Aitor Iriarte: 'Sol Band talde palestinarra gurean izango da'.

Bizkaie! 2025-06-23 07:55   Barriketan

 Hemen da 25. Elorrioko Musikaire Jaialdia, udea eta kulturea buztartzen dituana; garagarrilaren 5etik 27ra, sekulako programazinoa atondu dabe. Aurkezpenean izan dira Julene Lazkano Elorrioko alkatea, Itsaso Basauri Kultura Jai eta Gazteria zinegotzia eta Aitor Iriarte Musikaireko arduraduna.

Julene Lazkanok nabarmendu dauenez: gustu danei erantzuteko eskaintzea jaso dogu programan. Hori da-eta azken urteetan udalak eta Arriola Antzokiak nahi izan dabena.

Itsaso Basauriren eretxiz: 25. urteurrena kontuan hartzekoa da. Ganera, ia konbidadu danak dira euskaldunak, Baskolombiaren fusinoaren zati bat eta Sol Band palestinarrak ezeze. Talde horreen parte-hartzea eskertzen dogu, euren herrialdeak pasetan dabizena kontuan hartuta.

Aitor Iriartek ondokoa gehitu dau: jenteak gogo onez hartzen dau jaialdia, izan be, kalean izatea bizigarria da gehienentzat.

Egitaraua potoloa eta aberatsa da:

Programazinoa

  • Garagarrilak 5, zapatua, 22:30ean, Herriko Plazan: Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrea.
  • Garagarrilak 6, domeka, 19:00etan, Herriko Plazan: Pirritx, Porrotx eta Marimotots.
  • Garagarrilak 11, barikua, 20:00etan, Lariz Jauregian: Audience.
  • Garagarrilak 12, zapatua, 20:00etan, Lariz Jauregian: Anari.
  • Garagarrilak 13, domeka, 19:00etan, Lariz Jauregian: Sol Band (Palestina).
  • Garagarrilak 18, barikua, 22:30ean, Herriko Plazan: Bascolombia.
  • Garagarrilak 19, zapatua, 22:30ean, Herriko Plazan: Petti.
  • Garagarrilak 20, domeka, 19:00etan, Herriko Plazan: jantza garaikideak.
  • Garagarrilak 25, barikua, 20:00etan, Arespakotxagan: Arima Soul.
  • Garagarrilak 26, zapatua, 22:30ean, Herriko Plazan: Olatz Salvador.
  • Garagarrilak 27, domeka, 19:00etan, Arespakotxaga Lorategian: Sustraiaren Matxinada.​

25. Musikaireren ganeko zehetasunak, orain arteko mugarriak eta aurtengo egitarauaren barri be emongo deuskuz Aitor Iriartek, Musikaireko arduradunak.

1.- Udea eta kulturea buztartzen dituan Musikaire Jaialdia ondo errotuta dago Elorrion. Ikuskizunak kalean izatea gustora hartzen ditu publikoak?

Zelan ez, elorriarrek ondo baino hobeto ezagutzen dabe urteroko hitzordua eta alboko herrietatik eta urrunagotik be jente asko hurreratzen jaku eta musu-truk dala gogoan hartuta, egitarauan danetariko aukerak dagozala jakinda, jente piloa batzen jaku herrira.

Baina ikuskizun danak kaleetan egiteak arazoak be eragin leikez, euria eta hortik gorakoak subertau ezkero, Antzokira eroan behar izaten doguzalako eta, jakina, bizitasuna eta kolorea galtzen dira estalpean.

2.- Musika, jantzea eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots Elorrion izango dira. Badozu faboritorik?

Gatxa izaten da bat aukeratzea, kalidade handikoak dira ikuskizun danak eta danontzako hitzorduak dagoz aurten be. 

3.- Parte-hartzaile gehienak euskaldunak dira baina Sol Band (Palestina) eta Bascolombia hor dagoz...

Bai, gehienak euskaldunak dira baina pare bat nabarmenduko neukez: garagarrilaren 18an Bascolombia (Oreka Tx + Phonoclórica) proiektuan euskal eta kolonbiar musika buztartzen ditue, antzeko sustraiak eta ikuspuntu garaikidea ardatz hartuta upealako lana eskainiko deuskue. 2024an Oreka TX taldeko txalapartariek eta Leonel Merchán marinbista eta Phonoclóricako liderrak egonaldi artistiko bat egin eben proiektuaren lehen pausuak emoteko eta gaur egun talde biak zuzeneko honen sorkuntzan dabiz. Kontua da ze estreinaldia izango dala Elorriokoa ze hilaren 19an, Txillida Lekun eskainiko dabe ikuskizuna Donostiako Jazzaldiaren barruan.

Oreka TX taldean dabiz Harkaitz Mtz. de San Vicentek, Igor Otxoa, Mixel Ducau, Ángel Unzu eta Iñigo Egia.

Phonoclórica taldeko kideak, barriz, Leonel Merchán, Leonardo Peña eta Isabel Reyes dira.

Beste alde batetik, Sol Band talde palestinarra be Elorrion izango dogu; bisaduak eta lortzeko arazoak eta izan baditue be, azkenean gure artean izango dira garagarrilaren 13an. 

2012an sortutako taldea da tresna tradizionalak eta modernoak buztartzen ditue eta musika horren bidez transmitiduten daben alaitasunagaitik nabarmendu dira Mohammed I. R. Nasrallah, Ahmed I. Z. Alzaddad, Rafah M. H. Shamali: Ahotsa Said S. S. Fadel eta Abdelakader R. A. Aboqassim.

4.- Sustraiaren Matxinada be iragarri dozue aurten. Ikuskizun berezia seguru baina zeintzuk dira berezitasunak?

Bai. Garagarrilaren 27an, Arespakotxagan, arratsaldeko 19:00retan izango doguz Gorka Hermosa & Garikoitz Mendizabal. Musikari oso onak dira biak, trebeak benetan eta ikuskizuna upealakoa izatea espero dot.

Gorka Hermosa soinu-jotzaileak eta Garikoitz Mendizabal txistulariak aspaldi ekin eutsen proiektuari eta daborduko martxan dabiz, Hermosak sortutako 11 abestigaz ondu dabe Sustraien Matxinada izeneko diskoa.

Nazinoarteko hainbat sari jasotakoa da Hermosa, eta beronen konposizinoak munduko hamaikatxu bazterretako orkestrek joten ditue eta bakarlari be ibili da Alemaniako orkestratan.

Mendizabalek, barriz, urteak daroaz txistuaren soinuakaz bide abangoardistak urratzen, makinea da txistua joten. Egile bien gogo bizia zan alkarregaz zeozer berezia egitea eta emoitzea Elorrion aurkeztuko dabe.

5.- Aurtengo egitarauan danetarikoak dagoz, besteak beste, Audience, Anari eta Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra. Jantza garaikideak be iragarri dozuez garagarrilaren 20rako, nortzuk egingo dabe jantzan?

Aspaldian ekin geuntsan jantza garaikidea suspertzeko asmoari eta jenteak ondo hartzen dauenez, urtero egiten dogu. Ez daiten ikuskizun luzeegia izan, hiruzpalau talde ekarten doguz eta bakotxak bereari ekinez, bata bestearen ondoan polito geratzen da. Aurtengo lau taldeak dira Lasala, HuryCan, Qabalun eta Kiko Lopez.   

Lasala taldeak Burnt obrea dakar Judith Argomaniz, Garazi Etxaburu, Ioar Labat, Leire Otamendi eta Fernando Epelde dira taldekideak.

HuryCan taldeak, barriz, Te odiero lana eskainiko dau, Arthur Bernard-Bazin, Candelaria Antelo, Eva Alonso eta Gonzalo Peguera protagonista dituana.

Ganerakoan, Diego Pazó eta Lucía Burgueteren sorkuntzea, Todo ese ruido, eskainiko dau Qabalun taldeak.

Eta laugarrena Kiko Lopezen Honest lana izango da.

6.- Zein lekutan izango dira ikuskizunak?

Elorrioko eleizpean, Herriko Plazan izango dira aitatu doguzan jantzak, Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrea, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Bascolombia, Petti eta Olatz Salvador; Lariz Jauregian, barriz, Audience, Anari eta Sol Band; eta Arespakotxagan, barriz, Arima Soul eta Sustraiaren Matxinada. 

7.- Musikaireren jatorriari jagokonez, zergaitik eta zerk eraginda sortu zan?

Ez dago aparteko arrazoirik, akaso, musu-truk izaten danez, diru publikoa behar izaten dogu baina badakigu Musikaire eta kulturea bat datozela, urte askotan ermita edo baseleizetan egiten genduan eta erantzuna bikaina zala ikusita horrexeri ekin geuntsan. Babesle eta laguntzaileei esker formatoa aldatzen joan ginan baina gaur egun, 2025eko jaialdia atontzeko orain artekoakaz konparauta diru gitxien izan dogu.

8.- Arriola Antzokia da Musikaireren atontzailea eta Elorrioko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia, barriz, babesleak. Besterik nabarmenduko zeunke?

Bai. Laguntzaileak be aitatuko deutsudaz, Eroski, Betsaide, Indefunsa, Sena, Elorrioko Batzokia eta Parra tabernea. Aitatu babesle eta laguntzaile horreek danak oso beharrezkoak dira Musikaire atontzen jarraitzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu