Industria, merkataritza eta ostalaritzako egoerearen diagnosia aurkeztu dabe

Bizkaie! 2025-11-14 07:50   Euskerea berbagai

Lanera proiektuaren barruan.

Eusko Jaurlaritzeak Lanera proiektuaren lehen topaketea egin dau BECen. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzautako ekimena da, euskerearen erabilerea eremu sozioekonomikoan sustatzeko helburu dauena. Ekitaldian 125 eragile inguru batu dira, besteak beste, udaletako eta mankomunidadeetako ordezkariak eta garapen-agentziak.

Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ibone Bengoetxeak, jardunaldiari hasierea emon deutso eta ondokoa nabarmendu dau: eremu sozioekonomikoan euskerearen erabilerea areagotzeko aukera handiak dagoz. Euskerea gure herriaren garapen sozioekonomikoaren erdigunean kokatzea da asmoa, beharrak ulertuz eta urtenbideak alkarlanean eregiz.

Azken hilabeteotan, Eusko Jaurlaritzeak gidatutako proiektuak entzute-prozesua egin dau:

  • 21 eskualde eta hiru uriburu bisitau dira.
  • 300 ordezkari baino gehiago batu dira.
  • 600 esperientzia baino gehiago identifikau dira.

Gaur aurkeztutako diagnosiak bost ondorio nagusi nabarmentzen ditu:

  • Euskerearen aldeko lan handia egiten dala, baina modu sakabanatuan.
  • Udalen artean baliabide-desbardintasun handiak dagozela.
  • Industriak, merkataritzeak eta ostalaritzeak beharrizan oso ezbardinak dituela.
  • Sektorean logotipo eta ekimen ugariren saturazinoa sumatzen dala.
  • Euskerea gero eta gehiago ikusten dala balio erantsiko elementu bezela, batez be, arreta, turismo eta zerbitzu eremuetan.

Parte hartu daben 125 eragileak hiru lan-mahaitan jardun dira (industria, merkataritzea eta ostalaritzea) diagnosia kontrastatzeko eta errealidade bakotxera egokitutako hobekuntza-proposamenak lantzeko.

Lehen lehendakariordeak gogorarazo dauenez, 'Lanera' ez da dokumentua edo kanpainea; prozesu partekatua da, euskereak lan-munduan, jarduera ekonomikoan eta eguneroko bizitean toki naturala izan deian

Parte-hartzea

Jardunaldian 125 eragile inguru parte hartu dabe, lurralde osoko udaletatik, mankomunidadeetatik eta garapen-agentzietatik etorriak. Gainera, ondoko honeek ibili dira berbetan: Juan Carlos Medinak, Gesaltza Añanako Alkateak; Alazne Txurrukak, Debako Alkateak; Martin Aramendik, Ataungo Alkatea eta UEMAko presidenteak; Josu Larrañagak, Txorierriko mankomunidadeko teknikariak; eta Xabi Perezek, Goieko Garapen Agentziako industria arduradunak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu