Aroa Arrizubieta: 'lehia indarbakotzearen alde egin dogu'

Koldo Isusi Zuazo 2025-04-28 07:55   Barriketan

Oraintsu batu zan zortzi bat pertsonako taldea eta hor tartean egozan Ander Sarriugarte eta Aroa Arrizubieta; sariketa eta txapelketetako lehia indarbakotu, gazteentzako plazea eta gaztetxeak suspertzeko gogoari, binakako formatoari eta jai giroari eutsiz, Gaztetxeak Bertsotan ekimena jarri eben martxan. Hogeita lau bertsolari batu ziran eta binakakoari ekin eutsen. Goxoki, Kontrakantxa, Mutriku, Altsasu, 7Katu, Gasteiz eta Gernikako gaztetxeetan makinatxu bat saio egin ondoren finala baino ez da falta eta hori maiatzaren 3an izango da Gernikako Gaztetxe sortu barrian, bertako Egurre Gazte Asanbladeagaz batera atonduta. Azalpen guztiak emon deuskuz Aroa Arrizubietak. 

1.-Gaztetxeak Bertsotan ekimenari Gernikako Gaztetxean jokatuko dan finala baino ez jako falta; maiatzaren 3an izango da eta bertako Egurre Gazte Asanbladeagaz batera atondutakoan nortzuk lehiatuko dira? Pozik zagoz ekimenera batutako bertsolarien eta ikusleen erantzunagaz?


Bai. Espero baino hobea izan da jentearen erantzuna, saio jentetsuak izan dira eta asanbladatan be esker ona eta parte hartzeko eta atontzeko gogoa erakutsi deuskue askok eta orain arte oso pozik gagoz. 

Finalean, barriz, bikoteka, Maddi eta June Aiestaran ahiztak, Ekhi Zuluaga eta Gorka Pagonabarraga eta Unax Aizpurua eta biok izango gara. 

Ganerakoan, Gernikako Egurre Gazte Asanbladea be aitatu dozu eta ondo konpontzen gara, alkarlanean  gauza asko atondu doguz, berbarako Gernika bobardeau ebeneko 88. urteurrenean, apirilaren 26an, Gernike: oroimenetik burrukara ekitaldia , berbaldia, kontzertuak eta bestelakoak. 

2.- Lehiari indarra kendu eta finala jai giroan egitea da helburua. Zergaitik baztertu lehia?

Lehia berez ez da txarra baina giro erosoa sortzea, danon artean sortzen doguna beharrezkoa da. Helburua saioa bera izan beharko litzateke, ez batek edo besteak irabaztea; lehiari indarra kendu eta binakako formatoa begitandu jakuz onak, taldeari ekarpen handiagoa egiten deutsolakoan. Helburua da saioa bera indartzea bikote batek irabaztea baino. 

3.- Gazteentzat zirkuitu bat sortu guran, Gaztetxean Bertsotan okurridu jatzuen. Zergaitik?

Inportantea da gaztetxeetan egitean dan lana baloretea, horreetan egiten dan lana handia eta aberasgarria dalako. Gure kasuan Gaztetxeak Bertsotan ekimena oso interesgarria begitandu jakun eta horri ekin geuntsan, gazteon topaleku diran lokalok erasoten, suntsitzen eta hutsituten dabizela jakin arren. Bertsogintzeari eta gaztetxeen mobimentuari on egin leikio gure jarrereak.

4.- 2000. urtetik aurrera jaiotako 24 bertsolarik hartu dabe parte. Zaharragoak zergaitik ez dozuez onartu?

[Barreka]... Mugea nonbaiten jarri behar da eta beteranoentzako sariketa, txapelketa eta enparauak zenbat-gura dagoz. Gu geu zaharrenak izanda, uste dogu gazte askorentzat eskolartekoa dala euren burua erakusteko hitzordu bakarra eta merezidu dabela zirkuitu berezia izatea.

5.- Gaztetxeak Bertsotaneko lehenengo finalerdia astebete aurreratzea erabagi zenduen 7Katu Gaztetxeagaz batera, Etxarri II Gaztetxea hustuteko agindua egon zalako. Zein izan zan zuon jarrerea?

Guk pentsetan dogu hau ez dala bertsolari batzuk batu eta sartzen garela holako lekuetan, gu gaztetxeen mobimentuagaz bat gatoz eta euren aldarrikapen eta jarrerakaz be bai, nahiz eta bertsogintzeagaz bat ez datozen jakin. Aitatu dozun kasuan, 7Katu Gaztetxeagaz bat egin genduan ez zalako bidezkoa aurrez eta sasoiz atondutakoen bezperan holako erabagi bat hartzea. Beste gaztetxe batzuk be arrisku bizian dagoz, epaiketak be iragarrita ditue eta maila kulturalean holako jarduerak atontzea oso beharrezkoa da. Oraintsu Gernikako Gaztetxea zabaldu dabe eta Gaztetxeak Bertsotaneko finala bertan egitea oso inportantea da.

6.- Ander Sarriugartegaz batera, datorren urtean badozue segiduteko amesik?

Ez dago jakiterik. Aurten Ander eta biok ibili gara atontzaile baina talde handia gabiz saltsa honetan. Zazpi, zortzi bat gazte gabiz eta danontzako dago zeregina; horrezaz gan, asanbladak be parte aktibo dira eta atontzaile lanetan be geugaz dabiz.

Hurrengo edizinoei jagokenez, orain baietz esango neuke baina 2026 urrun dago eta ez dogu konpromisorik hartu gura. Aurtengoaren amaierea be hortxe dago eta balorazinoa be egin beharko dogu. 

7.- Azken aldion, besteak beste, Señora Sariketea, Gaztetxeak Bertsotan, Kuadrillartekoa, Udabarria Bertsotan eta Argi Baltza sortu dira. Bertsoaren indarra erakusten ete dabe?

Bai. Jakina. Horreek danak positiboak dira eta geuk gaztetxeen alde egin dogu eta pozarren gagoz. Maila kulturalean, bertsogintzeak ekarpen garrantzitsua egiten dau. 

8.- Bertsolari gazteak oso indartsu zabizie. Talentudunak zarie. Gora begira, mugarik antzemoten dozue?

Mugak leku guztietan dagoz eta horri aurre egitea da gure asmoa. Gazteentzako zirkuitoak eta gazteentzako hitzorduak atontzea da inportantea eta horretan gabiz. 

Talentudunak ete garen, zeuok esan beharko dozue, gu ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara eta jentearen, entzuleen oneretxiak indartu egiten gaitu.  

9.- Igaz Arabako Bertsolari Txapelketea irabazi zenduan eta Xabi Rico Iturriotzek ipini eutsun txapela, 1982an, beste batzuekaz batera Gasteizko Bertso Eskolea sortu ebanak. Beteranoakaz batera, zelan ikusi zenduan zeure burua?

Bai. Manex Agirre Arriolabengoagaz buruz burukoa kantetea esperientzia ederra izan zan eta gogoan izan hor izan zirala Iñaki Viñaspre, Asier Otamendi, Peru Abarrategi eta Paula Amilburu. Eta Xabi Ricok janztea txapela be ederra izan zan, 1982an, beste batzuekaz batera Gasteizko Bertso Eskolea sortu eban Ricok eta bertso eskolako irakasle, bertsolari eta beste hainbat lanetan be ibili izan da. 

Baina badinotsut txapelari aparteko garrantzia ez jakola emon behar pentsau arren, onartzen dot txapelak aparteko indarra emoten deutsu eta hori ukatzerik ez dago baina txapela edo txapelketak ez dabe izan behar bertsolari baten plazak eta zehaztuko dituana. Esangura horretan, badagoz bertsolariak txapelketetan eta ez dabizenak eta horreei ahotsa emotea oso inportantea. 

10.- Gaztetxean Bertsotaneko finala, maiatzaren 3an jokatuko dan horren harian, zer nabarmenduko zeunke?

Edozein hurreratu daiteke Gernikako Gaztetxera, egun osoko jaia izango da eta, beraz, jentea animetan dot joan eta disfrutauko dabelako. Zirkuito honetan parte hartu daben bertsolariak izango dira bertan, poteoa be iragarri dogu eta bazkarira batzeko aukerea be badago eta kontzertuak be ez ahaztu Desgaraian, Mikosis eta Mardidjo taldeakaz. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu