Jon Maia Soria: 'Harrietan dagoan herria erakustea izan da asmoa'

Bizkaie! 2025-05-26 08:08   Barriketan

Jon Maiak Kantu bat gara eta Kantu berri bat gara lanen bueltan eregitako azken musika proiektuko 4 urteko zikloa zarratu dau maiatzaren 24an Zumaiako Itzurun hondartzan. Sortzaile eta eragile zumaiarra pozarren dago memoriaren transmisinoan eta etorkizuneko euskal identidade barria eregiteko zereginean ekarpena egingo dauelakoan, ohiko kontzertuaren kontzeptua gainditzen dauen emonkizun berezi eta parte-hartzailea eskaini baitau.

Itzurun hondartzea, flischa eta itsaslabarren arteko eszenatoki natural horretarako diseinautako kontzertua emon dau Urretxun jaio eta sei urtegaz Zumaiara biziten joan zan artisteak, kantuak eta argi proiekzinoakaz eta Zumaiako zein konbidautako hainbat lagun eta eragileren parte-hartzeagaz. Doban izan zan kontzertua gaueko 21:00etan, eguzkia sartzeagaz batera eta itsasbeherea aprobetxauta.

Ekitaldian Zumaiako Astindu Alkartea, Eñaut Elorrieta, Kandido Uranga, Inpernupeko joaldunak, Zumaiako Adarjoleak, Zaria Koru Eskolea, Gernikako Ross Dantza Eskolea eta, ezin ahaztu, Zumaiako Lucia Lacarra, munduan sano entzutetsua dan jantzaria.


1.- Kantu bat gara eta Kantu berri bat gara lanen bueltan, upealako kontzertu berezia eskaini dozu. Musikaz gan, argiak, konbidaduak eta ezustekoak izan dira zikloa zarratzeko. Zelan okurridu jatzun natureagaz buztartzea zure lanik esanguratsuenak?

Bueno, 30 urteko letragile ibilbideko nire lanik esanguratsuenak batzen hasi nintzan lehenengorako, Benito Lertxundi, Gari eta holakoak tarteko zirala eta bigarrenerako kantu barriak be egin genduzan; kontua da ze lehenengoaren ostean, ospakizuna edo egin genduala baina bigarrena neureagoa edo izan da. 

Kontzertua oso berezia izan da eta arrazoi bi nabarmenduko neukez: azkena izan da, errepetiduezina eta, bestetik, kontzertua leku berezian izan dalako, Itzurungo hondartzan, amesen antzokian. Munduko diru guztiagaz inork ezin izango leuke holako leku bat erosi. Hondartzeak ez dau ezeren beharrik, ederra da lekua eta zapatukoa ikuskizuna izan da, musikearen eta sentimenduen arteko buztarketea. Eta nire kantu asko inguru horretan jaio ziran eta esan neike zapatuan amaren sabelera bueltau zirala. 

2.- Kolaboratzaileen artean artista handiak konbidau dozuz?

Nire kontzertu guztietan egon dira kolaboratzaileak, 100 lagun edo, abeslari, idazle, aktore, bertsolari eta lagunak eta azken ikuskizunean be batu dodaz batzuk; nire gogoa izan da ikuskizun herrikoiak izatea, kontzertuaren izenburua be  berezia da: Zumaia Harri eta Herri, hain zuzen be. Harrietan dagoan herria erakustea da asmoa eta, esangura horretan, saltsan izan doguz Astindu, herriko jantza taldea, Adarjoleak, Kandido Uranga herriko aktorea, Zaria Koru Eskolea, 35 ume eta Gernikako Ross Dantza Eskolea. Baina makinatxu bat sari eta munduan upelako erantzunagaz dabilen Lucia Lacarra ezin dot ahaztu, zoragarria izan zan.

Baina okasinorako goiz partean Zumaiako Trititixa Eskolako trikitilariak eta Kofradiko balkoitik kantaldi akustikoa be izan genduzan eta arratsaldean, Porrotx eta Txapas, Zumaiako dultzaineruak, Bilbo Kantari, Azpeitiko Kantujirea eta sardinak be izan genduzan Kofradiako parkean eta pozarren nago ikuskizuna asko aberastu baita.

3.- Aitatu lan biotan liburu diskoa be argitaratu zenduan, berbagile bezela 30 urteko ibilbidea ospatzeko. Musika taldeentzako kantuen berbak be idatzi izan dozuz eta Karidadeko Benta musika taldeko sortzaile eta abeslaria izan zara. Idazlea, kazetaria, maisua, bertsolaria, zein arlotan sentiduten zara hobeto?

Aitatu horreetatik bat aukeratzea gatxa da. Danetarik egiten oso gustora sentiduten naz, batetik besterako hori gustetan jat eta konturatu naz sortutakoak gero eta gehiago dirala jakintza-arlo askotakoak. Kantu bat gara ikusi dauenak badaki ez dala ohiko kontzertua, irudiak be badagoz eta jantzeak be presentzia handia dauka ikuskizunean. 

Berbea, musikea, irudia eta jantzea lau hizkuntza artistiko horreetan oso gustora nabil, arlorik arlo saltoka ibilteak motibetan nau, bizi nazen garaiari eta gizarteari ekarpena egin nahi izateak pozten nau, jasotako Euskal Herria ondorengoei geuk hartutakoa baino hobea emotea.  
 

4.- Kantu bat gara eta Kantu berri bat gara lanotan, besteak beste, Silvio Rodriguez, Xabier Amuriza, Asier Etxeandia eta Itziar Ituño lakoak izan dozuz kolaboratzaile. Herri ikuspegia musikearen bidez zabaltzeko helburuz gan, ze ekarpen egin deutsue?

Itzela. Nireak ez dira kontzertu arruntak, herri ikuspegia emoten dot, % 100 Jon Maia dira nire ikuskizunak eta alde bi nabarmenduko neukez, euskal identidadea eta transmisinoa. Herri ikuspegia musikearen bidez zabaltzeko helburuari eusteko ezinbestekoak izan dira aitatu dozuzan horreek eta gogoan izan proiektu edegia, parte-hartzailea izan dala eta lau bat urteko prozesu horretan lagunak izan ditut alboan eta subertedun sentiduten naz. 

5.- Zumaiako bertso-eskolan ibili zinan eta Joanito Dorronsoro izan zenduan gidari. Zelan gogoratzen dozuz momentu hareek?

Ez dot sekula ahaztuten nondik natorren eta oraindino zurtz eginda geratzen naz ikusten dodanean Arriaga Antzokia beteta edo Kursaal Jauregia ganezka. Asko kostau jat bidea egitea, eten barik mugak gainditzen, umea nintzala hasi nintzan, euskeraz pentsetan, Zumaiako Bertso Eskolan 10 urtegaz sartu nintzan eta ezin dot ahaztu Joanito Dorronsoro. Beti gogoratzen dodaz hasierako pausuak ze ume bat zarenean ez dozu pentsau be egiten holako zeozertara helduko zarenik. 

6.- Hamabi urtegaz, Zumaian, 1984an, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako kanporaketan kantau zenduan lehenengoz baina 1997an, 2001ean 2005ean eta 2009an Txapelketa Nagusiko finalista izan zinan, baita Gipuzkoakoan be. Zer emon deutsu bertsolaritzeak?

Bertsolaritzea da nire etxea eta etxetik urten eta nire abenturak egiten ditut. Bertsolaritzea da egiten dodan guztiaren erdigunea, etxea eta enborra. Beti izango naz bertsolari.

7.- Etapa bat amaitu eta barria be etorriko da. Zertan zabiz orain, ze idea edo erronka dozu buruan?

Oso ilusionauta bi proiektutan nabil. Zeozelan musikearena alboratu eta ikusentzunezkoen munduan, hain zuzen be. Ondarroako Udalak eskatuta izango da bat, emigrazino espainolari buruzkoa eta bestea, handiagoa, pare bat urte edo beharko dodaz. 

Lehenago be eginda ditut sei edo, oso oker ez banago eta pozarren nago.

8.- Athletic zala amorratua zara eta penaz hartuko zenduan talde bilbotarra UEFA Europa Leagueko finalean ez dozulako ikusi San Mamesen...

Bai. Partiduaren aurretik ospatu genduan, zozketan subertau jakun aukerea eta Machesterren egon ginan alabea eta biok, sekulakoa izan zan eta kanporatzea penaz hartu bagenduan be, pozik gagoz, upealako denporaldia egin eta datorren urtean barriro Europan izango garelako. Harro gagoz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu