Maider Gomez: 'Konpromisoa behar da talde lanari eusteko'.
2024-09-16 07:55 BarriketanLaukizeko Gaztedi Sokatira taldeak irailaren 3an egin eban Frankfurtera, Munduko Lur Gaineko Txapelketan parte hartzeko. Bertan, taldea maila goreneko lehiaketan izan da. Alemanian, Mannheimen txapelketea amaituta, guztira bederatzi domina irabazi ditue euskal tiralariek, bost klub mailan eta beste lau Euskal Selekzinoagaz.
Kontuak kontu, Laukizeko Gaztediko mutilek urrea irabazi dabe 560 kikoko proban eta zidarra, barriz neskek 500 kilokoan.
Edadeko zein gazte, Litri handia lagun dabela ibili dira Alemanian eta gaur Maider Gomez konbidau dogu, urtebete inguru dabilena sokatirearen munduan eta Alemanian Sub 23 kategorian sekulakoa egin dauena, zidarrezko dominea irabazi dauelako, hain zuzen be.
Laukiz herriak aireportuan hasi eta herrian bertan eskainitako omenaldi beroaz gan, Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak harrerea egingo deutse Alemaniako Mannheimen jokatutako Sokatirako Munduko Txapelketan parte hartu daben euskal tiralariei. Harrerea gaur, hilak 16, izango da arratsaldean.
1.- Zorionak Alemanian egindako lanagaitik eta irabazitako dominakaitik. Zer egiten dau saltsa honetan urtebete inguru dabilen neska gazte batek?
Holan subertau da. Kirolaria naz eta sokatiran zergaitik ez [Barreka]. Laukizen sokatira taldea baegoala banekian baina ez dot izenik emon oraintsura arte; urtebete edo da lagun batek eta taldean dabilen mutil lagunak animauta hasi nintzala eta gustora nabil. Zorionakaitik eskerrik asko. Pozarren gagoz.
2.- Alemaniatik, Mannheinetik bueltan, harrera beroa egin jatzuen herrian. Zelan hartu zenduen?
Aireportura be etorri jakuzan batzuk pankarta, ohiu, lora-txortak eskaintzen, garrasika eta enparauakaz eta zurtz eginda geratu nintzan; taldeko beteranoek eta holakoak ezagutzen badabez be, niretzako sano berezia eta gustagarria izan da. Laukizen bertan ze eskaintzekotan izango ziran be pentsau neban eta han izan ziran izatekoak, jatekoa, edatekoa zenbat-gura, giro ona, hori dana ez dot sekula ahaztuko.
3.- Zer eskaintzen deutsu sokatireak?
Beti izan naz kirolaria, bakarkakoak egin dodaz, surfa, skate, snow eta holakoak eta gogoa neukan kirol kolektiboa probetako eta aukera hau sekulakoa izan da, asko gustau jat sokatirea eta badakit konpromisoa behar dala talde lanari eusteko, hemen ez da gogo txarrik edo alperkeriarik behar, norberak be serio hartu behar dau kirol honetan aurrera egiteko eta prest nago horretarako.
4.- Gizonezkoen mundua izan dan honetan emakumeak be bazabizie. Zerk edo nork esanda sartu zinan sokatirearen munduan?
Egia da, emoten dau gizonezkoak baino ez dabizela sokatiran, indarra eta izaten doguz gogoan baina bertsolaritzan be jazoten dan legez, kirol honetan gero eta emakume gehiago gabiz eta oso gustora; taldeak egin deustan harrerea be oso ona izan da eta eskertzekoa da hori guztia.
Ganerakoan, orain dala pare bat urte sokatiran hasi zan lagun batek esan eustan etorteko Laukizera eta mutil lagunaren ordenak be betetakoak dira [Barreka].
5.- Litri da Gaztedi taldearen arimea eta 61 urte ditu, horreetatik 50 edo sokatiran emon dituanak. Zeu hasibarria zara, entrenamenduak sano gogorrak izaten dira, makinatxu bat burukomin, egunerokoari be eutsi behar jako...
Bai, duda barik Litri, José Antonio Goirigolzarri da Laukizeko Gaztedi Sokatira taldearen arimea eta esentzia, urteak daroaz mundo honetan, 16 bat urtegaz sartu zan saltsan eta jubiletako gogoz dabilen arren, hemen dabil bueltaka eta oso positiboa da gazteontzat. Nik neuk 18 urte ditut eta urtebete egin dot hemen. Pozik, sano gogorra da kirol hau, entrenamenduak astean lau bider egiten doguz eta esan dozun legez, egunerokoari, bizimoduari be eutsi behar jako. Sokatiran estereotipoa da indarra behar dala eta baina entrenamenduetan taktikak, teknikak eta estrategiak lantzen doguz, tiralarien altuerea, pisua, mobimentuak eta hori dana buztartzea izaten da gatxena.
Oraingoz lur gainean nabil baina goma gainean entrenamentu saioetan eta egin dot eta asko gustau jat; Bizkaiko txapelketarako neska bat behar eben eta di-da baiezkoa emon eta hiru bat eguneko tiraldiak probetan eta ibili nintzan eta saio laburrak izan ziranez, goma gainean be gustora egingo neuke.
6.- Kirolaria izatea nahikoa da sokatireari ekiteko? Zelakoa entrenamentuak egiten dozuez?
Bai, bakarka egiteko kiroletan ibili nabil, surfa, snowa eta skate maite dodaz baina kirol kolektiboan sartzea be baneukan buruan eta hemen nago, sartu eta berehala zidarrezko dominea irabazita Alemanian [Barreka]. Gaztedi taldean gabizanok beti egin izan dogu kirola eta korrikalariak be badabiz hemen. Bromak aparte, kirol kolektiboak aparteko konpromisoa behar dau, beti daukazulako laguna alboan.
7.- Suitza da herrialderik gogorrenetako bat sokatirearen munduan eta Txina be ezin ahaztu. Zer behar dogu hemen kirol hau suspertzeko?
Suitza eta Alemania be nabarmenduko neukez. Europan gazte asko dabil sokatirearen munduan, junior, sub21, sub23 eta holakoak eta hori sano inportantea da kirol honek aurrera egitea gura badogu. Dirulaguntzak be garrantsitsuak dira babesa sentiduten dauelako kirolariak. Laugarren postutik gora geratzea da giltza holan errezago datozelako dirulaguntzinoak baina kirolari gazteak erakarteko bidea izan daiteke.
8.- Gurean Laukizeko Gaztedi, Mutrikuko Sokatira Taldea, Goierri, Arabako Badaiotz... Zergaitik ez dago talde gehiago?
Goma gainean lehiatzeko talde gehiago dagoz, 15 inguru; lur gainean sokatiran ibiltea askoz gogorragoa da eta beharbada horregaitik dabil talde gitxiago. Uda partean izaten dira txapelketak eta horrek sakrifizio handia eragiten dau, jana eta edana konrolau behar da, jairik jai ibiltea be ez da komenidu...
9.- Gogo handiz hartu dozu sokatirea. Non ikusten dozu zeure burua 5 urte barru?
Ez dago jakiterik. Nire lehenengo mundiala izan da aurtengoa eta harrapau egin nau, hiru kategorietan dominak, kristolako giroa gurea artean, ikusitakoak eta bizitakoak bisita, hemen jarraitu gura neuke, munduko txapelduna hainbat aldiz izatea [Barreka].
10.- Nortzuk izan dira mundo gogor honetan sartzeko animau zaituenak?
Lagunak, mutil laguna, Gaztedi Sokatira Taldea, familia, beti egon dira nire ondoan eta berba onak, laguntzinoa, aholkuak entzutea eta holakoak beti eskertzen dira; zeuri be eskerrik asko Bizkaie! Atarian agertzea posible izan dalako.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!