'Guztioi esker, euskerea gara'

Bizkaie! 2025-11-13 13:56   Euskerea berbagai

Ikusi hemen 24. Korrikaren spota.

24. Korrikaren aurkezpen-ekitaldia gaur goizean egin da, hilak 13, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean. AEKko kideekaz batera, Korrikaren bidelagunak eta Gasteizko euskalgintzako kideak be batu dira.

Euskerearen aldeko mobilizazinorik handiena Atharratzen hasiko da, martiaren 19an; gero, hamar gauren eta hamaika egunen buruan, Bilbon amaituko da. Bertan, lekukoaren barruko mezu sekretua irakurteaz gan, egun osoko jai-egitarauaz disfrutetako momentua izango da.

Ane Pedruzok eta Jon Basagurenek aurkeztu dabe ekitaldia. Horreezaz gan, AEK-ko Nazino Kontsejuko kide Maialen Begiristain Grado eta Lurdes Etxezarreta Artabe agertu dira oholtzan. Begiristainek, ondokoa adierazo dau: bardin da zer jatorri, zein azal-kolore, euskerearen inguruko zelako ezagutzea izan... Garrantzitsuena da jakitea guztiontzako lekua dagoala. Euskerearen barruan topauko dogu gizarte-zapalkuntza guztietatik babestuko gaituan komunidade bardinzale eta zabala, izan be, gure herrian, euskerearen herrian, mundu osoa sartzen da.

Etxezarretak, bestalde, ondokoa adierazo dau: Euskal Herri euskalduna, feministea, antiarrazistea eta goxoa izango da gurea. Euskal Herria lortzeko, ezin dogu ezer gerorako itxi; orain da momentua. Larrialdi linguistiko bete-betean gagoz, beraz, ziklo barria jarri behar dogu martxan, inguruari eta gaur egungo aldaketei egokituz.

Euskerea gara

Ondoren, Korrikako arduradun Ane Elordi Alburquerquek egingo dau berba: euskereak danok batzen gaitu, euskerea ez da-eta mugea, arnasa baino. Euskal herritar guztion hizkuntza izan daiten gura dogun neurrian, kohesino sozialerako tresnea be izango da. Euskal Herriak arnasa behar dau.

Errigorari autortzea

24. Korrikak Errigora autortu gura dau, euskerarako eta euskeraz lanean dabizenen herritarren ahaleginagaitik, baita babesa emon aurrera jarraitu deien be. Elordik adierazo dauanez: Nafarroan, euskerea ofiziala ez dan eremuetan, euskalduntzean egiten dauen esfortzua autorzeko modukoa da, baita etorkizunean hauspoa emoteko be

Era berean, Elordi esker onez agertu da Korrika Laguntzaile eta Korrika egiten laguntzen daben guztien aurrean, baita Gasteizko euskalgintzearen mundutik etorritako kide eta euskaltzaleen aurrean be: guztioi esker, euskerea gara.

Aurkezpenaren amaieran, arduradun nagusiak lekukoa altzau eta AEK-ko Nazino Kontsejuko kideakaz batera (Maialen Begiristain, Lurdes Etxezarreta, Bixente Claverie, Xabi Gartzia eta Aize Otaño), Korrikaren deiadarra aditzeko animau dau jentartea.

Eroan Korrika

Korrika aplikazino barritua be gaurtik aurrera egongo da eskuragarri, Android eta IOS sistemetan.

Korrika dendak

Uriburuetako Korrika dendak eta online-denda gaurtik aurrera egongo dira edegita. Bertan izango dira salgai erropea, bizkarrekoa eta bestelako osogarriak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu