'Danon artean euskerearen bizibarritzean aurrera egitea da asmoa'
2025-11-13 09:06 Euskerea berbagaiEtorkizuneko belaunaldiei hizkuntza bizia, erabilia eta, batez be, maitatua ixtea.

Ibone Bengoetxea Lehen Lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikako sailburuordeagaz batera Euskerearen erabilerea sustatzeko Gobernuaren bide-orria aurkeztu dau Eusko Legebiltzarrean. Bengoetxeak adierazo dauenez, euskerearen bizibarritzearen hurrengo pausua emozinoaren, konplizidadearen eta herritarren inplikazinoaren bidetik etorriko da.
Lehendakariordeak ondokoa nabarmendu dau: euskerea Europako hizkuntza zaharrena eta euskal identidadearen oinarria da. Gaur egun, biztanleen % 42,5 euskalduna da eta 1981an, barriz % 21,9; eta 5 eta 29 urte bitarteko gazteen artean euskerearen ezagutzea % 75ekoa da. Halan da be, zehaztu dauenez, gizartea aldatu egin da eta orain erronka nagusia da euskerea hautu personal erakargarri eta desiragarria izatea herritar gehiagorentzat, egungo emozino eta errealidade sozialaka konektauta.
Hiru ardatz estrategiko
- Politika publiko sendo eta zeharkakoak, AROA markoa eta laster onartuko dan Euskerearen Plan Estrategikoa oinarri hartuta. Aurrerapausu nabarmenen artean dagoz euskerea ikasteko oinarrizko mailen dobakotasuna, INGURA ikaskuntza-plataforma digital barria eta euskerea hezkuntzan, industrian eta barrikuntzan txertatzeko politikak.
- Gizarte atonduagaz lankidetzea, euskerearen erabilera errealerako baldintzak sortzeko. Horren adibide dira LANERA proiektua (arlo sozioekonomikoan euskerea sustatzeko), etorkinen harrera linguistikoa eta ikus-entzunezkoen arloan euskerearen presentzia handitzeko nazinoarteko plataformakaz bideratzen dabizen akordioak.
- Herritarren inplikazinoa eta atxikimendu emozionala, Jauzia Gara lako prozesuen bidez, euskerea hautu personal erakargarri bihurtzeko eta gizartearen konplizidadea sendotzeko.
Etorkizunari begira
Bengoetxeak azpimarratu dauenez, euskerearen etorkizuna erakundeen ardurea eta herri oso baten mobimentua dira. Eta gogorarazo dau 2027an egingo dala Euskerearen Mundu Biltzarra, euskerearen indarbarritze-prozesuaren etorkizuneko norabideak marketako gizarte eta unibersidade mailako ekarpenak buztartuko dituan foro nagusia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
