Asun Lopez: 'sariek motibau egiten gaitue beharrean jarraitzeko'.

Koldo Isusi Zuazo 2025-05-12 07:49   Barriketan

Urrike Liburudendako Asun Lopezek jaso dau Durango Sari Berezia, herritarrek botoa emonda, 306 boto, hain zuzen be. 

Durangoko UdalaDurango Sariak banatu ditu, udalerriko bizimodua eta herriaren balioak aberasten laguntzen dabenen lana saritzeko asmoz.

Durango Sariek kirola, kulturea, euskerea, bardintasuna eta gizarte lana lako esparruetan egindako dedikazinoa saritzen dabe. Ondoko honeek dira edizino honetan saritutako personak eta erakundeak:

  • Kirol arloan: Helena Barrenetxea, haren ibilbideagaitik eta tokiko kirolari egindako ekarpenagaitik.
  • Kultur arloan: Durangaldeko Artisten Alkartea, artea eta kulturea eten barik bultzatzen ditualako.
  • Gizarte arloan: Herria Auzo Alkartea, kohesino eta dinamizazino komunitarioko lanagaitik.
  • Euskerearen sustapenean: Durangoko Azokea, euskerearen alde eta sustapenean erreferentea dalako.
  • Bardintasunaren sustapenean: Tabirako Saskibaloi Taldea, kirolean bardintasunaren aldeko jarrereagaitik.

Durangoko Udalak herritar guztien inplikazinoa eskertu dau, baita zorionak emon saritutako persona eta kolektiboei be, espiritu durangarraren benetako erreferenteak diralako.

Sari banaketea maiatzaren 8an izan da San Agustin Kultur Gunean. 

Pozarren dago Asun Lopez autortzeagaitik eta gustora ibili gara barriketaldian.

1.- Herritarren botoei esker irabazi dozue Durango Sari Berezia, herriaren autortzea izan da. Aparteko sentimendurik sortu jatzue?

Bai. Oso berezia izan da. Herritarren autortzeak motibau egin gaitu, durangarren maitasuna sentidu dot, urteotan egindako lanak badauela erantzuna igarri dot eta oso pozik nago.

2.- Makinatxu bat esperientzia biziko zenduezan 35 urteko ibilbidean. Ze mugarri eta helburu nabarmenduko zeunkez?

Kasik 45 urte daroadaz liburudendan eta mugarririk ez deutsut zehaztuko baina danetarikoak bizi izan ditugu hemen; hasieran negozioa familiarra zan, 1979/80 urteetan edo hor bueltan nire ahizta eta nebak ibili ziran eta liburudendaz gan, guk geu, familiak kudeatzen eban jatetxean be lan egin behar zan. Kontua da ze magisteritza ikasketak amaitu eta horretan ez nebala ibili gura pentsau ondoren, liburudendan sartu nintzan buru-belarri. 1981etik hona neu nabil jo eta su. Edozelan be, 2003. urtean liburudendea hasieran egoan lekutik Durangoko Alde Zaharrera aldatzea erabagi neban herritarrak hurbilako izango genduzalakoan; ez genduan arazorik izan eta gaur egun Urrike Liburudendea eredu da Durangaldean.

Hori bai, urte gorabeheratsuak izan ziran, gizarte mailan eta politikoan baina 1983ko uriolen ondorioz sekulako kalteak izan ziran, liburudendako beheko pisu bat goraino bete jakun ur, basa eta zaborrez eta hor gordetako disko, komik eta liburuak galdu egin genduzan, deskalabru ekonomikoari aurre egin eta zorionez aurrera egin genduan.

3.-  Oso oker ez bagagoz, 7.000 liburu inguru dozuez eta liburuak aukeratu eta online bidez erosteko aukerea be eskaintzen dozue. Interesa dabenentzako zelakoa da prozesua?

Cegal, Liburu Ganbara eta beste alkarte batzuetara batuta gagoz eta ezinbestekoa da alkarlan hori.

Ganerakoan, todostuslibros.com da platormea, peninsulako stockeko informazino guztia hor dago eta interesdunak nahi dauen liburua aukeratu eta erosketea erraz egin leike; edozelan be, liburudendeak berak be egin leike eskabidea eta gero bialketea egin irakurleari. 

4.- Urte asko daroazuez Urrike Liburudendan eta literaturearen industriaren lekuko zarie. Zeintzuk dira aldaketa edo gorabehera handienak?

Mundu honetan dana behar dogu arin edo azkar eta liburuen kasuan be ez gara itxaroten egotekoak. Zorionez, badagoz bideak eta aukerak liburuak eta bestelakoak be azkar jasoteko baina arazoa da gaur egun liburu asko argitaratzen dirala eta hori guztia kudeatzea ez dala erraza. Zer agitaratu dan be ez dogu jakiten eta normalean argitaletxe handiek promozionetan dituenak saltzen dira, beste batzuk izkutuan geratzen diran bitartean. 

5.- Irakurleen artean antzemon dozue aldaketarik?

Gurera hurreratzen diran gehienek badakie zer erosi eta aurretik han edo hemen informazinoa jaso ondoren azaltzen jakuz. Bateren batzuk aholkuak edo gomendioak gura izaten ditue eta guk biei egiten deutsegu kasu. 

6.- Orain 20 urte baino gehiago irakurten ete da gaur egun?

Bai. Datu zehatzik ezin deutsut emon baina pentsetan dot gazteen artean susperraldia bzi dogula eta hori oso pozagarria da.

7.-  Azken aldion euskeraz idazten daben idazle gazte asko dabiz liburuak plazaratzen, besteak beste, 
Miren Amuriza, Uxue Alberdi, Bertol Arrieta, Amets Arzallus eta Aitor Oñate. Ze gogoeta eragiten deutsu datu horrek?

Pozten naz. Zenbat eta gehiago idatzi euskeraz indar handiagoa hartuko dau hizkuntzeak berak. Izen batzuk aitatu dozuz baina beste batzuk be nabarmendu daitekez, makinatxu bat edizino eta munduko hainbat hizkuntzatan irakurri daitekezanak. Euskeraz idatzitako liburuen aukerea minoritarioa da baina badago jentea holakoak estimaduten dituenak eta hori garrantzitsua da.

8.- Sariok udalerriaren bizitza eta bertako balio komunitarioak aberasten laguntzen dabe. Durangaldeko Artisten Alkartea (Kultura) eta Durangoko Azokea (Euskerearen Sustapena) be autortu ditue. Zelan baloretan dozu hau guztia?

Sariak danok hartzen doguz ondo, beharrean jarraitzeko motibazinoa dira. Eskertzekoa da kulturako egitasmoak, kirol arlokoak, gizarte mailakoak zein bardintasunaren sustapena be autortzea, lan asko egin behar da holakoetara heltzeko baina merezidu dauelakoan nago. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu