Lorea Zulaika: 'Bakarlari moduan hastea ez dot baztertzen'

Koldo Isusi Zuazo 2025-07-07 07:55   Barriketan

Bizkaiko lurretan barrena ibiliko da Urmuga 2025 garagarrilaren 13tik 16ra: Bizkaian 4 mendi etapa eta 3 kontzertu eder. Barrikuntza Nagusia da Urmugaren ibilbideak orain 1000 urteko Iruñeko Erreinuari jarraituko deutsola, gaztelu, etxe eta monastegietatik ibiliko baita, musikea, naturea, euskerea, kulturea eta historia bizia berpiztuz:

  • Garagarrilaren 13an ekingo deutso Urmugak bere Bizkaiko ibilbideari, Araban egun bi egin eta gero. Aurten, Urmugan baino Urmugarantz ibiliko dira, orain arte zeharkatu ez dituen lurrak ezagutzeko. Lehenengo etapearen amaieran, ekimen berezia izango da Ereñon. Azken urteetan Euskal Herrian zabaldutako Kalean Kantuz ereduagaz bat egin eta gure musikariakaz saio gogoangarri baten protagonista bihurtuko dira Bizkaiko eta Euskal Herri osoko kantuzaleak. 
  • Garagarrilaren 14an, Ereñotik Ziortza-Bolibarreraino ibiliko dira. Bertan Lorea Zulaika eta Et Incarnatus Orkestrearen kontzertua izango da 18:00etan.
  • Garagarrilaren 15ean, Mañarira helduko da Urmuga eta bertan egingo da Bizkaiko kontzertu eta ekitaldi handia. Angurretako harrobian batuko dira kantari fin eta musikariak.
  • Hilaren 16ko etapan, barriz,  Durango-Mañaria, Besaide eta hortik Arrasatera joango dira.

Urmugaren atontzaileek azpimarratu dabenez, Bizkaian jasoten gabizen babesa sekulakoa da. Bizkaiko Foru Aldundiarena, baina baita hainbat udalerrirena be, besteak beste, Mañaria, Durango, Ereño, Bermeo edo Bolibar. Bizkaiko mendi talde ugarik be parte-hartzen eta laguntzen dabe Urmugan. Batez be eskertzen dogu bizkaitarren parte-hartzea Urmugaren kontzertuetan eta ibilbidean, urtetik urtera gorantz baitoa.

Urmuga 2025, garagarrilaren 11tik 31ra, Euskal Herriko mendebaldea eta ekialdea lotzen dituan jaialdia, Angulo mendian hasi eta Santa Grazin amaituko dana.

Kontuak kontu, Lorea Zulaika Bolibarreko abeslariak, Kadira taldekoak kontzertua emongo dau Zenarruzako Monasterioan, garagarrilaren 14an, Et Incarnatus taldeagaz batera eta prest dago gure galderei erantzuteko.

1.- Mendiak, musikea eta euskerea buztartzen dira Urmugan eta jakin nahi dogu ia zer da Urmuga zuretzako?

Euskal Herriko mendebaldea eta ekialdea lotzen dituan jaialdia da, naturea eta musikea buztartuz. Kontzertuak aretoetan eta entzuteko jokerea dogu baina naturan, mendietan egindakoak sano bereziak  izaten dira. Nirea Zenarruzako Monasterioan izango da eta Et Incarnatus taldeagaz batera jotea amesa da niretzako, ez da lehenengo aldia izango baina pozarren nago. Aralarren, Aizpearron be kantauko dot hilaren 19an eta Mirari, Janus Lester, Olaia Inziarte, Fede de Dios, Xak eta beste batzuk be izango dira hor 

2.- Bizkaian lau etapa dira, edozeinek egiteko modukoak, 20 - 24 kilometro ingurukoak, Felipe Uriartek eta Julen Reketak zehaztutakoak. Zuk zeuk egingo zeunke garagarrilaren 14koa, Ereñotik Ziortza-Bolibarrera?

[Barreka] Mendian gora eta behera ibiltea ez da nire pasinoa baina Oiz mendia dago etapa horretan eta behin tontorrera igonda, goitik beherakoa errazago egin daiteke. Badakit Uriarte eta Reketak zehetasun danak eskaintzen dituela, wikiloc eta enparauakaz, desnibel metatua eta bestelakoakaz. Ganera, Urmuga Zeharkaldian parte hartzeko aukera asko dagoz: zatika, osorik, egun pare batekoa, egun batekoa... 

Aitatu dozun Felipe Uriarte Urmugaren atontzaile taldean be badabil, goi mendietako gidaria da eta, besteak beste, Cervino, Huascarán, Cho Oyu, Makalu, McKinley eta Aconcagua.

3.- Lehenengo etapearen amaieran (13an), ekimen berezia izango da Ereñon. Azken urteetan Euskal Herrian zabaldutako Kalean Kantuz ereduagaz bat egin eta musikariakaz saio gogoangarri baten protagonista bihurtuko dira Bizkaiko eta Euskal Herri osoko kantuzaleak. Kontzertu ederra izango da seguru...

Duda barik. Arratsaldeko 18:30ean hasiko da Urmuga Kantuz. Eta parte-hartzaileak izango dira Bixente Martinez gitarristea, Iñar Sastre pianistea, Iñaki Dieguez akordeoilaria, Joseba San Sebastian, Mattin Arbelaitz bateria, Maddi Arana bibolina, Xabier Leturia panderoa), Urmuga Bandea, hain zuzen be. Gidariak,barriz, n Kristina Aranzabe eta Leire Berasaluze Leturia.

4.- Garagarrilaren 14an, barriz, zure txandea izango da. Zelako errepertorioa eskainiko dozu?

Lehenengo nireak kantauko dodaz, Kadira taldean kantetan dodazan pare bat abesti edo, herrikoiak eta holakoak eta hortik aurrera Et Incarnatus taldeagaz parte hartzea da asmoa, talde handia da, musikari bikainak dituana eta, ez ahaztu, ZiortzaKo Monasterioan kantetea be ederra izango da. 

5.- Bizkaiko etapak egin eta aurrerago, hilaren 19an, Aralarren, Aizpearron be kantauko dozu...

Bai. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da hor batuko gara Mirari Taldea, Fede de Dios, Janus Lester, Olaia Inziarte, Xak taldea, Et Incarnatus eta neu.

Larraungo Udalak eta Lakuntzako Udalak Aralar Mankomunidadeagaz alkarlanean atondutakoa da eta kontzertuaz gozetako sarrerea erosi beharko dozue hemen.

6.- Azkenengo txanpan gagoz eta zelan bizi dozuz azken egunak?

Nerbioak kontrolauta, ardurea bai sentiduten dot jente asko hurreratzea espero dodalako eta hor gabiz ensaioak egiten eta errepertorioari azken ikutuak emoten. 

7.- Kadira taldeko abeslaria zaitugu baina zeintzuak izango dira hurrengo pausuak?

Orain nahikoa daukat Urmugako hitzorduakaz eta, ganerakoan, galdialditxuan egon arren ilusionauta nago.

Ganerakoan, Kadira hor dago, geldi, batek jakin bihar etzi zer jazoko dan. Baina bakarlari moduan hastea be ez dot baztertzen, ibili izan naz eta bide polita izan daiteke.  

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu