Xabaltx: 'Bizkaian 'Norabide xuriak' aurkezteko gogotsu gagoz'

Andoni Mugica Lopez 2025-06-02 08:00   Barriketan

Xabaltxek, zortzi abesti sortu ditu zortzigarren diskoan, Loreak askatu (Agorila) eta zortzi urtera. Norabide xuriak izenburuko zortzigarren disko hau konsonantzia humanistea ardatz dauen diskotzat hartu daiteke, bere gaiak garaiko bezain garaibakoak baitira. Lan honen idazketea eta musika-konposizinoak egiteko lau urte behar izan zituan, hausnarketa kontzeptua sormen prozesu horren muina izanik.

Emoitza aireztatu eta sendo baten bila, esperientzia handiko musikari taldea batu eban Xabaltxek, giro emozional eta soinudun barri hau ezagutzeko prest. Pascal Garmendia produktoreaz gan, ondoko musikariek parte hartu dabe: Jokin Irungaray (bateria, perkusinoa eta koroak), Xabi Leon (teklatua, pianoa eta koroak) eta Patrice Tetevuide (gitarra elektrikoa eta akustikoa).


1.- Zortzi abesti zortzigarren diskoan, Loreak askatu (Agorila) eta zortzi urtera. Zergaitik hainbeste denpora? Kasualidadea?

Kasualidadea edo, holan subertau da. Nire sortze-prozesua luzea izaten da, lau urte ingurukoa. Oraingoan, epea bikoiztu dot [Barreak]. Hori bai, bitartean lan ugari egin dodaz, esaterako: Kantuen kontrabandista zortzi kapituluko euskal telesaila, baita mus emonkizuna be, Mintza izenekoa. Beraz, lau urtez nahiko lanpetuta ibili naz.

2.- Beraz, diskoa egiteko, lau urteko sortze-prozesua behar izan dozu. Zelan sentidu zara?

Diskoaren emoitzeagaz oso pozik nago, ganera, arlo askotan. Lehena, jakina, sekulako lan taldea izan dodala: Itsasuko Jokin Irungaray (bateria, perkusinoa eta koroak); Ziburuko Xabi Leon (teklatua, pianoa eta koroak); Behobiako Patrice Tetevuide (gitarra elektrikoa eta akustikoa); baita Ezpeletako Peio Ospital soinu-egilea be. Beraz oso pozik nago.

Gero, diskoaren produkzinoa: kantuak nik sortu ditut, baina, alkarlanean eroan ditugu aurrera. Oso giro onean eta, ganera, nahiko azkar.

3.- Komuniketako zaltasunak (Ele ixilak), belaunaldien arteko txarto-ulertuak (Leihoak), zalantza existentzialak modu metaforiko eta dibertigarrian tratatuak (Bekatua baserrian), zer moduz amesten dogu? (Amets), boterearen gorakadea eta totalitarismo etenbakoa (Iguzki gira), exodoa (Ikusi zintudanean).... gaurko gizarteari buruz hausnartu gura izan dozu?

Gaurkoa, garaikideak... ez ete dira horreek betiko leloak? Erromatarrak, Greziarrak... uste dot gizakiak betidanik izan dituan burutazinoak dirala. Beraz, ez dot pentsetan gauza barriak diranik. Hori bai, leitekeana da horreek guztiorreek lehen aldiz batu izana disko bakarrean.

Halanda ze, zoritxarrez, ez dot uste gaurko gaia danik. Emoten dau ez dogula joandako lezinoak ikasi itxurea danez.

4.- Halanda be, gero eta uniberso desmaterializatuago batean erabagiak hartzeko ditugun zaltasunak lantzen dituzu Norabide xuriak abestian. Egun, pil-pilean dagoan gaia...

Bai, izan be, hori da XXI. mendearen aldaketa nagusia: gauzak desmaterializetan dabizela hain zuzen be. Beraz, batek daki gure garunak eta bihotzak hori bide hartuko ete daben. Espero ezetz.

5.- Naturearen bihotzean, Baztan bailaran, 760 metroko altueran bizi zara, Bertiz Parke Naturalaren ertzean. Diskoak lasaitasun hori be transmitiduten dau?

Hori uste dot. Diskoaren soinu orokor horretan, gozotasuna trasmitidu gura izan dot, izan be, espazioa sentidutea be bada diskoaren helburua. Hori, oso konziente hartu dogun ardatza izan da.

Berton sortu dot diskoa, alturea handiko gunean eta lehenengo herrigunea hiru kilometrotara. Halanda ze, sortzeko modu hori, diskoan sentiduten da.

6.- Pascal Garmendia produktoreagaz egin dozu lan barriro be. Ondo moldatzen zarien seinale...

Bai, beti geratu gara emoitzeagaz oso pozik. Norabide xuriak diskoaren aurretik, lan bitan izan gara: SMS galduak (2005, Gaztelupeko Hotsak) eta Cymeus (2009, Agorila). Holan, beharra sentiduten neban triologia bat egiteko. 

Bertoko gaiak eta soinuak Pascalek ondo egokituko zituala ziurtasun osoa neukan, eta, holan izan da. Benetan plazerra da holako produktoreagaz lan egitea.

7.- Beste zortzi urte itxaron beharko dogu hurrengo diskorako?

Egia esan, idea asko ditut eta poliki-poliki gauzak apuntetan eta grabetan nabil. Ikusiko dogu noiz eroango dogun lan barria aurrera, baina lehen sentimendua arinago kaleratzea da [Barreak]. Norabide xuriak baino, beharbada beste kolore eta norabide batzuk erabiliz.

Hori bai, oraindino Norabide xuriak diskoa defendidu behar dogu. Plazetara hurreratzeko gogoz gagoz, baita guztiok disfrutetako be. Ganera, Bizkaira hurreratzeko gogotsu gagoz, beraz, kulturgune, alkarte edo beste edozein erakundeei dei egiten deutset geugaz kontau deien. Prest gagoz gure iparraldeko sensibilidadea, baita euskerearena be, zabaltzeko eta ezagutarazoteko.

8.- Mezu berezirik?

Gure lurraldea defendidu eta ingurumena jagon behar dogu, tokiko jentea eta gauzak bultzatuz. Aupa Baztanen Arostegiaren alde dabizen militante guztiei.

Horreezaz gan, hegoaldean joteko manager baten beharra sentiduten dogu. Beraz, lan hori baten batek egin gura baleu, gure sare sozialetatik kontaktuan jarteko eskatzen deutsagu. Hori da-eta gure behar handiena. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu