Virginia Berasategi: 'gure herria bizikleta gainean ezagutzea da helburua'
2025-04-22 07:55 BarriketanGaztetatik dabil bilbotarra kirolaren munduan, ugerketa eta atletismoan buru-belarri baina triatloiak ditu pasino. Aita Javier Berasategi izan dau Virginiak aurrendari eta ez daigun ahaztu 1988. urtean parte hartu ebala lehenengoz Hawaiko Ironman proba bildurgarrian.
Hogeita hiru urte egin ditu Virginiak mundu mailan elitean eta palmaresean, besteak beste, Hawaiko Ironman bildurgarria 10 aldiz egin dau eta 2009an hirugarren postuan sartu zan. Distantzia Luzeko Munduko Txapelketan urrezko domina bat eta zidarrezkoak hiru irabazi ditu eta maila profesionaletik aparte, Bilbao Bizi Cycle Tours jarri dau martxan oraintsu, bizikletea eta beste arlo batzuk buztartuz.
Luka semearen gaixotasun arraroa (displasia cortical) tarteko, makinatxu bat burukomin izan ditu baina zorionez, ebakuntzak eta egin ostean, ondo edo dago.
1.- Daborduko ez zara profesionala, baina kirolari amorratua jarraitzen dozu izaten. Ganera, Bizi Cycle Tours egitasmoa aurkeztu dozu Bilbon. Zeintzuk dira helburuak?
Esan dozun bezela, kirola lanbide izateaz gan, nire pasinoa da. Bizitza-filosofia da. Leku askotan egon naz, baina hemen, Bilbon eta Euskadin, zaletasun handia izateaz gan, txirrindulari handiak ditugu. Halanda ze, kultura handia.
Beraz, esperientzia bat sortu nahi dot, hau da, nire pasino biak batu, txirrindularitza eta lurraldea. Beraz, bidai-agentzia edo gara, bizikleta gainean disfrutetea helburu dauena, gure gastronomia eta kulturea buztartuz. Ez deiela ezertan pentsau, gu arduratzen gara guztiaz: hotelak, jatetxeak, ardaotegiak, bizikletak ... Egun bakarra edo astebete. Helburua da, gure herria bizikleta baten gainean ezagutzea.
2.- Hainbat ibilbide eskaintzen dituzue (egunero, astero, emakumeentzako ibilbidea...) txirrindularitzea eta gastronomia buztartuz. Zeintzuk izan dabe erantzun onena?
Oso erantzun ona izan eban Fratziako Tourreko inguruan egin genduana. Horrezaz gan, Basque Country Weekek be, oso harrera ona dauka: egun pare bat egiten doguz Bilbon eta gero, Donostiara joaten gara kostatik eta horren ostean, Arabako Errioxara. Han, errepideko bizikletea itxi, modan dagoan graveleko bizikletea hartu eta bertoko ardaotegietaz disfrutetan dogu.
3.- Beharrezkoa da maila altua izatea holako bidaiak egiteko?
Bertoko lurra nahiko konplejua danez, bizikleta elektrikoak ditugu. Minimo bat eskatzen dogu, baina ibilbidetara etorten diranei bizikletea gustetan jake. Ez gagoz denporearen bila, bidaiaz eta lekuez disfrutetea baino; beraz, ez dogu ezelako arazorik bidean zehar geldialdiak egiteko.
Bizikletea gustatu behar jake, baita janaria eta ardaoa be [Barreak].
4.- Profesionalak izandako gidariak dituzue. Zeintzuk dira?
Bere garaian, profesionalak genduzan. Egun, Jabitxu (oraindino be triatloietan jarratzen dauena) ta biok gagoz. Laster, beste aktibo batzuk izango ditugu, oso honak ganera.
Orain ilusino handia egiten deustan ibilbidea sortu dogu, urrian hasiko dana. Ibilbidea, Michelin Izarrakaz buztartuko dogu: berton parte hartuko dabe, Nieves Barragan bilbotarra eta Alvaro Garrido (Mina). Konbidadu berezia Miguel Indurain izango da. Guretzat sekulakoa. Jente asko animetea espero dot. Ganera, aurkezpenean, Igor Anton eta Ruben Gorospe egon ziran. Hemengo txirrindulariak beti dagoz laguntzeko prest.
5.- Zeintzuk dira kontaktuan jarteko bideak?
Web-orri edo sare sozialen bitartez. Segiduan erantzuten dogu, izan be, nire senarra be berton dago [Barreak]. Edozer gauzatarako gagoz. Ibilbide personalizatuak be egiten ditugu, halanda ze, danetara egokitzen gara. Esperientziak eskaintzea da gure asmoa.
6.- Kirolari jagokonez, 23 urtez lehiatu zara elitean, baina deigarria da Hawaiiko Ironmanean parte hartu dozuzan hamar aldiak. Ganera, behin, hirugarren postua lortu zenduan. Zelan motibetan zara holako erronketan?
Nire aitari esker sartu nintzan mundu horretan. Berak sartu eban gurean kirol hori. Halanda ze, nire amesa, Hawaiko Ironmana egitea zan. Kirol horretako proba garrantzitsuena da, txirrindularitzan Frantziako Tourra dan legez.
Beraz, heldutasun fisiko eta mentala eskuratuta, buru-belarri prestau nintzan horretarako. Helburua oso argi izan behar da holako kontutan, izan be, triatloian ilusinoari eustea da gatxena, urtean oso gitxitan lehiatzen zaralako: nire kasuan, gitxi gorabehera hamar lehiaketa urtean eta horretarako 300 egunetan entrenetan neban. Motibazino horri eusten jakin behar da.
Benetan maite dodan kirola da, beraz, dana emon neban. Gogorra da, baina beti ikasten da zeozer. Gustoko dozun horretan ibili ahal izatea be pribilegio handia da. Ilusino horreekaz altzau naz beti.
7.- Ez dakianarentzat, zein diziplina eta zenbat kilometro dira?
3,8 kilometro uger egiten; bizikletan, 180 kilometro; eta, 42,2 km korrika, hurranez hurran.
8.- 2003an munduko txapeldun izan zinan distantzia luzean. Zenbat eta proba gogorragoak orduan eta hobeto?
Gauza bat erraza danean, ez da erronkea. Kosta egiten dan zeozer izan behar da. Nerbio hutsa nazenez, zenbat eta luzeagoa izan erronkea, orduan eta denpora gehiago daukat nire buruagaz egoteko, zentrauta eta bueltak emon barik. Hausnartze modua da. Zenbat eta luzeago eta gatxagoa izan, orduan eta gehiago disfrutetan dot.
9.- Zer gertatu zan Joko Olinpikoetan ez parte-hartzeko?
Egia esan, danoi gustauko jakun Joko Olinpikoetan parte-hartzea. Kirolari guztien amesa da. Nire kirol ibilbideko momentu txarrena Sidneyko Joku Olinpikoei uko egitea izan zan. Gogorra izan zan, baina momentu personal oso gatxa pasetan nengoan.
Hurrengoan, Atenasen hain zuzen be, saiatu arren, proba erabagigarrian jausi egin nintzan. Halanda ze, alde batera itxi eta Ironmana prestetan jarri nintzan; hiru astera, Lanzaroteko Ironman probea irabazi eta Hawairako sailkatuz. Bertan, hirugarren postua lortu neban, kirolari bezela izan dodan momentu onena.
Orduan, egia esan, ez daukat arantza bat sartuta, Ironmana zan-eta benetan gustetan jatena.
10.- Zure bizitza pribatuan oso une gogorra pasau zenduan, izan be, zure semea gorte-displasiagaz jaio zan. Prozesua luzea eta gogorra izan da, zer moduz dago Luka orain?
Mutiko zoriontsua da. Horregaitik be banabil burrukan, garrantzitsua begitantzen jat haren gaixotasuna zabaltzea, beste familia asko egiten daben bezela. Halanda ze, agintariak presionetako, ikerkuntzarako dirulaguntza gehiago emon deien. Guk, suberte txarra izan arren, ona be izan genduan, diagnostiko goiztiarra izan gendualako.
Kontuak kontu, egunero aurrera egiten jarraitzen dau. Gogorra da, lan handia baina merezidu dau. Nire amesetako bat ama izatea zan eta holako gauzak inork ez deutsuz kontetan. Ez da erraza, baina Luka ume maitagarria, dibertigarria, enpatikoa eta batez be, oso zoriontsua da.
11.- Gaur egun Bilbao Bizi Cycle Tourseko gidaria zara. Baina oraindino kirola praktiketan dozu uger egitea asko gustetan jatzu, korrika be bazabiz...?
Bai. Ganera, txikitan era guztietako kirolak probau nituan. Nire bizitzearen zati garrantzitsu bat mobimendua da. Holan ulertzen dot bizitea eta asko gustetan jat. Nire semeari esaterako, asko gustetan jako korrika egitea [Barreak].
12.- Irakasle ona dauka etxean...
[Barreak] Bera zoriontsua dan bitartean, aurrera.
13.- Mezu berezirik?
Jentea animau eta gure ekimena aztertu deiela. Ganera, oraintsu La carrera de su vida (Itxaso Elorduy) liburua argitaratu barri dogu eta salmentetatik batutako zati bat nire semearen mutazinoa aztertzen dabilen alkarte bati dago zuzenduta. Beraz, liburua erostera be animetan dodaz!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!