirik!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!