Ana Pimenta: 'taldelana, konstantzia, pasinoa, erresilientzia eta pazientzia dira gure esentzia'.
2025-06-09 07:46 BarriketanAgur esan deusku Vaiven taldeak 38 urteko ibilbidean 40 antzezlan eta 20.000 lagun baino gehiago erakarri ondoren. Ana Pimenta eta Iñaki Salvador dira taldearen esentzia eta ibilbidea emonkorra eta sano entzutetsua izan arren, Vaiven bertan behera ixteko momentua dala erabagi dabe.
El último Vaivén izan da despedirako aukeratutako obrea eta pozarren dagoz jentearen erantzunagaz, sarrerak agortu egin ziran eta taldekideak be sinistu ezinik dagoz.
Gorabehera horreek guztiak eta gehiago Ana Pimentak kontauko deuskuz, antzerkia maite dauen interpreteak.
1.- Vaiven taldeak agur esan deusku. Zeintzuk izan dira despedirako arrazoiak?
Holako erabagiak ez dira di-da hartzen, arrazoi asko egoten dira baina gure kasuan ekonomikoa izan da motiboa eta igarri dogu ikuskizun komertziala ez badozu egiten eta goi-mailako interpreteak ez badozuz erakarten, porrot egin zeinkela eta pentsaizu produkzino bat egiteko 120.000 euro gastetan badozuz eta erantzun onik ez badauka, hankaz gora ibiliko zara hurrengo lanak bideratzeko.
2.- Aretoak ganezka izan arren alde egiteko erabagia atzera bueltarik bakoa dala nabarmendu dozue. Publikoak zelan hartu dau jarrera hori?
Publikoak badaki egoerea zein dan, kulturearen arloa ez dago ondo eta dirua galtzeko ez gagoz hemen. Saltsa honetan gabizanok buruko min handiak izaten doguz eta beste batzuk holakoak hartzen ausartzen ez diran erabagia hartu dogu, jenteak ikusi daian zelakoa dan egoerea.
3.- El ultimo Vaiven oso berezia izan da. Zuzendaritza lanak Olga Margallok egin zituan eta interpreteen artean zagoze Nerea Gorriti, Mikel Laskurain, Xanti Korkostegi eta zeu. Zuzendaritza artiskoan baino aktore lanetan zabiz gustorago?
Normalean aktorea naz eta horretan nabil pozik. Zuzendaritzearen ardurea neurea izaten da gure konpainian baina ikuskizun berezietarako eta kanpoko artistak izaten dira, esan dozun lez El ultimo Vaiven obrea Olga Margallok zuzendu eban eta interpreteak, barriz, Nerea Gorriti, Mikel Laskurain, Xanti Korkostegi eta neu ibili ginan ikuskizunaren parte zan Redada familiar horretan. Musikearen atalean Iñaki Salvadorrek jo eban pianoa eta nik neuk sketx komikoa egiten neban. Ez egoan tragediarik, konplizidadea baino, Vaiven taldearen ibilbidea ospatzeko giroa baino. Iñakiren diskoak emoten genduzan eta mokaua eta edatekoa be bai eta momentu gogoangarriak izaten ziran.
4.- Iñaki Salvador 15 minutuan pianoa joten be ederra izan zan. Momentu gogoangarria...
Bai. Oso ondo pasau genduan eta Iñakiren piano saio luzea zoragarria izan zan, ez dot ahaztuko. Momentu emotiboa izan zan, etapa bat zarratzea tristea izan arren; publikoa geugaz egoan, gu zoriontzeko, besarkatzeko gogoz eta holako momentuak ahaztuezinak dira
5.- Zelan hartu eban publikoak eurentzako mikroa zabalik momentua?
Oso ondo. Guretzako oso emozionantea izan zan. Publikoan egozan, gure jarraitzaileak, antzerkiaren munduko lagunak, gazteak zein edadekoak eta oso interesgarria izan zan; gure ibilbidea eskertzeko eta zoriontzeko erabili eban jenteak eta bost lagunek parte hartu ondoren, amaitzeko momentua zala pentsau eta holan egin genduan baina aurrerago, bat baino gehiago izan ziran hurreratu eta esan euskuenak bildurrak edo lotseak eraginda ez zirala ausartu 260 lagunen aurrean berba egiten.
6.- 28 urteko ibilbidea, 40 antzezlan eta 20.000 lagun baino gehiago erakarri dozuez. Sekulako datuak dira. Zein da botika magikoa holako datuak jasoteko?
[Barreak] Botika magikorik eta sekreturik ez dago baina taldelana konstantzia, pasinoa, erresilientzia eta pazientzia nabarmenduko neukez. Zorionez talde ona dogu, oso konprometidua.
Horrezaz gan, Iñaki eta biok lan egiteko moduetan eta idea eta jarduteko moduetan badakigu zelan jokatu.
Ganerakoan, Eusko Jaurlaritzearen, Gipuzkoako Aldundiaren eta Etxepare Institutuaren dirulaguntza publikoak izan doguz, baita Instituto de la Artes Escenicas (INAEM) erakundearena be eta eskertuta gagoz baina desagertzeko arriskuan gagoz beste batzuen antzera eta bizirauteko be ez dogu izaten askotan.
Beste alde batetik, telebistan be ibili naz, Señorio de Larrea eta Hospital Central obrak nabarmenduko deutsudaz, Ramón Barearen Pecata Minuta film luzean be parte hartu neban, gidoigintzan eta zuzendaritza artistikoan be momentu ederrak bizi izan dodaz.
Jakin daizun Vaivenen emondako 28 urteak ez dira gitxi baina antzerkigintzan 40 urte daroadaz eta danetarik egin behar izan dot, promozinoa, kudeaketea eta bestelako zeregin batzuk eta
7.- Antigona, El enjambre, Ultimo tren a Treblinka, Redada familiar, El club de las mujeres invisibles eta El patio de las moreras dira Vaivenen produkzinoetako batzuk. Faboritorik?
Oso gatxa da bat aukeratzea, ama edo aita bati zein dan faboritoa aukeratzeko esaten jakenean be danak maite dodaz izaten da erantzuna eta kasu honetan be ezin dot bakarra aukeratu. Obra danak maite dodaz
Darabilguzan gaien artean, asko nabarmenduko neukez baina errealidadeko gorabeherakaz bat gatoz beti eta, esangura horretan, tratu txarrak, gazteen sexualidadea eta, besteak beste, Ultimo tren a Treblinka obran umeen errepublikea osotu eban gizonaren historia landu genduan, bost bat urteko lanaren ondorioa; Yo, la peor del mundo musikala; Redada familiar, sareeetan preso gagozala, inkomunikazinoaren gaia jorratzen dauena; Antigona, oso ederra; Enrike Rikartek zuzendutako Happy end, suizidioaren gaia lantzen ebana; Eduardp VII be maite dot, oraintsu hildako Kike Diaz de Rada protagonista ebana; El patio de las Moreras, Vaivenek egindako azken ikuskizuna, eutanasiaren gaia jorratzen dauena. Sarritan gai deserosoak ikusleentzat baina antzerkia errealidadeaz konpromisoa dala pentsetan dogu eta hori da gure jarrerea
8.- Makinatxu bat sari irabazi dozuez eta Lotsagabe obreagaz Donostia Saria ez dozu ahaztuko baina asko etorri dira, besteak beste, Arte Eszenikoen MAX Saria, ADE, Rosa Agirre, Txema Zubía eta Ercilla....
Donostia Saria maite dot eta esan behar deutsut Lotsagabe 20 urtean egon zala biran eta horrek esan gura dau makinatxu bat moldaketa egin eta aktoreak be aldatu behar izan genduzala, aktoreak eurak be zahartzen joiazalako [Barreak].
Ganerakoan, aitatu dozuan horreek eta gehiago be nabarmenduko neukez baina publikoaren babesa eta indarra sentidu doguz eta hori benetan handia da antzezleoi barruraino sartzen jakuna.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!