Nerea Egurrola: '50 kiloko txingak eroaten errekorra gura dot'

Andoni Mugica Lopez 2025-04-07 08:00   Barriketan

Bilbao Basque Fest 2025 Apirilaren 16tik 19ra arte egingo da eta ehun jarduera baino gehiago izango ditu. Holan, Arenala izango da herri-kirolez zuzenean disfrutetako plaza nagusia: ingude eta lasto altxatzea, harri-jasotea, trontza, sokatirea…

Erakargarri berezi bezela, Nerea Egurrolak, 25 kiloko txinga eroatearen errekorra dauenak, 50 kiloko errekorra hausten saiatuko da. Jaialdiak Bizkaiko Orga-joko Txapelketa Ofiziala be hartuko dau, emakumezkoena eta gizonezkoena. Ikusi programazino osoa hemen.

 

1.- Herri-kirolen erakustaldiak zuzenean ikusteko aukerea eskainiko deuskuzue Aste Santuan. Gogoz?

Bai, gogoz nago. Bilbo plaza ederra izaten da beti. Ganera, Aste Santuan, herri eta herrialde askotako jentea batzen da. Beraz, sekulako giroa izango dogu egun horreetan.

2.- 25 kiloko txinga eroatearen errekorra daukazu, baina, Arenalean, 50 kiloko errekorra hausten saiatuko zara. Zelan ikusten dozu zure burua?

Bai, 25 kiloko txinga eroatean nik daukat errekorra, 86 plaza eginez. Aurton, Euskal Herriko Txapelketean eta baita Bizkaiko Txapelketean be, nesken txinga eroatearen pisua igoko da: 25 kilotatik 35 kilotara. Beraz, momentu aproposa iruditu jaten pisu handiko txingekaz probea egitea.

Gatxa izango da errekorra hausten, baina ondo ikusten dot nire burua. Hori bai, egunean bertan seguru urduritasuna be agertuko dala eta ikusi egin beharko da entrenamenduetan egindako lanak ia bere emoitzak emoten dituan plazan. Hori izango da benetako erronkea.

3.- Indarra, teknikea, erresistentzia... Zeintzuk dira landu beharreko atalak?

Batez be, indarra eta erresistentzia edo iraupena da gehien lantzen dodana. Txingak ondo eusteko behar dan denporea lasai hartu eta aurrera. Pisu handiko txingak diranez, ez dago akatsak egiteko tarterik.

4.- Horreezaz gan, beste saioetan be parte hartuko dozu? Esaterako sokatirean...

Egun horretan ez dot izango beste kiroletan parte-hartzeko aukerarik, izan be, nahikoa daukat errekor saiakereagaz [Barreak]. Hori bai, Gaztedi taldeko kideek sokatirea egingo dabe egun horretan.

5.- Halanda ze, Gaztedi Sokatira Taldearen kidea be zara. Berton, munduko txapeldunak be izan zarie...  

Halan da. 22 urte daroatzat Gaztedi Sokatira taldeko kide izaten. Azkenengo 15 urteetan maila altuan ibili gara, emakume, gizon eta talde mistoetan. Hainbat aldiz izan gara Munduko Sokatira Txapelketako irabazleak; esaterako, 2022an Getxon atondu zan munduko txapelketean klub eta Euskal Selekzino mailan, neska eta mutilak, lehenengo postuak lortu genduazen. Pasadan urtean, neskak bigarren eta hirugarren postuan geratu ginan; mutilak, barriz, irabazi egin zituen maila biak.

6.- Emakumeak edozein kiroletan ikusten doguz gaur egun, baita herri-kiroletan be. Gaztedin, esaterako, bardintasuna da nagusi. Genero arrakala behingoz superetan gagozela esango zeunke?

Gaur egun emakumeak edozein kiroletan gagoz, baita herri-kiroletan be. Azken urteotan, plazetan emakume ugari ikusten dodaz eta leku askotan emakumeen erakustaldiak bultzatzen dira. Hori bai, oraindino be, asko falta da.

Gaztedin, esaterako, ez dot inoiz bereizketarik antzemon edo sentidu. Gizon eta emakume, bardin entrenaten dogu, halanda ze, bardinak gara Gaztedin. Txapelketetan be, bardin. Hori bai, bakotxa haren pisuan lehiatzen da. Ganera, 2010etik aurrera, talde mistoak sekulako indarra dauka.

7.- Erreferente sentiduten zara emakume bezela herri-kiroletan?

Ez, ez dot nire burua erreferente bezela ikusten. Beti saiatu izan naz gogor entrenetan eta hori plazan erakusten. Dana emon dot eta gustetan jat maila polita erakustea, bai txapelketetan eta baita erakustaldietan be. Kirolari eta emakume bezela.

8.- 30 urte egin dituzu sokatirean eta beste diziplenetan ia 20... Zer da oraindino kirolari ibilbibidean ezin izan dozuna egin?

Bai, ia 32 urte daroatzat sokatirean. Beste kirol diziplinetan gitxiago, baina, halanda be, asko [Barreak]. Kirolari batek beti dauka gauza barriak lortzeko deseoa, esaterako, lehen aitatu dodan lez, oraintsu, txingak eroatearen errekorra gura dot lortzea.

Beraz, orain arte lortu dodana baino apur bat gehiago gura dot.

9.- Bihar-etzi ze erronka dozu buruan?

Ez daukat erronka berezirik pentsauta. Aurton, txingak eroaten Euskal Herriko eta Bizkaiko Txapelketak irabazten saiatuko naz. Gatxa izango da, izan be, emakume gazte asko dagoz lehian eta oso onak dira.

Bestalde, sokatirean, bertoko txapelketea irabaztea gura dogu eta ondo bidean, baita munduko txapelketea be. Horreezaz gan, gustauko jaten munduko txapelketa irabaztea talde mistoagaz.

10.- Mezu berezirik?

Neska zein mutil gazteak animau gura dodaz herri-kirolen mundura sartzea. Danera, 18 diziplina dagoz, beraz, persona bakotxak ikus leiteke zer modalidade gustetan jakon gehien.

Animetan dodaz behintzat probetera! Seguru asko gustauko jakiela.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu