Euskerearen erabilerearen normalizazinoa eta bizibarritzea bultzatzeko jarduerak

Bizkaie! 2025-11-12 08:19   Euskerea berbagai

Bilboko Udalak Aroa 2025-2035 Plan Estrategikoagaz bat eginda.

Bilboko Udalek hizkuntza-politikearen norabidea markauko dau 10 urterako, 5 ardatzen bidez: Gobernantzea, Jarrerak/Motibazinoak, Ezagutza/Gaitasuna, Erabilerea/Interakzinoa eta Barrikuntzea. Beste bi kudeaketa-ardatz ditu: Ikerketa/Sistematizazinoa eta Komunikazinoa/Zabalkundea.

Planak lehentasunezko jardun-eremu honeek proponiuten ditu: familia-transmisinoa; euskerea ikasteko erraztasunak eta aukera barriak; umee eta gazteen gaitasuna eta adierazkortasuna; 16 urtetik beherakoentzako aisia eta kirola; kulturartekotasuna; eremu sozioekonomikoa; biztanleria ahalduntzea eta aktibetea; eta euskerearen bizi-espazio sozio-funtzionalak Bilbon.

2024ko urtarrilean, Eusko Jaurlaritzeak Aroa 2025-2035 Plan Estrategikoa onartu eban euskerea bizibarritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko. Gainerako erakunde publikoen erreferentzia-esparrua da. Holan, Bilboko Udalak, esparru hori ardatz hartuta, Bilboko Aroa 2025-2035 Plan Estrategikoa diseinau dau.

Bilboko Udalak ez dau amore emoten euskerearen erabilerea uriko eremu guztietan normalizetako eta sustatzeko, bilbotarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta euskerearen presentzia indartzeko ahaleginean. Horretarako, herritarrek euskerea modu naturalean erabilteko aukerak indartuko ditu, udalaren eta herritarren arteko komunikazino elebiduna bermatu eta euskerearen prestigio eta balio soziala mesedetuko dau gizarte-kohesinoko eta kultura-aniztasuneko testuinguruan.

Alde batetik, neurriak hartuko ditu euskerearen normalizazino-prozesuan antzemoten diran bakotasunak eta hutsuneak identifikau eta asebeteteko. Bestetik, euskerearen normalizazinoaren ikuspegitik datozen erronka soziodemografiko eta sozioekonomiko barriei erantzungo deutse, bilbotarrek euskereagaz dabene atxikimendua indartuz eta uriko egoera zehatza eta bertako ezaugarri bereizgarriak kontuan hartuz.

2025-2035 aldirako diseinautako plan honek Bilboko Udaleko hizkuntza-politikearen norabidea marketan dau 10 urterako, 5 ardatzen bidez: Gobernantza, Jarrerak/Motibazioak, Ezagutza/Gaitasuna, Erabilera/Interakzioa eta Berrikuntza. Beste bi kudeaketa-ardatz ditu: Ikerketa/Sistematizazioa eta Komunikazioa/Hedapena. Batez ere, lehentasunezko lau ardatz landu dira:

Gobernantzea

Erakunde publikoek lidergo eredugarria izateko erantzukizuna dabe, hizkuntza-ohiturei zein eragiteko gaitasunari jagokenez. Diagnostikoan adierazo bezela, Bilbok euskereari zentraltasuna emongo deutson, uriaren irudian islatuko dan eta herritarrei erreferente argi eta ezaguterrazak emongo deutsee ikuspegia behar dau. Horretarako, ezinbestekoa da portaera eredugarriak erakustea eta euskerearen presentzia bermatzea erakunde publikoen funtzino eta jardueretan.

Zeharkakotasunaren idea nabarmentzen dau: euskerearen sustapena Udaleko sail eta erakunde guztien ardurea izanik oso garrantzitsua da hizkuntza-ikuspegia txertatzea sail guztietako proiektu eta jardueretan. Gobernantzearen eremuan maila eta sektore ezbardinen arteko koordinazinoa be indartu nahi da: administrazinoak, erakundeko sailak eta egiturak, eta gizarte-mobimentak. Indarrak batuta, eta kolaborazinoari esker, emoitza sendoagoak eta eraginkorragoak lortzen dira.

Jarrerak/Motibazinoak

Euskerea ikasteko eta erabilteko motibazinoa bultzatu behar da, norbanakoaren konpromisoa eta herritarren aktibazinoa sustatuz. Era berean, euskal kontzientzian eta identidadean eragin behar da, sensibilizazinoaren bidetik. Horri erantzunez, ardatz estrategiko honek helburu nagusi bi ditu: alde batetik, euskerearen aldeko jarrerak indartzea eta hiztunen ahalduntzea bultzatzea; eta, bestetik, euskerearen eta euskal komunidadearen irudi positiboa eta ikusgarritasuna hobetzea.

Ezagutza/Gaitasuna

Ezagutza hutsa ez da nahikoa: erabilerea areagotu nahi bada, herritarrek euskerea eroso, naturaltasunez eta segurtasunez erabilteko gaitasuna izan behar dabe. Horixe da Bilboren erronka nagusietako bat. Datuek adierazoten dabenez, termino erlatiboetan, uriko biztanleriaren % 30,6 euskalduna da baina hiru euskaldunetik bik errazago berba egiten dabe gaztelaniaz. Ardatz honen helburua hau da, beraz, ezagutzea handitzeaz gan: hizkuntza-gaitasuna eta erraztasuna indartzea, familia-transmisinoa sustatzea, ume eta gazteakaz ahozkotasuna eta adierazkortasuna lantzea eta ikasteko aukerak indartzea. Era berean, arreta berezia jarriko da atzerritik datozen personei euskerea ikasteko baliabideak eskaintzean.

Erabilera/Interakzinoa

Garrantzitsua da adierazkortasuna lantzea eta hizkuntzea kalean eta hartu-emon informaletan erabilteko aukerak zabaltzea. Bilbok bizigune sozio-funtzionalak behar ditu euskerea modu natural eta erosoan erabilteko.

Bilbon, atal honen barruan, lehentasunezko arlo bi identifikau dira: alde batetik, arlo sozioekonomikoa,  euskerearen presentzia indartzeko ekintzak proponiduta, bai eremu publikoan, bai pribatuan; eta, bestetik, atondutako aisialdia eta kirola, umeen eta 16 urtetik beherako gazteen hizkuntza-ohituretan eraginez, euskerearen eskaintzea eta erabilera bermatuz.

Horrezaz gan, euskerazko hedabideak babestu eta egonkortu nahi dira eta, bestetik, euskal produktu kulturalak sortu eta ezagutarazo, euskerazko sorkuntzea eta sortzaileak sustatu eta ingurune digitalean espazioak irabazi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu