'Baliabide digitalak, araua zabaltzeko eta onarpen sozialaren mesedetan'

Bizkaie! 2019-09-16 08:30   Euskerea berbagai

Arauak emotea gauza bat da eta hizkuntza estandarizetea beste bat, onarpen soziala da estandarizazinoaren funtsezko osogai.

Ganerako mendeurreneko jardunaldi akademiko guztietan legez, ingurune digitalari eskainitakoak be leihoa zabaldu deutse auzoko hizkuntzei, eta jardunaldiaren lehen egunean, frantses, okzitaniar, frisiar, galego eta gaztelaniaren akademietako kideei berbea emon ostean, katalanari heldu jakon txandea bigarren egunean. Joaquim Rafel Bartzelonako unibersidadeko katedradunaren berbaldian, hain zuzen, hiztegi gehienak esanahia dekodetako edo ulermenera zuzenduta dagozalako, eta ez produkzinora; bere ustez, ez dabelakoo sortzeko edo kodetzeko funtzinorik. Identidade krisi horrek ez eze, Internetek be hiztegi erabiltzaileen galerea eragin dauela azaldu dau.

Euskaltzaindiak teknologia barrien aldeko apustu sendoa egin izana berretsi dabe jarraian Miriam Urkiak (UZEIko lexikografiako zuzendari eta Euskaltzaindiko IKT batzordeko ordezkaria) eta Aitor Maritxalarrek (analista, programatzaile eta aholkulari teknologikoa). Urkiak ezinbestekotzat jo dau ingurune digitala euskerearen araugintzan, baina ezinbestekoagoa zabalkundean, Euskaltzaindiaren lana hizkuntzea aztertzea, arautzea eta zabaltzeaz gan, hori guztia modu estandarrean, berrerabilgarrian eta irisgarrian egitea be badalako.

Mikel Zalbide euskaltzainak araugintzea ebaluau beharraren gaia jorratu dau. Ehun urteko saiora heldu gara edo heltzeko puntuan gara gogoratu dau. Horren aurrean, zenbaitek, estandarizazinoaren alorrean eginkizun handirik ez dogu esateko tentaldia izan leikela aitatu dau, egin beharrekoak eginik, Euskaltzaindia sobran dago. Alabaina, arauak emotea gauza bat da eta hizkuntza estandarizetea beste bat, eta onarpen soziala jo dau estandarizazinoaren funtsezko osogai: Ikuspegi intralinguistikoa ez da nahikoa; araugintzea antzua da.

Zalbideren ustez, hazur-mamitze edo inplementazino-lanagaz buztartu behar da corpus-plangintzea, eta, era berean, hazur-mamitze hori etenbarik ebaluau, hau da, arauak gustukoak diran, erabilten ete diran, nork erabilten ete dituan eta finean jarrera, ezagutza eta erabilerea aztertu, teknologia barrien bidez.

Hain zuzen, IKTko arduradun Andoni Sagarnak azpimarra egin deutso Zalbideren maminari jardunaldiaren amaieran, eta horretarako metafora bat erabili dau: Injinerutzan kontrol sistema ikasi dogunok sistema bi bereizten ditugu: Batetik, begizta edegikoak, eta, bestetik, feedback-a dabenak. Lehenari agindua emoten jako motorrari, baina ez dau beti funtzionetan, eta beraz, feedback-a behar dau, elikatu egin behar dot, ondo ibili daiten. Euskerearen eremura etorrita, esan dau Euskaltzaindiak arauak zabaldu ditu, baina horreen eraginaz ezer gitxi dakigu autortu dau. Sagarnaren ustez, tresnea bada, hiztegiek osotzen daben corpusa da tresna hori. Aldaketak nondik nora joan diran ulertu ezkero, ondorioak errazago atera ahal izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu