Bide barri bi edegi ditue sektore publikoan euskerazko hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko
2025-11-14 07:53 Euskerea berbagaiAdministrazino elebiduna, modernoa eta hurrekoa nahi dugu.
Eusko Jaurlaritzak bart argitaratu dau Euskal Herriko Agintaritzearen Aldizkarian 2025eko zemendiaren 4ko Agindua, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak sinatua. Agindu horrek bide barri bi arautzen ditu, errazak eta malguak, euskal sektore publikoan euskerazko hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko.
- A. Lanpostuan bertan, lanpostuari jagokozan ahozko eta idatzizko eginkizunetan euskerearen ohiko erabilera egokia erakutsiz.
- B. Hautaketa-prozesuan, baldin eta probak euskera hutsean egiten badira eta gainditzen badira.
Modalidade barri bi horreek lehendik dagozan bideei gehitzen jakoz —IVAPeko azterketak gainditzea, beste titulu ofizial batzuk baliozkotzea (HABE, Hizkuntza Eskola Ofizialak, unibersidadeak...) edo salbuetsita geratzea ikasketak euskeraz egin izateagaitik— era horretan aukerak zabaltzeko eta administrazino publikoan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesua errazteko.
Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu dauenez, Eguneroko lanean hizkuntzearen ezagutza formala eta erabilera erreala eta eraginkorra baloretan ditugu. Administrazino elebiduna, modernoa eta hurrekoa, euskereak bere lekua izan daian.
A - Lanean erabilteagaitik euskerea egiaztatzea
Nork eskatu leike? Lanpostuan euskerea erabilten dabedn sektore publikoko langileek.
Zeintzuk dira baldintzak?
Lanpostuak derrigortasun-datea izan behar dau.
Lanpostuari esleitutako profilera bakarrik aurkeztu daiteke.
Lanpostuan gitxienez urtebete emotea.
Erakundeak euskerearen erabilera-plana izan behar dau.
Nork baliozkotzen dau?
Lehenik eta behin, erakunde enplegatzaileak (udalak, aldundiak, sailak...) ziurtatu eta egiaztatzen dau personeak euskerea behar bezela erabilten dauela eguneroko lanean. Ondoren, IVAPek balorazino hori barrikusi eta egiaztapena ofizialki baliozkotzen dau, eta euskera-tituluen eta -ziurtagirien erregistroan sartzen dau.
B - Hautaketa-prozesuan euskerea egiaztatzea
Nork egin leike? Sektore publikoan lanpostu bat lortzeko hautaketa-prozesu batera (oposizinoa, lehiaketea...) aurkezten diranek edo lanpostu batetik bestera mobidu nahi dabenek, beti bere azterketa prozesu bat egitea derrigorrezkoa bada lekualdaketa horretarako.
Zeintzuk dira baldintzak?
Probak, aurrez IVAPek balioetsitakoak, euskera hutsean egitea.
Hautaketa-prozesua gainditzea.
Deialdiak aukera hori zehaztu behar dau.
Nork baliozkotzen dau? Hautaketa-prozesuko epaimahaiak edo batzordeak egiaztatzen dau personeak euskeraz egin eta gainditu dituala probak. Ondoren, IVAPek ofizialki baliozkotzen dau egiaztapen hori eta euskara-titulu eta -ziurtagirien erregistroan inskribiko dau.
19/2024 Dekretutik eratorritako agindua
Agindu honek Euskal Sektore Publikoan Euskerearen Erabilerea Normalizetako zezeilaren 22ko 19/2024 Dekretua garatzen dau, Eusko Jaurlaritzeak 2024an onartua, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta administrazino publikoan euskerearen erabileran sakontzeko.
Dekretuak 1997ko esparrua eguneratzea ekarri eban eta erakunde bakotxaren errealidade soziolinguistikora egokitutako normalizazino progresibo eta malgu baten oinarriak ezarri zituan.
IVAPek kudeatutako prozesua
Administrazino Publikoaren Euskal Institutua (IVAP) arduratuko da bide barrien bidez lortutako akreditazinoak kudeatzeaz eta balioesteaz. Agindua EHAAn argitaratu ondoren, IVAPek ebazpen bat onartu beharko dau, prozesua garatzeko xehetasunak zehazteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
